Hilabete asko daramatza Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurrien kontrako «oldarraldi judiziala» salatzen. Gaur, tankerako beste epai bat eman dela jakinarazi du. Bilboko epaitegi batek eman duela esan du, eta baliogabetu egin duela horren bidez Galdakaoko udalean laneratze eta gizarteratze arloan teknikari jarduteko lanpostu bat egonkortzeko deialdian euskara ezagutza egiaztatzeko ezarritako hizkuntza eskakizuna. Horren kontra egitera deitu du Galdakaoko euskalgintzarekin batera, eta protesta bat antolatu dute horretarako: heldu den ostegunean izango da, Galdakaon bertan.
Protesta egiteko, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aktibatu dute Bagabiz Galdakaoko euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, elkarlanean. 19:30ean izango da, Ardanza parkean. Joan den azaroaren 4an «oldarraldia» salatze aldera Bilboko kaleak bete zituen aldarri berarekin aterako direla azaldu dute: «Euskaraz bizi nahi dugu, eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!».
Kontseiluak aditzera eman duenez, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak eman du sententzia. Arbuiagarritzat jo du: «Ozen salatu nahi dugu botere judizialak hizkuntza politiketan esku hartzea, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta herritarroi hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubideak ukatzen dizkigutenean, euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz». Kontseiluaren arabera, epaileak «gehiegizkotzat» jo du lanpostuari ezarritako euskara eskakizuna. Horretarako «oinarri juridiko erabat eztabaidagarria» duen salbuespena aplikatu duela uste du Kontseiluak, eta Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun indizearen «interpretazio murriztaile» bat ere egin duela.
Adinaren aldagaiari ere erreparatu dio sententziak. Horretarako, adierazi du 45 urtetik gorako langileak salbuetsita daudela funtzio publikoan euskara ezagutza egiaztatzetik. Postua eskuratua duten langileentzat izaten da hori, baina lanpostu bat egonkortzeko deialdi honetara ere zabaldu du epaileak, eman dituen argudioetan.
Helegitea
Galdakaoko Udalari eskatu dio helegitea jarri eta prozesua «azken bururaino» eramateko. Bide batez, euskarari dagokion «egiazko ofizialtasun estatusa» bermatuko dion zoru juridikoa bermatu eta hizkuntza politiketan «jauzi bat» egiteko akordio soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatu du Kontseiluak.
Beste hainbat epairen inguruan egin izan duen analisia berritu du. «Onartezina zaigu epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lana barne». Alde horretatik, Galdakaoko Udaleko gehiengo sindikalak sententzia horri «arbuio irmoa» adierazi diola nabarmendu du Kontseiluak.