Emakume bat hilda aurkitu dute Donibane Lohizunen. Duela hiru aste Ziburun eraikin batetik «erori» zen emazte bera da. Hil ala bizi egon zen egun batzuetan, koma ere eragin zioten; asteazkenean ospitaletik «desagertu» zen. Gizonezko bikotekidea atxilotu egin zuten apirileko hartan; begiz joa zuten, indarkeria matxistarekin lotuta, baina aske utzi zuten, froga argirik ezean. Arazo psikiatrikoak omen zituen andreak, eta tarteka prostituzioan aritua zen. Urte hasieran iritsi zen Euskal Herrira, bikotekidearekin; ihesean omen zebiltzan. Emakumea bortxa handiz hil du ustez haren bikotekideak.
Esaldiz esaldi handituz doa ezinegona, informazio ale bakoitzak hotzikara bat eragiten du, eta inguruabar guztien baturak ezin sinetsizko puzzle bat osatzen du. Donibane Lohizuneko hilketa matxistak galdera asko utzi ditu, baina, batez ere, ezintasun handi bat: nola da posible aurrez detektatutako emakume zaurgarri bat horrela hil izana?
Indarkeria matxistaren biktimen arretaren eremuan, gero eta gehiago hitz egiten da arta integrala emateaz, zerbitzuak elkarren artean koordinatzeaz, emakumeen premiak erdigunean jartzeaz. Praktikan, ordea, zaila da. Batetik, egoera batzuetan nola esku hartu ez dagoelako argi oraindik: bortizkeria jasaten duten andreek, batzuetan, ez dute berehala erabakitzen erasotzaileekiko harremana haustea; eta kanpotik, kostatzen da egoera horien konplexutasuna ulertzea, biktima horiekin nola jardun asmatzea, eta bereziki zaila da halakoetara egokitutako prozesuak eta gizarte zerbitzuak topatzea.
Bestetik, hainbat eragilek barneratuta dutelako biktimen parte hartze aktiborik gabe ezin dela ezer egin; adibidez, oraindik oso zabaldua dago andreek jarri behar dutela salaketa, nahiz eta poliziek edota osasun langileek aspalditik duten ofizioz jarduteko aukera. Eta gainera, arretarako gizarte zerbitzuak ez daudelako koordinatuta: administrazio publikoek sailka dihardute, bakoitzak bere alorrean, eta hori arazo bihurtzen da askotan, praktikan sailak eta arloak nahastu egiten direlako. Oro har, ez dago argazki osoari begiratuko dionik, inguruabar guztiak kontuan izanda jardungo duenik.
Hala, indarkeria matxistaren biktimentzako arretak ondo funtziona lezake biktima soslai jakin batekin: andrea bertakoa denean, heldua, enpleguduna, salaketa aurkezteko fasean dagoenean… Aldiz, gizarte zerbitzuak ez dira hain eraginkorrak andrea atzerrikoa bada, paperik ez badu, drogarik kontsumitzen badu, prostituzioan badihardu, ama bakarra bada, ezin bada erasotzailearengandik aldendu, etxe egonkorrik ez badu... Ezaugarri —zaurgarritasun— horietako bakoitzak sinesgarritasun puntu bat kentzen dio andreari, eta tonaka konplexutasun eransten dizkio egoerari: bulego batean baino gehiagotan artatuko dute eta denek ez dute elkarren berri izango; biktima bakoitzak beharrizan diferenteak izango ditu —izan laguntza psikologikoa, aholkularitza juridikoa, bizitokia, premia ekonomikoa— eta zerbitzu publikoak ez dira iritsiko erdiak asetzera...
Funtsean, biktima gehienek —baina batzuek bereziki— ibilbide zaila egin behar dute, gorabeheratsua, laguntza handia eta askotarikoa behar dute, eta luzaroan, baina sistema ez dago konplexutasun horretarako pentsatua eta prestatua. Eta, ondorioz, sarriegi, babes handiagoa behar dutenek jasotzen dute babes txikiena.
Informazio asko falta da Donibane Lohizunen hildako emazteari zer gertatu zaion jakiteko. Urtarriletik aurrera, jarraipenik egin al zioten gizarte laguntzaileek? Haren zaurgarritasunek kezka eragin zuten ala estigma handitu? «Bizimodu ordenatua» izan balu, arreta handiagoz aztertuko al zuten haren kasua? Zer-nolako laguntza eskaini zioten ospitalean? Mehatxupean bazen, babes biderik proposatu al zioten? Gaitz psikiatrikoa zaindu al zioten? Erietxetik desagertu zenean bilatu al zuten? Emakumea eraikinetik «erori» ondoren, gizona kontrolpean izateko neurririk hartu al zuten? Katebegi jakin batek huts egin du, ala sistema osoaren norabidea berraztertu behar da?