Galdeketak badauka protokoloa

Etxarri Aranazko apirilaren 13ko herri kontsultaren antolatzaileek finkatu dute araudia, hilabeteak horretan eman osteanAntolaketa ondo ateraz gero protokoloa beste kasuetarako eredu izango dela diote

Etxarri Aranazko galdeketako behatzaile bat hautestontzi bat zigilatzen, joan den astean. BERRIA.
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Antolatzaileek herenegun gauean utzi zuten zehaztuta Etxarri Aranazko apirilaren 13ko herri galdeketaren protokoloa. «Antolaketa aldetik ondo ateratzen bada, protokolo hau ondorengo balizko galdeketetarako erabiliko da». Hilabeteak pasatu dituzte prestatzen. Laburpen bat da hau.

1. Galdera, erantzunak

Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? izango da galdera. Egunean bertan bozkatu ahal izango da, herriko plazako areto batean, edo aurrez igorritako boto bidez. Erantzun posibleak: bai, ez edo zuria.

2. Boto-emaileak

Etxarri Aranazko biztanleak diren eta apirilaren 13an 16 urte edo gehiago dituzten guztiak.

3. Hautesleen nortasuna egiaztatzeko

—Ofizialki Espainiako herritartasuna duten hautesleen kasuan, Espainiako nortasun agiria, pasaportea, gidabaimena edo EHNA erakutsi behar da. Agiriok iraungita aurkeztuz gero, iazko urtarrilaren 1etik aurrerako errolda ziurtagiria beharko da; baita dokumentuetan hauteslearen etxebizitza Etxarri Aranatzen ez badago ere.

—Beste herritarrentzako aukerak: bizilekuaren txartela (EB Europako Batasunekoak ez diren estatuetako herritarrek); komunitateko erregistroko inskripzio egiaztagiria (EBko estatuetako herritarrek), pasaportea edo nortasuna egiaztatzeko txartela erakutsiz; estatuak emandako nortasun txartela edo pasaportea; errolda ziurtagiria.

4. Hautesleen bizilekua egiaztatzeko

Agiri identifikatzaileak herriko helbidea badakar, bizilekua frogatuta geldituko da. Ez badakar helbiderik, edo beste herri batekoa bada, hautesleak bere bizilekua egiaztatu beharko du, errolda agiria erakutsiz —2013-01-01eko data baino lehenagokoa ezingo da izan—.

5. Bozkalekua

—Bi gela izango dira, arduradun banarekin, ordena, bozketa eta zenbaketa zaintzeko.

—Ez da onartuko Euskal Herriaren independentziaren aldeko zein kontrako lelo, kartel, irudi eta ikurrik, ezta ikurrinik eta Espainiako banderarik ere.

—Gelak jabetza pribatukoak izan beharko dira.

—Hauteskunde mahai bakoitza hiru kidez osatuko da: mahaiburua eta bi bokal. Guztiak, boluntarioak. Prestakuntza jasoko dute aurrez.

6. Bozketako ordutegia

09:00-20:00 artean izango da.

7. Errolda publikorik ez

Ezin da estatuko nahiz herriko erroldarik erabili. Ondorioz, sistema informatiko bat erabiliko da inork behin baino gehiagotan ez duela bozkatu bermatzeko.

8. Ikuskatzaileak eta behatzaileak

Etxarri Aranazko udal taldeek ikuskatzaileak izendatu ahalko dituzte. Behatzaileak ere egongo dira apirilaren 13an, haiek ere gardentasuna egiazta dezaten.

9. Boto kontaketa

Botoen zenbaketa egindakoan, emaitzaren akta idatziko da. Mahaiko kideen eta behatzaileen oharrak jaso ahalko dira.

10. Gatazken konponbidea

Galdeketan sor daitekeen edozein gatazkari A13 antolatzaile taldeak emango dio konponbidea. 30 eguneko epea izango du.

11. Erantzukizun kriminala

Herri galdeketako prozesuan parte hartu eta akta eta izenpetutako liburuetan «gezurra» esaten duten pertsonek agirien faltsutzearekin loturiko delitua eginez gero, Espainiako Zigor Kodean ezarritako zigorrik handiena eskatuko da haientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.