Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Zaintza eredu publiko eta komunitarioa, energia komunitateak edota elikadura burujabetzako programak. Anitz ari dira azkenaldian bertze politika eredu baten alde; goitik beherako eredua alde batera utzi, eta herrigintzatik ekin nahian. Ordea, gizartearen hein handi batek ez dakien arren, mendeak dira Euskal Herriko txokorik txikienetan eredu hori erabiltzen dutela, teoriarik gabe, eta komunitatean arretagunea jarrita. Orain barnetik nahiz kanpotik dituzten erresistentziei aurre egin nahian dabiltza.
Kontzejuak dira eredu hori darabilten administrazio formarik zaharrenak, eta, bertzeak bertze, Araban bizirik dirau antolaketa horrek. Horien esku gelditzen da lurralde horretako baliabide naturalak erabili eta aprobetxatzea, bideen aferak, urarenak, herri lurrenak edo elektrizitatearenak kudeatzea. Horien gaineko erabakiak batzarretan hartzen dituzte, herritar guztiek ordezkaritza duten lekuan. Rebeka Gonzalez de Alaiza Erroetako kontzejuan (Araba) bizi da: uste du gobernantza eredu hori «arrisku larrian» dagoela, eta egun esku artean duten erronka forma horrek «bizirik irautea» dela. Azaldu du Erroetan etxe bakoitzetik lagun batek parte hartzen duela batzarrean, eta, guztira, bederatzi herritar elkartu ohi direla.
334 kontzeju daude Araban —horietako bi desagerpen prozesuan daude, Ginea eta Arriaga— eta horietako bakoitzak egiteko eta ekiteko modu bat du. Mentxu Ramilo politologoa da, eta anitz ikertu du kontzejuen inguruan. Duela zazpi urte, erraterako, Emakumeen parte hartzea Arabako kontzejuetan izeneko ikerketa lana egin zuen, Emakunderekin elkarlanean. Haren erranetan, «demokrazia zuzeneko gobernu sistema» bat dira kontzejuak, eta horien oinarrian dago batzarra.
Berez, bilkura horretan erabakitzen dena bete beharrekoa da, baina Ramilok eta Gonzalez de Alaizak diote gero eta higatuago dagoela erabakimen hori. Erraterako, orain urte batzuk proiektu eoliko bat egin nahi zuen enpresa batek Erroeta inguruko mendietan, baina kontzejuaren baimena behar zuten horretarako. KBE Kontserbazio Bereziko Eremua zela jakinik, eta baliabide natural horrek herriarendako zituen onurak kontuan izanik, batzarrak ezezkoa eman zion proiektuari eta egituraren buruek —alkatea, bokala eta idazkari lanak egiten dituena edo fede emailea— erabaki hori Arraia-Maeztu udalerriari igorri zioten. Udal horrek, berriz, ezezko hori alegazio batzuetan sartu behar zuen, baina ez zuen sartu; ondorioz, kontzejuaren erabakia «erregistratu gabe» dagoela azaldu du Gonzalez de Alaizak. Halere, herrigintzan egindako indarragatik proiektua geldiaraztea lortu zuten, eta geldirik dirau, oraingoz bederen.
«Gure gobernantzetan ikaragarri esku hartzen ari dira, eta hori oso kezkagarria da. Niretzat, bilakaera autoritario bat gertatzen ari da: kontzejuak folkloreagatik mantentzen dizkigute, baina hartzen ditugun erabakiak ez dira lotesleak»
REBEKA GONZALEZ DE ALAIZAErroetako kontzejuko herritarra
«Gure gobernantzetan ikaragarri esku hartzen ari dira, eta hori oso kezkagarria da. Niretzat, bilakaera autoritario bat gertatzen ari da: kontzejuak folkloreagatik mantentzen dizkigute, baina hartzen ditugun erabakiak ez dira lotesleak», zehaztu du Gonzalez de Alaizak. Zenbait kontzejutan urarekin gertatzen ari dena horren erakusle dela erran du: orain arte herrikoek erabaki izan dute nola kudeatu ura, edo sistemarekin arazorik izan dutenean eurak arduratu dira horiek konpontzeaz.
Orain, baina, herri horietako batzuetan ur partzuergo bat arduratuko da kudeaketa horretaz, eta herritarrek hari ordaindu beharko diote trukean. Erroetan ez da gertatu, baina Gonzalez de Alaizak dio «baliabide natural baten pribatizazioa» dela hori, eta gerora arazoak ekarriko dituela —batez ere ura bertze nonbait behar dela erabakitzen denean, eta herriak kontrakoa erran ezin duenean—.
Horrez gain, uste du horrek guztiz baztertzen duela kontzejuetan egon den «lan egiteko modu kolektiboa» ere, eta burujabetzaren ideia higatu: «Kontzejuetan presente egon den elkar laguntzeko modu hau galtzen ari da, eta baliabide naturalen prozesu pribatizatzaile horiek haustura horretan sakontzen dute. Eta, gainera, komunitatea osatzen duten pertsona horien indibidualizaziorako joera handitu egiten dute, eta komunitateko pertsonarik zaurgarrienak baliabiderik gabe geldituko dira. Ura pribatizatuz gero, zer gertatuko da norbaitek zerbitzu hori ezin duenean ordaindu? Guztien artean kudeatzen den zerbait denean, denen artean erabakitzen dugu pertsona edo familia hori laguntzea. Orain, ezin baduzu ordaindu urik gabe geratuko zara, kudeaketa hori ez delako beren esku egongo».
Ramilo ados dago planteamendu horrekin, eta zera gehitu du, prozesu horien ondorioz, herritarrak, «erabakiak hartzen dutenak izan ordez, bezero bihurtzen dira». Gogoratu du, gainera, herrigintzan egiten den politikaren ezaugarri garrantzitsu bat dela kolektiboan pentsatzea, ez hainbertze norberarengan; hortaz, «herri lurren pribatizazioak» pentsamendu hori ahultzen duela. «Horrek guztiak erakusten du administrazioak ez dituela herri burujabeak nahi, erabaki politikoak goitik etortzea baizik», borobildu du Gonzalez de Alaizak.
Emakumeak kontzejuetan
Ramilok azaldu du kontzejuen oinarri-oinarrian dagoela batzarra, leku horien burujabetzaren iturri dela. Horregatik, garrantzitsua zaio herritar denen presentzia bermatuta egotea: «Bertan aniztasuna ziurtatuz gero, herritar guztien nahiak egongo dira ordezkatuta». Gehitu du garai batean gizonak soilik egoten ahal zirela kontzejuko erabakiguneetan, eta, gerora, poliki-poliki emakumeen presentzia bermatzen hasi zela. Bertatik bertara ezagutzen du Gonzalez de Alaizak errealitate hori, eta praktikan egoera bertzelakoa dela dio: «Batzarretan emakumeak dauden arren, botere harremanak arazo bat dira oraindik ere. Hau da, ez da gauza bera bilkura horietara joatea, edo bertan zuk esandakoa entzutea, eta horrek herrian eragina izatea».
«Kontzejuetan aniztasuna ziurtatuz gero, herritar guztien nahiak egongo dira ordezkatuta»
MENTXU RAMILOPolitologoa
Horrelako egoerak atzean uzteko, kontzejuetako kideak heztean jarri du arreta Ramilok, eta erronka gisa irudikatu. Izan ere, badute ahalmena erabakiak hartzeko, burujabe izateko tresnak ere bai, baina iruditzen zaio funtsezkoa dela horiek guztiak ongi nola kudeatzen diren ikastea. «Beharrezkoa da pertsona guztien parte hartzea ziurtatzeko dinamikak jartzea martxan, eta horretan adituak diren taldeak egon beharko lirateke pertsona horiek laguntzen. Batzarrarena da erabakimena, noski; baina erraztatzaileen laguntza izatea ez legoke gaizki», zehaztu du.
Ados dago Gonzalez de Alaiza, uste baitu kanpotik irits daitezkeen «erasoei» aurre egiteko modua dela herriaren burujabetza indartsu mantentzea, eta bertako biztanleen arteko komunitatea indartzea. «Herri batek bizirik iraun dezan, bizitza izan behar du. Guztia enpresa pribatuen esku uzten badugu, eta indibidualizaziora jo, nekez lortuko dugu hori. Garai batean egiten genuen bezala, orain ere ahal bezainbeste zerbitzu kolektibizatzen ahalegindu behar dugu: naturaguneak, zaintza, besteekin edo geure buruarekin erlazionatzeko dugun modua… hori da erronka, galtzen utzi duguna berreskuratzea», nabarmendu du.
Burokrazia
Kontzejuak ez dira erronkak dituzten bakarrak. Ramiloren ustez, Arabako Foru Aldundiak ere badu zer aldatu: «Aldundiak ahal bezainbeste erraztu behar du kontzejuek egin beharreko burokrazia guztia, sekulakoa da arlo horretan egin behar duten lana». Uste du erakunde horrek diru anitz aurrezten duela kontzejuek beren aldetik egiten duten lan guztiarengatik, dela bideen edo ingurumenaren zaintzaren aldetik, dela horien mantentzearengatik.
Azaldu du kontzejuetan administrazio lanak egiten dituzten pertsonek ez dutela dirurik jasotzen trukean, eta, beraz, ezinbertzekoa dela horiei lana ahal bezainbertze erraztea.
Horrez gain, zabalkunde lanak aski garrantzitsuak zaizkio Ramilori. Kontzejuetan bizi ez diren herritarrek, Arabakoek zein Euskal Herriko bertze txokoetakoek, jakin dezatela zer diren, nola funtzionatzen duten, eta zein inportanteak diren. Ramiloren ustez, «tresna oso garrantzitsuak» dira, eta, haren iduriko, administrazioan lanean dagoen jendea bera ez da horretaz kontziente. «Herri gisa, guztien erronka da kontzejuak indarberritzea. Kontzejuek berriro planteatu behar dugu antolaketa, baina hiriek ere gurekin eta espazio natural hauekin nola erlazionatzen diren ere birpentsatu behar dute; garai gogorrak datozelako landa eremuarentzako», borobildu du Gonzalez de Alaizak.
Arabako banaketa administratiboa
Arabako antolaketa administratiboan Euskal Herriko gainerako eskualdetan ez dauden figura batzuk daude, eta hori zalantza iturri izaten da maiz. Ordea, hiru dira antolaketa horren elementu nagusiak: kuadrillak, udalerriak eta kontzejuak.
Zazpi kuadrilla ditu Arabak: Arabako Lautadakoa, hiriburua Agurain duena; Aiaraldekoa, non, hiriburua Arespalditza izan arren, Laudio baita herririk handiena; Añanakoa, hiriburua Ribabellosa duena; Arabako Errioxakoa, hiriburua Guardia duena; Gasteizkoa, non, eremurik txikienekoa izan arren, Arabako populazioaren hiru laurdenak bertan bizi baitira; Mendialdeko kuadrilla da biztanle gutxien dituena, eta hiriburua Santikurutze Kanpezu du; eta Zuiako kuadrilla, hiruburua Murgia duena.
Kuadrilla edo eskualde horietako bakoitzean udalerriak daude, 51 guztira. Horien barnean daude kontzejuak —334 daude, baina bi desagertze prozesuan—, zeinak, hein handi batean landa eremuetan kokatzen baitira. Horietan bizi da Arabako biztanleriaren laurden bat.