«Irudi du [Espainiako] gobernuak erabakita daukala ETAren aurkako borrokan estrategia ez-ortodoxo bat erabiltzea. [Ezkutatutako esaldi motz bat, eta segidan: Felipe] Gonzalez ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin, terroristak legez kanpo borrokatzeko. [Ezkutatutako beste esaldi motz bat, eta segidan:] mertzenarioek ez lukete derrigorrez espainiarrak izan behar, eta haien misioa litzateke ETAren liderrak hiltzea Espainian eta Frantzian».
Horiek dira CIAko agente batek 1984ko urtarrilean dokumentu batean idatzita utzi zituen esaldiak, lau hamarkada geroago estatu terrorismoaren auzia berriro azaleratu dutenak. Esaldi lausoak dira, eta ñabardurak egin behar zaizkie. Izan ere, hori aipatu eta jarraian, agente berak adierazten du badagoela gobernua aztertzen ari omen den mertzenario talde horren antzeko bat «Frantziako hegoaldean» jardunean: GAL. Ezin da ziurtatu, beraz, CIAko txostena zertaz ari den Gonzalezek onartutako mertzenario talde hori aipatzen duenean: armadaren menpe legokeen talde berri bati buruz, edo GALi buruz, edo bi informazioak nahasita dauden.
Ondoren, agente berak zehazten du beste zerbait GALen eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanei buruz: «Madrilek erdizka ukatu du GALi buruzko ezagutzarik edo loturarik, baina euskal politikariek protesta ozena egin dute, oso argi baitute gobernu zentralaren konplizitatea. GALen atzean autoritateak daudela espekulazio arrunta da Espainiako prentsan, eta Gonzalezen gobernuak adierazi du prest dagoela urrunago joateko, ETA errotik erauzteko».
Terrorismoaren azterketa izena du txostenak. CIAk maiztasun handiz egiten zituen era horretako txostenak, mundu osoan gatazkan zeuden herrialdeetako gorabeherak aztertzeko. Euskal Herriko egoerari buruzko aipamenak askotan jaso zituen CIAk dokumentu horietan. GALi buruzko aipamen hori, zehazki, 1984ko urtarrileko txosten honetan agertzen da, 16. eta 20. orrialdeen artean.
Bada beste agiri bat, 1984ko azarokoa, non CIA esplizituagoa den, eta GALen eta Espainiako segurtasun indarren arteko lotura bat badela aipatzen duen, nahiz eta Felipe Gonzalez zuzenean ez aipatu: «GAL izenaz ezagutzen den anti-ETA talde parapolizialak —AEBen Madrilgo eta Parisko enbaxaden arabera, loturak ditu Espainiako segurtasun zerbitzuekin— beldurra eta nahasmena erein ditu terroristen artean, eta haien eraginkortasun operazionala murrizten lagundu du».
Hamarkadak CIAren begiradapean
Azkeneko urteotan, sekretupean egon diren dokumentu ugari ari da desklasifikatzen eta argitaratzen CIA. Gehienetan ez dira dokumentuak oso-osorik argitaratzen. Garbitu egiten dituzte, eta konpromisozkoak izan litezkeen datu batzuk ezkutatu egiten dituzte. Sanitized esaten diete dokumentu horiei, eta, desklasifikatu ahala, webgune batean jartzen dituzte, bilaketak egiteko modua emanez.
Eskandalua eragin du dokumentu hori eta Gonzalezen aipua argitara ateratzeak. Espainiako La Razón egunkariak eman du pasarte horren berri, eta, gero, beste hainbat egunkaritara zabaldu da. GALen atzean zegoen X jauna —talde parapoliziala antolatzeko agindua eman zuena eta hura kontrolatzen zuena— Felipe Gonzalez Espainiako garai hartako presidentea zela maiz aipatu izan da prentsan eta salaketa politikoetan, zuzenean edo zeharka. 1995ean, Ricardo Garcia Danborenea PSEko buruzagiak Felipe Gonzalez salatu ere egin zuen epailearen aurrean, baina Gonzalez bera ez dute inoiz inputatu.
Duela lau urte, 2016ko irailaren 28an, Ser irrati kateak elkarrizketa bat egin zion Gonzalezi, PSOE barruko ildo politiko ezberdinen arteko tentsioen harira. Han esan zuen PSOEk inoiz ez zituela ordura artekoak baino emaitza txarragoak lortu, eta esaldi bitxia erantsi zion gogoeta horri: «Egin genituen gauzak eginda ere... pa-pa-pa». Lapsus horren atzean, GALen antolaketari buruz ari zela ulertu zuten politikari eta kazetari askok. Orain agerian jarritako CIAren dokumentuek beste pista bat ematen dute X jauna nor zen ebazteko, baina ez da, inondik ere, behin betiko froga.
Ulertu behar da CIAk egiten zituen txosten horiek nola osatzen ziren. Gehienetan, prentsan agertu ziren eta edonoren eskura zeuden informazioekin egindako analisi politikoak dira dokumentu horiek. Informazio konfidentzial eta sekretu oso gutxi agertzen dira agiri horietan —behintzat, CIAk orain arte desklasifikatu dituenetan—. Tarteka, dokumentu horiek aipatzen dituzte enbaxadaren iturriak, eta litekeena da kasu horietan informazio konfidentzialagoa izatea, baina, printzipioz, orain argitara ateratako informazio berri honetan ez dago estalitako informaziorik, eta ez da argitzen informazio horren iturria zein den ere.
CIAren agirietan, Euskal Herriko egoerari buruzko analisi ugari agertzen dira, 1940tik aurrerakoak, hasita Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzak estatubatuarrentzat osatu nahi izan zuen inteligentzia sareari buruzko informazioekin. ETAri eta euskal politikagintzari buruzko analisi ugari daude tartean, baita XXI. mendekoak ere —batez ere 1980ko hamarkada artekoak dira orain arte desklasifikatu eta argitara atera dituzten agiriak; askoz ere bakanagoak dira hortik aurrerakoak, baina badira agiri solte batzuk—. Asko, astero edo hamabostero egindako Terrorismoaren azterketa izeneko agiri horietan agertzen dira. Orain zabaltzen hasi diren agiri hauek 2016rako gutxienez publiko eginak zituzten.
Gonzalezen politika «antiterrorista» aztergai
Tartean badira azterketa monografikoak ere. Eta GALi buruzko aipamen gehiago ere agertzen dira CIAren paperetan. 1984ko azaroko agiri batean, segurtasun agentziak analisi sakona egin zuen Espainiak «ETAren terrorismoari» emandako erantzunari buruz. 24 orrialdeko dokumentu bat da, Espainia: euskal terrorismoa eta gobernuaren erantzuna izena duena. PSOE Espainiako Gobernura iritsi berria zen (1982), eta bi urte horietan ETAren aurka zer ildo eraman zuen aztertzea zen CIAren helburua, gobernu berriaren jokabidea zein zen ebaluatzeko.
Dokumentuak azaltzen du CIAk uste zuela Gonzalezen gobernua biguna izango zela ETArekin, baina bi urte horietan aurrerapen handiak egin zituela Espainiak, bi ildori jarraituz: euskaldunei «kontzesio» politikoak egitea, eta legeak eta Polizia indartzea. Horri eransten dio hirugarren faktore erabakigarria: GALek Ipar Euskal Herrian egindako hilketak, eta horrek Frantziako Gobernuaren politikan eragin zuen aldaketa.
CIAren agiriak inolako zalantzarik gabe aipatzen du Gernikako autonomia estatutua «terrorismoa» apaltzeko funtsezko tresna izan zela, adibidez: «Autonomia mugatu bat emateak separatismoaren sentimendua desaktibatu du», aipatzen du hitzez hitz. Euskaldunei autonomia eman zieten neurrian, ETAren izateko arrazoiaren zentzua eta haren sinesgarritasuna galduz zihoazela ondorioztatu zuen. Agiriaren egileak EAJren papera ere aztertzen du, beste kontu askoren artean, eta, zehazki, erabakitzen du Espainiako Gobernuak gaizki egin duela alderdi abertzalea bitartekari gisa gutxietsita: «Gobernu zentralak EAJrekin izango dituen harremanak ere faktore garrantzitsua dira».
Dokumentuak errepaso zabala egiten dio Euskal Herriko egoera politikoari. ETAren historia, jarduna, aldaketak, estrategiak... aztertzen ditu, eta Txomin Iturberen eta Eugenio Etxebesteren biografia labur batzuk ere biltzen ditu, besteak beste. Ondorioztatzen du ETAk babesa galdu duela herritarren artean, lidergo sendorik ez duela, finantzabideak eskas dituela, eta kideak moralez baxu dauzkala. Urte gutxiren buruan ETA bukatutzat jotzen du dokumentuak: «Uste dugu taldea dagoeneko ez dela borrokan ari euskal estatu independente bat lortzeko. Hori baino gehiago, ikusten duguna da talde iraultzaile gisa iraun nahian ari dela borrokan».
Beste dokumentu batzuetan zehatzagoa eta zorrotzagoa izan ohi da CIA, baina agiri honetan ez du bereizketa garbirik egiten ETA militarraren eta ETA politiko-militarraren artean. Nahasita tratatzen ditu askotan, baina iduri du batez ere ETA militarrari buruz ari dela azterketaren pasarte gehienetan. HBri buruz ere jarduten da, baina apenas aipatzen du EE, adibidez.
Agiriak aztertzen ditu, baita gobernuak «antiterrorismoan» egindako inbertsioak eta urratsak ere: GEO eta UEI elite taldeen sorrera, lege antiterrorista eta zigor kodea gogortzea, ZEN Zona Especial Norte planaren sorrera, presoen artean «damua» sustatzeko politika... Amnistiak eta salbuespen egoerak tresna gisa erabiltzeko aukera baztertua zegoela ere aipatzen du.
GAL, «gertakaririk garrantzitsuena»
Hala ere, CIArentzat txostena idatzi zuenaren ustez, GAL —eta GALek Frantziako Gobernuaren politikan izan zuen eragina— zen, garai hartan, «euskal terrorismoari dagokionez, sozialisten gobernua boterera ailegatu zenetik izan den gertakaririk garrantzitsuena». 1984ko azaroko dokumentu horrek aipatzen zuen GALek jatorri ezezaguna zuela, nahiz eta OASeko eta Frantziako Atzerriko Legioko kide batzuekin loturak izan.
Iritzi emaile batzuen arabera, iturria zehaztu gabe, aipatzen du «susmo oso sendoak» zituztela Espainiako Gobernua zegoela GALen atzean, eta segidan erantsi zuen: «Madrilen ustezko inplikazioa baieztatuko balitz, Espainiako Gobernuaren eta Alderdi Sozialistaren kredentzial demokratikoak oso serioski zikinduko lirateke». Ez zuen gehiago zehaztu. Dokumentu horretako 17-18 orrialdeetan aztertzen du GAL faktorea.
Agirian pixka bat aurrerago, esplizituagoa da CIA: «Agerian gelditzen bada Madrilek GALen ekintza parapolizialak sustatu dituela, ETAren aldekotzak nabarmen gora egin dezake euskaldunen artean».
1984ko azaroko agiriaren detailea. Prentsan agertutako argazkiak, komikiak eta halakoak ere eransten zituen CIAk bere agirietan.
Zergatik izan zen horren eraginkorra GAL, CIAren arabera? Ipar Euskal Herrian hilketak egin zituenez, Frantziako Gobernua behartuta sentitu zelako ordura arteko politika aldatzera. Hego Euskal Herritik ihes egindako etakideak estraditatzeari ekin zion garai hartan Parisek. Eta hori izan zen Gonzalezen gobernuaren garaipen handietako bat, inteligentzia agentzia estatubatuarraren ustez. Eta estradizio horiekin, hain justu, dokumentuaren egileari iruditzen zitzaion GALen atzean zeuden indarrak aseko zirela; talde parapolizialaren «ekintza ilegalen» helburua betetzat jotzen zuen, beraz.
Momentuan momentuko egoeraren analisiak baizik ez dira orain zabaldutako CIAren agiri hauek, beraz. Baina erakusten dute CIAk gertutik erreparatzen ziola Espainiako eta Euskal Herriko egoera politikoari.
EH Bilduk agerraldiak eskatu ditu
EH Bilduk Felipe Gonzalezen eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldiak eskatu ditu Kongresuan, azalpenak eman ditzaten. Eta Kongresuari eta Senatuari galdegin die ikerketa batzordeak sor ditzaten, gobernuak GALekin eta gerra zikinarekin izandako harremanak aztertzeko. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Espainiako trantsizio eredua kritikatu du, eta erantzukizuna eskatu du: «Eskatzen dut zintzotasuna eta erantzukizuna. Eta jende guztiak esan dezala egin duena eta egin ez duena».
«Mundu guztiak zekien», adierazi du Otegik: «Baina honek aukera ematen digu laburpen esanguratsu bat egiteko trantsizioa deitu izan zaion horri buruz. Orain badakigu bagenekiena: Europako gobernu bateko presidente batek trama kriminal bat antolatu eta finantzatu zuen, errefuxiatu politikoak hiltzeko, disidenteak hiltzeko. Hori da trantsizioaren laburpena. Eta batzuek beste aldera begiratzen zuten. Fikzio batean bizi ginen. Zein da fikzioa? Demokrazian bizi ginela. Ez da egia».
Egiari Zor taldeak ere erantzukizuna eskatu du, eta Sekretu Ofizialen Legearen pean ezkutatuta dagoen dokumentazio guztia agertzeko ere eskatu du. Salatu du lau hamarkada horietan «estatu terrorismoa» ikertzeko borondaterik ez dela izan, diru publikoarekin krimenak ordaindu direla, eta GAL sortzea erabaki zuten agintariek hil arteko pentsioak eta erabateko inpunitatea izan dituztela.
GALek 29 hildako, larri zauritutakoak, bahitutakoak, ondasun kaltetuak... eragin zituela gogorarazi du Egiari Zor-ek. Eta, GALen aurretik, beste talde parapolizial batzuek 79 pertsona hil zituztela ere nabarmendu du. Horientzat guztientzat aitortza eta «egia osoa» jakiteko eskubidea aldarrikatu du.