Frantziako erreforma penala. Sebastien Binet. Abokatua

«Galdera da nola saihestu behar den delinkuentzia, ez zenbat balio duen»

Erreformak gustu mingotsa utzi dio Sebastien Binet abokatuari, Françoise Hollandek kanpainan hitz emana ez duelakoan beteko, gutxieneko zigorren legea ez baitu baliogabetuko.

BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Baionako presondegian diren hamar bat preso defendatzen ditu Sebastien Binet abokatuak,etabertako baldintza txarrak salatzeko, kalte-ordainak eskatu.

Erreformaz atera diren iragarpenetan, franko aipatzen da zigorrak indibidualizatzearena...

Zigorren indibidualizatzea Zigor Kodean sartua da kode hori existitzen denetik. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean sartua da. Normalki, epaileak beti ditu zigorrak indibidualizatzen. Bestela, makina bat litzateke epailearen ordez. Baina bai, anitz aipatzen da indibidualizatze hori. Horrek erakusten du zein heinetaraino legea desbideratu duten. Baina, alta, erreformak ez ditu gutxieneko zigorrak baliogabetuko. Hau da, zigorren parte baten automatizazioa ez du baliogabetuko. Hori da desilusio handia. François Hollandek Frantziako presidente izateko eraman kanpainan hartu 53. engaiamendua zen. Baina, behin boterera iritsi eta, legea ez du indargabetu. Egokituko dute, efektu makurrak ez automatizatzeko, baina ez dute printzipioa zalantzan jartzen.

Zergatik ez dute baliogabetuko?

Beharbada, oportunismo politikoagatik. Iritzi publikoak gaizki hartuko lukeelako erreprimitzeko eta kondenatzeko dauden legezko neurrien baliogabetzea.

Gutxieneko zigorrak zer ondorio dakar egunerokoan?

Epailearen erabakia zapaltzaileago bihurtzen da. Presoen kopurua igotzen da. Aspaldiko arazoa da presondegietako gainpopulazioa, baina lege horrek gainpopulazioa lehertu du. Presoen artean badaude ez luketenak preso izan behar. Eta batzuk behar baino gehiago dira preso atxikiak.

Abokatu gisa lege horrek zein zailtasun ekartzen dizkizu?

Batzuetan, badakigu defendatzen dugun pertsonak ez duela presondegia merezi, nahiz eta bigarren aldiz obratu bere delitua, eta, alta, badakigu ez duela beste irtenbiderik parean. Legeak salbuespen batzuk onartzen ditu, baina biziki gutxi. Epaileari legearen aurka epaitzea da eska dezakegun gauza bakarra. Gutxieneko zigorraren legea ez aplikatzea. Kuraia politikoa eskatzen du horrek. Baionako auzitegian hartu dituzte horrelako erabaki batzuk.

Presoaren gizarteratzea ere franko aipatzen da.

Zer da zigor baten helburua? Helburu afektiboa dauka, bai. Zigortu behar da, zigortuari ulertaraziz delitu bat egiterakoan gizartearen erantzuna arriskatzen duela, hau da, zigorra. Baina zigor horren helburua ere bada gizarteratzea. Eta hori nola lortzen da? Presoa arduradun eginez presondegian. Frantzian, kondenatuak eskubide guztiak galtzen ditu. Presoaren herritartasuna da eztabaidaren erdian jarri behar. Funtsezko eskubideak presondegian atxikitzeko posibilitatea, famili bizitza, langile izateko eskubidea... Ordea, baldintza txarretan bizi bada, nola nahi duzu pertsona hori gizarteratzea?

Jarri diruak erakutsiko du ere erreformarekin zer egin nahi duten, ez?

Sinplea izanen da neurtzea. Irailean aurkeztuko duten legea zein izanen den zehazki jakin eta, irailean bertan, iragarriko dute Justizia Ministerioaren aurrekontua;aztertzea aski izanen da. Legeak aipatzen dituen alternatibak presondegiratzeak baino garestiagoak direla baldin badakigu, eta ez badute diru gehiago jartzen, horrek erran nahiko du erreforma murriztuko dutela.

Presondegien kostua ere eztabaidetan agertzen ari da.

Zehazki ez dakit zenbat kostatzen duen preso bat preso atxikitzeak, baina, dena den, ez zaio berehalako gastuari begiratu behar. Preso ohiak lortu badu gizarteratzea, eta ez badu gehiago deliturik egiten, horrek ez du preziorik. Gizarteak delitu batzuk saihestuko ditu, eta ongi sentitzen den pertsona bat irabaziko du. Konponbidea ezin da izan «zenbat balio du?» galderari lotua. «Nola» da galdera, nola saihestu delinkuentzia? Nola zigortu pertsona bat? Eta ez, zenbateko kostua izango duen pertsona horrek. Hori bai dela demagogia. Baina, maluruski, iritzi publikoaren parte bat bereganatzen du ideia horrek. Presondegietako mundua gizartearen mugetan dela, urrikirik ez hauentzat. Ahal bezain gutxien gastatzea nahi dute anitzek.

Presoen egoera hobetzea aipatzen dutelarik, kexu bat agertzen da sarri: «Eta zergatik ez bakantzak ere ordaindu presoari?». Presoek sufritzea nahi dute anitzek?

Bada gizartea, eta badira instituzioak. Gizartea hunki daiteke, zigortzeko nahia ukan dezake; horrek badu bere logika, eta uler daiteke. Baina oportunismo politikoa ulergaitza da. Instituzioek gizarteak sentitzen duenarekin bat egiten dute. Baina, alta, instituzioak hor daude justizia egiteko, pertsona zigortzeko testuinguru pertsonala kontuan hartuz, eta gizarteratzeko. Noizbait presondegitik aterako da; beharko da lagundu. Bestela, zergatik askatu, gero, berriz hasteko bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.