Oso garai polita da hau. Gobernu berria aurrera ateratzeko itxaropen handia dut, eta, oraingoan, ez dago kontu sekreturik Suitzan». Hogei urte pasatu dira, baina Iñaki Cabases (Iruñea, 1952) Geroa Baiko kidearentzat saihetsezina da Nafarroaren oraingo garai hau 1995eko maiatz-ekainekin alderatzea. UPNk Nafarroan ia hogei urtez agindu ostean, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aukera historikoa dute orain agintea kentzeko; historikoa izanagatik, baina, ez da izango horrelakorik egiten den lehen aldia.
Uztailean beteko dira hogei urte UPN agintetik kentzeko beste koalizio bat sortu zenetik, lehenengoa eta azkena. Juan Cruz Alliren (UPN) 1991-1995eko agintaldiaren ondoren etorri zen, eta PSNk, CDNk —Allik UPNtik orduantxe eragin zuen eszisioa— eta Eusko Alkartasunak osatu zuten. 1995eko hauteskundeak ere UPNk irabazi zituen, baina hiru alderdiek bat egin zuten, eta gobernutik kendu. Hiruko gobernua osatu zuten alderdiek ez zuten gehiengo osoa parlamentuan; PSNk hamaika parlamentari zituen; CDNk, hamar; eta EAk, bi. UPNk hamazazpi zituen, baina ez zuen beste babesik, beste hamar parlamentariak IUk eta HBk zituztelako, erdibana. Izquierda Unidaren abstentzioarekin, hiruko gobernua osatu zen, Javier Otano sozialista buru.
Cabases gobernu horretako kide izan zen, EAko bakarra. Industria, Merkataritza eta Turismo kontseilari izan zen. Hiruko gobernuan izan ziren kontseilariek badute harremana euren artean oraindik ere, orduan elkartu zituenaren eta egindako ahaleginaren eraginez. Nafarroa UPNren kudeaketatik «askatu» nahi zuten. «Erakutsi nahi genuen gobernatu zitekeela Nafarroan gizarteak zuen eta duen aniztasuna aintzat hartuz».
Baskismoa, erakundeetara
Presidenteaz gain, zortzi ziren kontseilariak: Alli, Federico Tajadura, Javier del Castillo, Pedro Burillo, Fernando Puras, Florentino Lopez —Luis Iberok ordezkatu zuen—, Jose Javier Etxarte eta Cabases bera. Departamentuko lanetik haratago bere eginbeharra zein zen gogoan du Cabasesek. «Baskismoa eraman nahi genuen Nafarroako erakundeetara».
Eta lortu zuten. Esanahi handiko erabakiak hartu zituen hiruko gobernuak: «Organo komun iraunkorra, banderen auzian gatazkarik sortzen ez zuen legea, energia plana...». Gehiago ere izan ziren, baita asmo gehiago ere: Euskararen Legea aldatzeko borondatea, kasurako. Baina Otanori kontu sekretu bat aurkitu zion Marisol Alejandre epaileak Suitzan, eta hor amaitu zen guztia. Hori jakin eta biharamunean, Otanok dimititu egin zuen, 1996ko ekainean. «Organo komun iraunkorra sortzera gindoazenean bota zuten gobernua; horregatik, hain zuen. Botere faktikoek bazekiten lehendik ere Otanoren kontuarena, baina orduan erabaki zuten gobernuaren kontra erabiltzea. Gu ginen horren berri ez genuenak».
Organo komun iraunkorrarekin, EAErekiko harremanak josi nahi zituen hiruko gobernuak. Cabasesek oraindik ere uste du Nafarroa ezin dela bereizita egon beste euskal lurraldeetatik, eta are gutxiago aurrez aurre ipinita. «Kontrakoa izan behar du. Euskaldunak garela eta abertzaleon ideologia alde batera utzita ere, ezinbestekoa da garapenerako; Nafarroaren interesengatik, besterik ez bada ere».
Otano ez zuten inoiz zigortu, delitua preskribituta zegoelako. Mina eginda zegoen, ordea. Otanok dimisioa eman ondoren, PSOEk bertan behera utzi zuen akordioa, eta, 1996ko irailean, Miguel Sanzek presidentetza hartu zuen, eta UPNren hemeretzi urteko aginte zikloa hasi: «Trantsiziotik Nafarroan gertatu denaren erantzule nagusia PSOE da. Ustelkeria kasu askotan nahastuta egon da, eta, orduko horretan, Otano ordezkatu beharrean, hiruko gobernua zapuztu eta agintea UPNri oparitu zion, ezeren truke», gogorarazi du Cabasesek.UPNk bertan behera utzi zuen organo komun iraunkorra. «Eta Nafarroa bakartu zuten. Nafarrek oso garesti ordaindu dugu». Horregatik dio aukera galdu bat izan zela hiruko gobernuarena. «Gobernu hori erori zen bezala erori izan ez balitz, agian gobernu plural bat izango genukeen oraindik Nafarroan. Ez da soilik zer gertatu den harrezkero, baizik eta zer gerta zitekeen beste norabide batean; hogei urte hauetan gertatu zaiguna baino askoz ere hobea zatekeen».
Gobernua osorik, Oinez-en
Presiorik gabe, kolaboratzeko gogoa eta elkar ulertzea ziren gakoa 1995ean. Gobernu plural batek agintzea zuten helburu, erakustea Nafarroan aldaketa bat egon zitekeela. Cabasesen hitzetan, 1995etik 1996rako hamalau hilabeteetan hartutako erabakiek egiteko modu berri bat ekarri zuten Nafarroara, «sektarismorik gabekoa». Oroitzen da pertsonalki ahalegintzen zirela alderdien artean sor zitezkeen disfuntzioak gainditzen.Adibide moduan, gogoratzen du 1995eko Nafarroa Oinez-en, Tuteran, Nafarroako Gobernu osoak parte hartu zuela, baita Luis Campoy Tuterako UPNko alkateak ere, gero Hezkuntza kontseilari izan zenak. «Hori zen guk genekarren konpromiso politikoa. Harrezkero, ez da berriro gertatu Tuteran gertatu zena; are gutxiago eremu ez-euskaldunean».
2015ean, hogei urte geroago, aukera errepikatu da: «Gehiengo soziala aldaketa eskatzen ari da, eta gobernu plural bat sortzea dago mahai gainean, Nafarroako errealitate pluralari erantzungo diona». Badaki Cabasesek aldaketaren gobernua orain osatzen bada egongo direla hori zapuzteko saioak ere, orain hogei urte bezala. Baina alde horretatik egoera bestelakoa dela zehaztu du. «Ustelkerian nahastuta dagoena politika sektarioak bultzatu dituena da».
Horregatik, 1995ean hasitako lana berreskuratzen hasteko garaia dela uste du; tartean, organo komun iraunkorrak helburu zuena. «Berreskuratu egin behar dira Nafarroaren eta Euskal Herriko gainerako lurraldeen artean izan diren lotura historikoak, eta soziokulturalki Euskal Herria aitortzea bezain oinarrizkoa den gauza bat eremu politikora zabaldu. Hori progresiboki egin beharko da, presarik gabe, baina etenik gabe. Hori sustatu nahi genuen, eta orain ere egin beharko litzateke».
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa
Galdutako aukera hura
Uztailean hogei urte beteko dira Nafarroan UPNri agintea kentzeko lehen eta azken saioa egin zenetik. Hiruko gobernua osatu zuten PSN, CDN eta EAk aldaketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu