Galizia zati bat Euskal Herrian

Orbanak Euskal Herrira iristen hasi ahala, hainbat boluntario aurkeztu ziren garbiketa lanetarako; administrazioarekin hitzartu behar izan zituzten jarduteko bideak.

jone arruabarrena
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hondartzak, orban beltzekin zikinduta. Horixe izan zen Prestige itsasontziak Euskal Herrian utzi zuen arrastoaren irudi nagusietako bat, baita orban horiek garbitzen jardun zuten boluntarioena ere. Baina zer gertatu zen egun horietan, egunkarietako argazkietatik kanpo?

Galipota biltzen ibili ziren boluntarioetako bat izan zen Alberto Frias, Eguzki talde ekologistako kidea. BERRIAri azaldu dionez, komunikabideek Galiziako egoeran jarri zuten arreta, eta, hasieran behintzat, ez zuten informaziorik eman itsasontziaren hondoratzeak Euskal Herrian izan zituen ondorioez: «Kontxako hondartzara heldu zen arte, hemengo hedabide gehienek ez zuten ezer esan. Eta hara iritsi zenerako, Bizkaiko kosta guztia eta Gipuzkoakoren zati bat ere kutsatuta zeuden. Galizia ez ezik, Kantauriko kostalde guztia ere zikinduta zegoela ezkutatzeko saiakera bat izan zen; Galizia hemen geneukala, alegia».

Muskizen (Bizkaia) agertu ziren lehen orbanak, eta, Friasen arabera, orduan ikusi zuten agintariek denbora «galdu» zutela ordura arte: «Ezkutatzen saiatu ziren arren, Donostiara heldu aurretik gu konturatuak ginen Ondarroako kala txikiak kutsatuta zeudela, esaterako. Horiek garbitzera joaten ginen jada». Hala ere, kostaldea garbitzea erabaki zuten boluntarioek oztopo ugari aurkitu zituzten. Hor kontraesana ikusi zuela esan du Friasek. Izan ere, azaldu duenez, Espainiako Gobernuak boluntarioei dei egin zien Galiziako hondartzak garbitzera joateko, baina, Euskal Herrian, galarazi egin zuen jardunbide hori: «Toxikoa zela esaten zuten, eta debekatu egin zuten. Baina Galiziara garbitzera joateko deia egiten zuten, aldi berean». Udaltzaingoa kostaldea zaintzen jarri zutela esan du Friasek, eta garbitzera joan zirenei lana zaildu zietela horrela: «Isun bat jasotzeko arriskua genuen, udaltzainekin oso egoera bortitzak bizitzekoa. Horrez gain, itsaslabarretara jaitsi behar genuen, polizia lerroa igarota».

Garai hartan, Sabin Intxaurraga zen Ingurumen sailburua Eusko Jaurlaritzan, eta, haren bidez, boluntario lanak egin nahi zituzten taldeek akordio bat erdietsi zuten. Negoziazio horietan izan zen Frias ere, herritar horien ordezkari gisa. Hala ere, azaldu du ez zela lan erraza izan: «Kostaldearen eskumena Espainiako Gobernuak zeukan, eta ez zuen nahi gu hara hurbiltzerik. Enpresa pribatu bat kontratatu zuten kosta guztia garbitzeko, baina konturatu ziren ezinezkoa zela; orduan hasi ziren arrantzaleak bidaltzen petrolioa kentzera». Gehitu du Espainiak ez zuela nahi herritar horiek «hondamendiaren neurriaz» jabetzea, eta azkenean leku batzuk garbitzen utzi zieten arren, toki «oso jakinak» izan zirela: «Uste dut egiten ari ginen presioa gainetik kentzeko modu bat izan zela».

Luzerako kalteak

Kaltetutako eremuen berreskuratzea«astiro» joan dela adierazi du Friasek; nabarmendu duenez, kostatik kendu arren, itsas hondoan arrastoak geratuko dira oraindik. Prestige-ren hondoratzeak eta ondoren hartutako neurriek ekosisteman eragindako ondorioak irudikatzeko, Gaztelugatxeko (Bermeo) adibidea jarri du: «Gaztelugatxe babestutako eremua denez, sare batekin inguratu zuten, petrolioa sar ez zedin. Baina arrainak sare horretan harrapatuta geratu ziren, eta txoriak itsasora jaitsi ziren, arrainen bila». Antzeko hesi gehiago ere jarri ziren. Sare horietan fuel olioa zegoenez itsatsita, animalia asko harrapatuta hil ziren: «Masakre handia izan zen hor».

Bihar: Nunca Mais plataformaren sorrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.