Galdera eta kontzeptu saltsa gaur. Tolosaldeko 28 herrietan galdera bat eta bera, baita Hernanin, Astigarragan eta Larrabetzun ere; Oiartzualdeko lau herrietan, aldiz, bana eta ezberdinak, eta, Errenterian, bikoitza. Herritarrei galdetuko zaie euskal estatuaz, estatu libreaz, burujabeaz, Euskal Herriaz, errepublika burujabe eta independenteaz... «Egungo estatus politikoaz eta etorkizunekoaz eztabaidatzea da helburua, galdera berriak sortzea», azaldu du Gure Esku Dago-ko Zelai Nikolasek. Gaurkoen moduko herri galdeketen bitartez, kontzeptu horiei guztiei buruz eztabaidatu ahal izateko «normaltasuna konkistatu» nahi dute. «Galdera bezain garrantzitsua da guretzat eztabaidaren nolakotasuna: kontzeptu horiei guztiei buruz eztabaidatzeko kultura demokratikoa garatzea, herriz herri; gurea, finean, bizikidetza ariketa bat da».
Gure Esku Dago-ko kide batzuek parte hartu dute galderak zehazteko prozesuetan, aholkularitza lanetan —herri bakoitzean erabaki dute zein galdera egin—. Horietako bi dira Nikolas legelaria eta Mario Zubiaga politologoa. Haien ustez, hiru ezaugarri izan behar ditu «erabakitzeko eskubideari buruzko» galdera batek: lehenik, lagundu behar du eztabaida pizteko; bigarrenik, balio behar du tokian tokiko parte hartze handiena lortzeko —galdeketa egunean, aurretik eta ondoren—; eta, hirugarrenik, estatus politikoari buruz galdetu behar zaie herritarrei, «modu sinple, argi eta labur batean». Gaurko galdera denek betetzen dituzte ezaugarriok, Nikolasen arabera.
Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da. Hark ez du parte hartu galderak zehazteko prozesuetan, baina bai Gure Esku Dago-k antolatutako mahai inguru batzuetan. Haren ustez, erreferendum guztietan eta baita, «neurri batean», gaurkoaren moduko galdeketetan ere, galderek izan behar dute «oso zehatzak, argiak eta ahalik eta laburrenak», eta ez dute utzi behar interpretaziorako edo zalantzarako tarterik, «ez botoa emateko orduan, ez emaitzak politikoki interpretatzean».
Uriartek azpimarratu du galdeketetan «arriskurik handiena» izan ohi dela deitzaileek berek galderaren bitartez «baldintzatzea» erantzunak, haien interesak edo nahiak ikusarazteko. Irakaslearen arabera, horretarako erabiltzen dira galdera «luzeak, nahasgarriak edota ulertezinak». Horren bi «adibide» jarri ditu: Espainiako Gobernuak galdetu zuenean Espainia NATOn sartzeari buruz, 1986an: «Uste duzu komenigarria dela Espainiak jarraitzea Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean, Nazioaren Gobernuak adostu dituen terminoetan?». Edota Kataluniako Gobernuak 2014ko azaroan egin zuen galdera bikoitza: «Nahi duzu Katalunia estatu bat izatea? Eta, baiezkoa erantzunez gero, Katalunia estatu independentea izatea nahi duzu?». Horietan bietan nabari du «manipulatzeko asmoa» deitzaileen aldetik.
Gaurko galdeketei buruz, berriz, Uriartek dio ez dagoela «horrenbesteko arriskurik»; galdera bat edo beste izan, bereziki, deitzaileek berek aitortu dutelako galdeketon helburua pedagogikoa dela; «ariketa bat» direlako. «Aldiz, erreferendum ofizial bat izango balitz, galderak ez luke izan behar zalantzazkoa, nahasgarria edota ondorioen interpretazio ezberdinak uzten dituena», ohartarazi du. «Pertsona guztiek ulertu beharko lukete, eta ez soilik talde jakin batzuek, adibidez».
Horrekin bat dator Zubiaga, baina zehaztu du «manipulaziorako arriskua» handiagoa izan ohi dela galderak «goitik eta hiru-lau adituk eginak direnean». «Gaurko galderak herritarrek berek adostutakoak dira», azpimarratu du. «Adituen laguntza izan dute horretarako, eta nazioarteko galdeketa eta erreferendum eredugarrienak erabili dituzte adibide gisa, galderak nolakoa izan behar duen-eta zehazteko. Zintzo eta fin aritu dira».
Uriartek ontzat jo du prozesu parte hartzaile baten bidez adostu izana galderak. Hala ere, galdera batzuei buruz ñabardurak egin ditu. Adibidez, Uriarteren irudiko, libre edo burujabe modukokontzeptuak aukeratzea ez da «egokiena». «Libertatea oso gauza generikoa da, ez dagoena lotuta bakarrik lurralde boterearekin. Arazoa da hitz hauek guztiak —librea, burujabea eta abar— lotuta daudela independentzia ulertzeko ideia jakin batekin, egun nahiko kolokan dagoena». Uriarteren aburuz, galdeketon ideia bada estatua bere «esanahi tradizionalean» islatzea, egokiena izango litzateke «independentzia bai ala ez» galdetzea. «Dena den, ni ez naiz nor esateko zer galdetu behar duten. Herri bakoitzean zehaztu beharko lukete galderaren dimentsioa».
Zubiagarentzat, «dimentsio» horiek hartu dira kontuan galderak adosteko prozesuetan. Gaurkoak «galdeketa independentistak» edota independentistek soilik bultzatutakoak direla iradokitzea —haren ustez «komunikabide handiek eta sektore politiko batzuek» egiten duten moduan— ez dator bat errealitatearekin. «Inork ez du inposatu talde baten galdera idealik, galdera barneratzaileak dira: proposatu dena izan da herri edo eskualde batean ahalik eta jende gehienak parte hartzeko moduko galdera bat egitea, independentistek eta ez-independentistek parte hartzeko moduko galdera bat». Zubiagak, halaber, berretsi du gaurko galdeketetan garrantzitsuena ez dela galdera bera edo galdera bakarra edo bi egitea, «baizik eta 20-60 pertsona elkartzea galderari buruz eztabaidatzeko».
Uriarteren iritzian, «normala» da prozesu horietan «independentistek» erakustea interes gehien. Dena den, Gure Esku Dago-ren barnean nabari du beste esparruetara zabaltzeko «ahalegina». «Gisa honetako edozein egitasmo martxan jartzen denean, inportantea da ez izatea partziala eta ahalik eta integratzaileenak izatea». «Zailtasunak zailtasun» horretan ari direla azpimarratu du Nikolasek.
Helburu «pedagogikoa»
Galdeketetan kontzeptu ezberdinak planteatzeari, berriz, ez diote nahasgarria irizten Gure Esku Dago-ko kideek. «Nire ustez, ez da txarra, eztabaida sortzen duelako, eta jakin-mina pizten», azaldu du Nikolasek. Galdera horietako batzuk zehaztugabeak izatea ere ez dute gaizki ikusten. «Guk mahai gainean jarri nahi dugun eztabaida da zein erabaki maila nahi dugun, zeren inguruan erabaki nahi dugun». «Uste dugu nahasmena baino gehiago interesa sortzen ari garela; adibidez, geure buruari galdetuz burujabetzak zer suposatzen duen», azpimarratu du Nikolasek. Zubiagak ere nabarmendu du nahasmena, «neurri batean», positiboa dela. «Gu zerbait berria ari gara egiten, orain arte inork egin ez duena. Pedagogia saio bat da hau, behetik gorakoa. Goitik behera egindakoa balitz, aditu batzuek egina, argiagoa izango litzateke galdera? Ez dut uste».
Galderek independentziari buruzkoa izan beharko luketen ala ez, Uriartek planteatu moduan, Nikolasek azaldu du egun ez dagoela «baldintza nahikorik» hori egiteko. «Lan handia egin behar dugu, eta ez soilik alderdi politiko edo instituzio mailan». «Herri honetan askotan aldarrikatu da burujabetza, askotan independentzia... Baina galderak adosteko prozesuetan parte hartu duten herritar askok erakutsi dute ez dituztela bereizten kontzeptuak, zer esan nahi duten burujabetzak, independentziak... Eta agerian utzi dute horren inguruan eztabaida sakonago bat behar dela. Gaurko galdeketak urrats bat izatea da asmoa».
Uriarte bat dator horrekin. Hark ere nabari du nahasmena euskal gizartean hainbat kontzepturen inguruan: eta, gaurkoproposatutakoez gain, beste batzuk gehitu ditu: «atxikimendu askeko estatua, konfederazioa....». «Normala da ez bereiztea, konplexuak direlako eta zalantzak sortzen dituztelako adituen artean ere. Jende gehienak duen independentziaren, burujabetzaren eta, azken batean, boterearen ideia, estatu bati lotua dago, eta, gaur egun, neurri batean baino ez da existitzen hori: ¿Norainoko burujabetza du Greziak?». Aurrera begira, eztabaida hori ere aintzat hartu beharko litzatekeela uste du Uriartek. «Boterea ez da bakarrik botere publikoa, horrek geroz eta gutxiago baldintzatzen ditu herritarren eskubideak. Erabakitzeko eskubideak geroz eta gutxiago egon behar du lotuta kontzeptu tradizionalekin; izan beharko litzateke tresna bat botere pribatuen eta botere basatien erasoengatik defendatzeko».
Zubiagaren arabera, galdeketa prozesu hauetan ere aintzat hartu da ikusmolde hori. «Egia da galdeketa gehienetan ez zaiola kolorerik eman nahi izan burujabetza mailari, burujabetzaren edukiei... Baina eztabaida hori zabaldu dugu». Horren harira, gogoratu du Oiartzualdeko lau galdeketek badutela aitzin-solas bat eta horietan azaltzen direla burujabetzaren dimentsioarekin loturiko zenbait eduki, Uriartek azaldutakoaren ildotik.
Eraginkortasuna
Galderok daukaten beste ezaugarri bat da efektu praktikorik ez dutela, ez dutela berehalako ondorio juridiko-politikorik. Nikolasek, baina, ez du uste hori hala izanagatik galdeketok «eraginkorrak» ez direnik. «Zer da eraginkorra izatea? Kasu honetan herritarrak ari dira hitza hartzen erakundeek ezin dutelako egin,ezin dietelako herritarrei galdetu gai batzuen inguruan, legez debekatua dutelako, eta, hala ere, herritarrak berak ari dira euren buruari galdetzen horri buruz eta gainontzeko herritarrei aukera eskaintzen iritzia plazaratzeko; gauden egoeran, hori baino ariketa eraginkorragorik ez dut ikusten nik».
Uriartek «ez-independentistatzat» dauka bere burua, baina uste du, «Kanadako [Auzitegi] Gorenak esan bezala», independentistei aukerak eskaini behar dizkiela legeak euren proposamenak bideratu ahal izateko, «betiere exijentzia demokratiko zehatzak errespetatzen badituzte». Gaurko galdeketa «ez-ofizial edo pribatuei buruz», berriz, bat dator Nikolasekin. Uriartek ere nabarmendu du legeak ezarritako prozedurak jarraitu ez izanak eta erakundeak emaitzak betetzera behartuta ez egoteak ez duela esan nahi galdeketok ez direnik eraginkorrak. «Eragin politikoa beti dago, frogatzen delako populazioaren sektore batek baduela interesa edo bere lehentasunen artean dagoela erabakitzeko eskubidearen gaia».
Gure Esku Dago-ko kideei «oso kezkagarria» egiten zaie «'edo dena edo ezer ez' moduko jarrerak», esaten dutenak, besteak beste, gaurkoaren moduko galdeketek ez dutela ezertarako balio. Edo beste herritar batzuei entzutea ezin dela ezer egin: «pasibotasunak». Nikolasen arabera, «demokrazia elkarrekin aritzea da, eta arituz ikasten da»: «Guk nahi duguna da eztabaidatzeko gai den gizarte bat sortu». Eta Zubiaga: «Galderari berari baino, horren bitartez sortzen ari den kultura politikoa da garrantzitsuena: ari gara».
Herri galdeketak. Galderak
Galdetu, galderak sortzeko
Leku guztietan galdera berbera ez egitea eta estatus politiko eta juridiko ezberdinei buruz galdetzea ez da arazo bat, adituen ustez. Hainbat kontzeptu politikoren inguruan «jakin-mina piztea» da prozesu parte hartzailearen helburua, horien esanahiari buruzko eztabaida gizarteratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu