Galindo jeneral ohia ZIUan dago, koronabirusak jota

Hedabide batek aditzera eman duenez, hainbat egun dira larri dagoela.

Rodriguez Galindo, 2018an, EITBren 360 Grados saiotik hartutako irudi batean. EITB
arantxa iraola
2021eko otsailaren 2a
12:02
Entzun

Vozpopuli hedabideak aditzera eman duenez, Enrique Rodriguez Galindo jeneral ohia larri dago erietxe batean, koronabirusak jota. Efe albiste agentziak jakinarazi du berria baieztatu egin duela gaixoaren ingurukoekin hitz eginda, eta berretsi du ZIU zainketa intentsiboen unitate batean dagoela, intubatuta. COVID-19aren kasu larrienek arta mota hori behar izaten dute; askotan, gainera, hainbat astez. Emaztea ere eri duela esan dute.

Galindo jeneral ohiak 81 urte ditu. Intxaurrondon Guardia Zibilak duen kuarteleko arduraduna izan zen 1980ko hamarraldian, eta ETAren aurkako operazio ugari zuzendu zituen, legearen mugak urratuta sarri. Euskal Herrian jardun zuen bitartean, goraipamen ugari jaso zituen Espainian, baina hark egindako krimenen parte bat argitzeko era egon zen Lasa eta Zabala auziaren gaineko ikerketa abiatu zenean, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren arrastoa galdu baitzen Galindok Intxaurrondoko kuartela zuzendu zuen urte haietan.

2000. urtean, 71 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Auzitegi Nazionalean, bahiketa eta hilketa leporatuta. 2004ko irailean, ordea, osasun arazoak argudiatuta, kondena espetxetik kanpo betetzeko era eman zioten. Berriz espetxera joan beharrean izan zen, baina 2005ean hirugarren gradua eman zioten, eta espetxera ez itzultzeko era.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.