«Joan den hilabetean, kotxean gindoazela, lau lagun gelditu gintuen Guardia Zibilak, errepideko kontrol batean. Hasieran normala izan zen kontrola, baina denbora pasatu ahala gaiztotuz joan zen». Hala kontatu du gaur Galder Barbado Amurrioko (Araba) gazteak Donostian Sorturekin batera egindako agerraldi batean. «Ordu eta erdi baino gehiago eman genuen kontrolean, mendira begira, eskuak kanpoan, sakabanatuta eta euripean». Azaldu duenez, hortik ordu erdira «kamuflatutako bi kotxe» agertu ziren zeuden lekura, «ia denek aurpegia estalirik». Horietako batek aurpegia begi-bistan zeukan, eta Harley gisa aurkeztu zuen bere burua: kolaboratzeko eskaera egin zion Barbadori: «Banan-banan pista baten sarrerara eraman gintuen galdeketa egiteko, eta bertan jaso nuen lehen kolaborazio eskaintza. Nire egoera zein zen bazekiela, ezagutzen ninduela, eta bazekiela zein izan den nire rola gazte mugimenduan». Gauzak kontatzen bazizkion epaiketarekin lagunduko ziola erran zion, eta Bilbon kafe bat hartzera gonbidatu zuen.
Ez da edonolakoa eskaintza, Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigor bat jarria baitio Barbadori lehergaiak egiteko materiala edukitzea leporatuta. Gazteak ez zuen eskaera onartu, ordea. Eta jazarpenak segitu egin zuen: «Esan zidan lasai egoteko, bazekiela non bizi nintzen eta non topatu ahal ninduen, eta bi asteren buruan nirekin kontaktatuko zuela». Hala egin zuen. Gazteak salatu du, hain zuzen, duela bi aste telefono deiak jaso zituela zenbaki batetik: «'Harley naiz, zer moduz zaude?'». Deia moztu eta SMS bat bidali zion, berriro ere elkartzeko eskatuta, «inolako konpromisorik gabe».
Azken jazarpen kasua astelehenean pairatu zuela salatu du: autoa hartu zuela etxera joateko, eta pertsona bat atzetik segika joan zitzaiola. «Polizia zela ikusi nuenean, kotxetik jaitsi eta berarengana joan nintzen, herritik alde egiteko eta bakean uzteko eskatuz. Berak barre egin zuen, eta geldirik geratu zen denbora luzez, ni joan nintzen arte». Azken egunotan haren lagun batek ere jaso ditu deiak bi telefono zenbakitatik, Barbadoz galdezka: «Nor ziren galdetuta, 'hara, nahastu izango gara' esaten zioten».
Sortuko Haimar Altunak salatu du Barbadorena ez dela kasu bakarra: «profil eta herrialde ezberdinetako» hainbat pertsonak jasan dute Poliziaren jazarpena azken asteotan, gaitzetsi duenez, eta azaldu du batzuek anonimotasuna mantendu nahi badute ere, horietako batzuek salaketa ezarria dutela. Ainize Gastaka Martinez Barbadoren abokatuak erran du halako kasuetan dauden aurrekariak ez direla «oso positiboak»: «Eraginkorrena publikotasuna da». Altunak ere halako kasuak publikoki salatzera animatu ditu herritarrak: «Dei egiten diegu ez daitezela kikildu, gertatutakoak salatu eta publiko egitea baita modu eraginkor bakarra praktika horiek guztiak amaitzeko». Espainiako Gobernuari, berriz, eskatu dio errespeta ditzala «eskubide zibil eta politiko guztiak» eta «demokratizazioari» hel diezaiola, «faxismoari eta eskuin muturrari hauspoa ematen dieten jarduerak alboratuz eta bere izaera plurinazionala onartu eta nazio gatazkei konponbidea emanez».
«Ezinegona»
Barbadok kontatu du «ezinegona» sortzen diola egoerak: «Hori da beraien helburua, nire militantzia baldintzatzea, eta nire inguruko jendearena». Salatu du ez dela Euskal Herrian halako zerbait gertatzen den lehen aldia: «Kezka sortzen du, baina ez gaitu harritzen».