Herri mugimenduak. 'Dabilen harriari goroldiorik ez'

Galderak, ibileraz

Beste hainbat eragile eta norbanakorekin batera, bi urte inguruz aritu dira Joxemi Zumalabe fundazioan militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen. Horren emaitza aurkeztuko dute gaur, Bilbon.

Hodei Iruretagoiena
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Zer bai, baina, batez ere, nola egiten den. Horri ere balio politikoa aitortu behar zaiola uste dute, garrantzia eman, landu. Bideaz baino gehiago, bidea egiteko moduez hausnartu dute, bakoitzaren ibileraz. Euskal Herrian herri mugimendu indartsua dagoela esan ohi da; indartsua eta askotarikoa. Arlo, espazio geografiko, modu eta molde ugaritako talde, kolektibo, antolakunde eta mugimenduak ari izan dira, eta ari dira. Horietako bat da Joxemi Zumalabe fundazioa. Beste berrehun bat militante eta eragilerekin batera, herri mugimendu horietako militantzia ereduez eta barne horizontaltasunaz aritu dira hausnarketan. «Borroka da bidea, baina bidea ere bada borroka».

Pili Alvarez Molesen hitzak dira. 2012an abiatutako bi gogoeta talderen emaitza da Dabilen harriari goroldiorik ez proiektua, eta barne horizontaltasuna lantzeko tresnen ingurukoan aritu da hura. Militantzia ereduei buruzko taldea izan da bestea; hor aritu da Unai Txurruka Maiztegi. 18/98 makroepaiketaren osteko fasea hastean, hainbat eragilerekin jarri zen harremanetan Joxemi Zumalabe fundazioa. «Asko definitu gabe, baina nabaritu zen bazegoela kezka parte hartzeko moduen inguruan: nola parte hartu gure barnean, jendearekin, jendeak ez du parte hartzen, indibidualismoa, eraldaketa...», azaldu du Txurruka Maiztegik.

Militantzia ereduen inguruko lantaldean, eztabaida, tailer eta ikastaroen bidez egin dute bidea, eta horizontaltasunari buruzkoak gehiago izan du dokumentazio lanetik. Azkenean, elkartzea erabaki zuten, hausnarketak batzea. Liburuan jaso dituzte bi prozesuek emandakoak: boterea ulertzeko moduak, antolatzeko eta lan egitekoak, sexu-genero sistemaren eragina, taldekideen arteko harremanak... Azken atalean, barne horizontaltasuna lantzeko dinamikak ere bildu dituzte. Liburuaren osagarria da DVDa: sei elkarrizketekin ondutako dokumentala. «Soslai ezberdinak» jaso nahi izan dituzte, «liburuan hain presente ez daudenak». Guztiak jarriko dituzte sarean, eta materiala osatzen eta ekarpenak jasotzen jarraitu nahi dute.

Azken batean, herri mugimenduen aniztasuna jaso nahi izan dute, onartuta ezinezko zaiela denera iristea. Hala dio Alvarez Molesek: «Adibidez, militantzia erdaraz egiten dutenak, migranteak... Lan asko dago egiteko». Aurrez ohartarazi du ez daukatela «errezeta magikorik»: «Ondorioak baino gehiago, galderak dira. Zalantzan jartzen ditugu hainbat gauza, eta galderak egiten dizkiogu, aurrena, geure buruari». Galdera hauek, eta beste asko.

1. So egiten da barrura?

Ondoriorik badu, gonbidapen bat da lanaren ondorioa, Joxemi Zumalabe fundazioko kideen hitzetan: «Barrura begiratzeko gonbidapena». Ez dute uste gainontzekoa ahaztu behar denik, baina bai orain arte baino garrantzi handiagoa eman behar zaiola horri zenbait esparrutan. Oreka bilatu behar dela. Txurruka Maiztegi: «Gonbidatzen ditugu herri mugimenduak, kezka horiek badituzte, garrantzi politikoa ematera kezka horiei: nola egiten dituzten gauzak, nola bizi diren, kolektiboaren barruan modu askatzailean bizi diren... Eta beren helburua eraldatzea bada, ea eraldaketa hori egiten ari den kolektiboaren barruan ere».

Azken batean, Alvarez Molesek azaldu duenez, «barrukoak» eragina du, ezinbestean, «kanpora begira» ere: «Nahi badugu sortu gizarte bat askatzaileagoa, parekidea, baina gure baitan egiten dugunarekin hori lantzen ez badugu, azkenean, oraingoaren berdina sortuko dugu, beste forma batean izan arren».

2. Ereduak, aldaketan?

Gaur egun, Euskal Herrian, bereziki ari al dira aldatzen militantzia ereduak? «Toki batzuetan bai; besteetan ez hainbeste», erantzun du Txurruka Maiztegik. Sektore batzuetan gai hori «pil-pilean» dagoela dio, baina beste batzuetan ez hainbeste. «Militantzia ez ote dago eraldaketan etengabe? Aldaketa hori kualitatiboki handiagoa da orain?», galdetzen diote beren buruari. Hainbat faktorek eragiten dutela diote: eztabaida ideologiko-politikoek, testuinguruak, egoera sozioekonomikoak... «Adibidez, Euskal Herriak duen fase politikoak eragina izango du, segur aski, baina ez, agian, mugimendu guztietan». Gizarte eredua ere aldatu da, aldatzen da: «Bestelako militantzia modu batzuk egon daitezkeela ikusten ari gara, baina ez kolektibo guztietan. Ezkerrak mundua eraldatzeko duen moduaz ere ikuspegi ezberdinak daude; eztabaida hori ere pil-pilean dago».

Zaila da, beraz, orokortzea, militantzia ulertzeko moduak askotarikoak direnean. «Ondorioetako bat hori da: militantzia edo aktibismoa ulertzeko modu ezberdinak daude. Batzuetan, militante izateko ez duzu zertan parte hartu talde batean, modu klasikoan». Izan da militantzia hitza bera zalantzan jarri duenik ere, konnotazio autoritario edo hierarkikoak dituela iritzita. «Erabaki dugu ez genuela beste hitz bat proposatuko eta ahalik eta hitz gehien erabiliko genituela».

3. Bi muturren artean?

Bi eredu edo muturren ideia darabilte modu horiek guztiak interpretatzeko, Txurruka Maiztegik azaldu duenez. Sakrifizioaren paradigma legoke batean, eta bizipozarena bestean. «Sakrifizioarena da konpromiso handikoa, baina baita modu oso zurrunak dituena ere, asetasun indibidualarentzat tokirik ez duena... Bestea, guztiz kontrakoa: pertsonalki guztiz asebete zaitzake, baina zuk nahi duzunean bakarrik parte hartzen baduzu, nor dago hogeita lau orduz hor, zuk nahi duzunean bakarrik parte hartu ahal izateko? Ez dugu esan nahi militantzia eredua aldatzen ari denik batetik bestera, baina hor ari da. Militantzia ereduak daude: batzuek gehiago dute handik, eta besteek hemendik».

Aldaketak egonda ere, Alvarez Molesek argi utzi du auzia ez dela «lehen zegoena» kritikatu eta «berria ona» dela esatea: «Gauzak onak izan ditu izan dugun militantzia eredu nagusiak: batzuk oso onak, eta besteak oso txarrak».

4. Noren 'gu'-a?

Funtsean, pertsonek osatzen dituzte kolektiboak eta mugimenduak. Pernandoren egia dirudien arren, komeni da ez ahaztea. Txurruka Maiztegik gogora ekarri duenez, bakoitzak dauzka bere interes, kezka, gaitasun edo jakintzak. «Kolektiboaz ari garenean, gu horri garrantzia ematen zaionean —eta eman behar zaio—, zenbatetan ez dugu eraiki gu hori, aniztasunetik izan beharrean, homogeneizaziotik?». Kontuan izan beharrekoa da hori, haien esanetan, gero ez iristeko hainbatetan errepikatu den egoera batera: «Zergatik geratu gara hiru bakarrik?».

Hau ere entzuna du sarri Alvarez Molesek: «Gure taldean ez dago neskarik». Zergatik? Haren esanetan, forma eta modu batzuei bakarrik eman izan zaielako balioa: «Zein praktika egiten diren, zein lan modu dauden, eredu komunikatibo bakarra dagoen, zein garen gu... Faktore asko daude. Ez badugu ikusten neska eta mutilak ez garela berdinak, hala hezi gaituztelako, eta hori gainditu behar dugula... Hori ez bada zalantzan jartzen, ez da bermatzen horizontaltasun hori».

Honako hau ere esan izan diote neska batzuek: «Nekatu egin naiz talde mistoetan militatzeaz. Ideologikoki ados egon naiteke, baina eragatik, ez. Nekatuta nago, mikropolitika mailan, hainbat gauzari baliorik ez emateaz, askotan, planteatu ere ez egiteaz».

5. Burua bai,eta gorputza?

Militantzia «burua» bakarrik dela pentsatzea izan daiteke horren arrazoietako bat, Joxemi Zumalabeko kideen esanetan. «Modu oso orokor batean, ulertzen da militantzia dela estrategia politikoa, ideologia, edukia... Burmuinarekin egiten den hori. Baina, orain arte horri nahikoa balio eman ez arren, bada gorputza ere: interesak, sentimenduak, helburuak, motibazioak, taldeko sentitzen zaren edo ez... Horrek beti eragin izan du edozein kolektibotan», dio Txurruka Maiztegik. Ez da berria aldarrikapen hori; mugimendu feministaren «ekarpen indartsuenetako bat» bat izan da. Ildo horretatik, «gorputzari» ere garrantzia eman beharra nabarmendu du Alvarez Molesek: «Ezin banaiz dantzatu, hau ez da nire iraultza. Pertsona osoa hartu behar da kontuan, ez bakarrik zatitxo bat».

6. Botere faktoreak?

Pertsona talde batean sor daitezkeen botere harremanez hitz egitea da hori guztia zalantzan jartzea. Alvarez Moles: «Asanblada bat egitearren horizontalak garela pentsatu izan da». Baina, parez pare eta zirkuluan hitz egin arren, pisu bera al du guztien hitzak? «Nortzuk daude asanblada horretan? Nola egiten dugu bilera? Lantzen dugu ea guztion hitzak balio bera duen? Uzten dugu denbora pentsatzeko?». Faktore askok eragin dezakete hitzaren pisuan, gogoeta taldeko kidearen esanetan: adinak, bakoitzaren ibilbideak, sexuak, orientazio sexualak, lanbideak... «Ez gara berdinak; ez dugu izan nahi, baina balio bera izan behar luke esaten dugunak eta egiten dugunak».

7. Nola landu?

Tresna eta dinamika ugari daude talde baten barruko horizontaltasuna, kohesioa eta beste lantzeko. Horiek bildu dituzte liburuan, gaika, eta sarean ere jarriko dituzte eskuragarri. Metodologia zaintzea izan daiteke horietako bat. Adibidez, bilera bat hasi aurretik parte hartzaileek esatea zein aldartetan datozen; eguzkia, hodeiak edo trumoia erabiltzen dituzte. «Denak trumoitsu etorriz gero, agian zalantzan jarri behar da bilera hori, edo laburragoa egin, edo bereziki saiatu errespetua zaintzen». Ariketa sinple bat da, baina, beste askorekin batera, eguneroko militantzia hobetu dezakeena. «Lana, familia, korrika ibiltzea... Ezin dugu pentsatu horrek ez duela bileran eraginik. Ezin dugu pentsatu makina batzuk garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.