Hizkuntza bakoitzak izan behar duen pisua izan da akordioko auzi nagusietako bat. Bildarratzen esanetan, euskarak izan behar du sistemaren «zutoina», baina gaztelera eta ingelesa alde batera utzi gabe. Begi onez ikusi du B2 maila lortu beharra, eta, helburua bete den ikusteko, ebaluazioa gakotzat du.
Zer da euskara ardatz duen eredu eleaniztuna?
Muina, zutoina euskara duen sistema. Ikasleen %80 baino gehiago D ereduan badago, hori da gure sistema, baina, aldi berean, gaztelaniarekin eta gutxienez beste hizkuntza batekin.
A, B eta D eredurik ez da aipatzen itunean. Desagertzera doazela eta, bertigorik?
Ez, guztiz aurkakoa. Ikastetxearen hizkuntza proiektua oinarrizko elementua da. DBH amaituta, ikasleak B2ra ailegatu behar du euskaraz eta gaztelaniaz, eta B1era hirugarren hizkuntzan. Irakasleen formakuntza ezinbestekoa izango da.
Nola egingo da jarraipena ikusteko eskolek B2 maila lortzen dutela? Zer gertatuko da atzean geratzen direnekin?
Ez da eskolekin; ikasleekin da. Ebaluazioa da elementu nagusiena hori neurtu ahal izateko. Ez ikaslearena bakarrik: irakaslearena, zentroarena, sistemarena... Ebaluatu beharra daukagu, helburuak betetzen diren jakiteko, eta, bestela, zuzentzeko.
Baina ikusten bada zentro batek hautaturiko hizkuntza ereduarekin ez direla lortzen helburuak?
Sistemak baditu neurriak hartzeko bideak, eta horregatik da garrantzitsua ebaluazio irizpideak oso garbi izatea.
D ereduarekin ez bada lortzen euskaraz aski gaitasun, nola bermatu eredu honekin lortzea?
Nik nire zalantzak ditu lortzen den edo ez den: selektibitatera doazenen bi herenek euskara hautatzen dute azterketa egiteko, eta %99k gainditu egiten dute... Badagoela zer hobetua? Bai. Badagoela zer egina? Bai. Ikastetxe bakoitzak bere ardura hartu behar du, eta guk lagundu behar diogu hori aurrera eramaten, bere errealitateari erantzuteko.
Ez da orain atzerapauso bat egongo hainbat eskolatan?
Ez, ez, ez. Galdera da ea erreala den egun D eredu esaten den hori. D ereduak jarraituko du; kontua da ea ez ote zaion hainbat tokitan indar gehiago jarri behar errealitate horri, nahiz D eredua izan.
Hainbat zentrotan ez da jokogaztelania gehiago erabiltzera?
Ez dauka zertan. Zergatik aldatu behar du ikastetxe batek bere hizkuntza politika helburuak lortzeko? Benetan funtzionatzen dion ikusi behar da, edo babes gehiago eman behar diogun, helburuak bete ditzan.
Ez da murgiltzea hautatu. Kataluniako epaiak izan du eraginik?
Zer da murgiltzea edo ez murgiltzea? D eredua murgiltzea da? D eredua murgiltze eredua bada, ia dena murgiltze eredu batean dago. Alderdi politikoen artean hain zaila izan zitekeen gaia gatazkatik baztertu da. Murgiltzea eta beste hainbat kontzeptutatik ihes egin da, sinesten delako ikastetxeen ahalduntzean, autonomian eta irteera profilean. Profila argi adierazia badago eta irakasleen trebakuntza badago, uste dut egoera egokia dela lanean ondo aritzeko.
Ikastolen Elkarteak kritika egin du, Euskal Herriaren aipamenik ez delako akordioan. Ez zaizu beharrezkoa iruditzen?
Ez diot garrantzirik ematen legebiltzarrak bidali digun horretan, jakinda bai gure legerian, orokorrean, eta bai egun martxan dauden curriculumetan eta liburuetan eta materialetan badagoela.
«Galdera da ea erreala den egun D eredu esaten den hori»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu