Galbahe bat pornografiaren ozeanoari

Uztailaren 1ean, Espainiako Gobernuak adina egiaztatzeko aplikazio bat aurkeztu zuen eduki pornografikoko webguneetara sartzeko, uda bukaeran martxan jartzeko asmotan. Helburua 18 urtetik beherakoen pornografia kontsumoa mugatzea da.

Espainiako Gobernuak 18 urtetik beherakoen pornografia kontsumoa mugatzeko, aplikazio bat sortu du. BERRIA
Espainiako Gobernuak aplikazio bat sortu du 18 urtetik beherakoen pornografia kontsumoa mugatzeko. BERRIA
2024ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun

«Neurria itsasoari ate bat jartzea bezalakoa da». Halaxe definitu du Flor Arriola sexologoak (Bilbo, 1989) Espainiako Gobernuak diseinatutako aplikazioa: adingabeei pornografia webguneetarako sarbidea mugatzeko aplikazioa, alegia. Neurriak zeresan handia eman du. Haren eraginkortasunaren inguruko eztabaidara bultzatu ditu adituak, baina haiek argi dute erantzuna. Aitziber Argote (Gasteiz, 1991) Emaize sexologia zentroko sexologoa eta psikologoa da, eta, haren ustez, neurria ez da «oso eraginkorra» izango. Jon Imanol Etxabe (Usurbil, Gipuzkoa, 1994) ere sexologoa eta psikologoa da, eta bat dator beste adituekin; haren hitzetan, neurria ez dago oso «osatua».

Uztailaren 1ean, Espainiako Gobernuak adina egiaztatzeko sistema baten berri eman zuen, uda bukaeran abian jartzeko asmotan. Erabiltzaileek Cartera Digital Beta aplikazioa deskargatu beharko dute —euren borondatez—. Bertan euren datu pertsonalak sartu beharko dituzte, adinez nagusiak direla jartzen duen egiaztagiria lortzeko. Behin egiaztagiria izanik, egoitza Espainiako Estatuan duten webgune pornografikoetara sartzen direnean, 18 urtetik gorakoak direla egiaztatu ahal izango dute. Nola? Bada, QR bat azalduko zaie aplikazioa irekitzean. Hori eskaneatu eta zuzenean aplikazioaren bitartez egiaztatuko da adinez nagusiak direla. 30 eguneko erabilgarritasuna izango du nortasun agiri digitalak, eta iraungitzen denean berriz atera beharko dute. Neurriaren helburua da 18 urtetik beherakoei webgune pornografikoetarako sarbidea mugatzea.

Espainiako Estatuko webguneetan aplikatuko da araua, eta, kontuan hartuta kontsumitzen den porno gehiena Ameriketako Estatu Batuetatik eta beste herrialde batzuetatik datorrela, sexologoei ez zaie zentzuzko neurria iruditzen. «Aplikazioak lor dezake kontsumoa pixka bat mugatzea, baina ez da nahikoa izango. Sarbidea oso erraza da, eta gazteek jakingo dute zer egin edukiak ikusteko», azaldu du Argotek. Gainera, sare pribatu birtualen (VPN) bidez lokalizazioa eta bestelako datuak alda daitezke, eta horren bitartez gazteak webguneetan sartu ahal izango direla uste du.

Bide eraginkorrak

Espainiako Gobernuak sortutako aplikazioak eraginkortasun handirik izango ez duela ikusita, sexologoek bide eraginkorrei begiratu nahi diete, eta arazoaren errora jo. Argoteren iritziz, neurri hori «adabaki» moduko bat da, eta arazoa errotik konpondu beharko litzateke. Argotek berak eta Arriolak uste dute aplikazioa sortzeko erabili dituzten baliabideak eta dirua sexu hezkuntzako profesionalak kontratatzeko erabili beharko lituzketela.

Sexu hezkuntza integralaren garrantzia nabarmendu dute hirurek, baita egoki ikusi ere sexu heziketa irakasgai gisa txertatzea eskoletan. Sexologoen ustez, sexu hezkuntza txikitatik irakasgai moduan erakutsi beharko litzateke. «Horrela, gazteek maitasun kritikoa sustatuko dute, eta fikzioa errealitatetik bereizten jakin», argudiatu du Argotek.

Etxabek gaineratu du eskola curriculumean sexu hezkuntza «zeharkako konpetentzia» gisa sartuta dagoela: «Iruditzen zaie natur zientzietan ugalketa aparatua zer den irakastea nahikoa dela sexu hezkuntza landutzat emateko». Errealitatea, ordea, beste bat dela dio: «Guraso bilera batean, Andonik bi ama ditu, eta Telmok ikasturte hasieran jada ez du bere burua Telmo gisa aurkezten, Miren gisa baizik». Horrelako errealitateen bidez eskoletan landu beharreko gai berriak agertzen direla azaldu du, eta gai horiek lantzerakoan sexu hezitzaileek zenbateko garrantzia duten nabarmendu.

Hirurek argi utzi dute sexu hezkuntza eremu zabal bat dela, genitaletatik haratago doana. Norberaren bizipenek, identitateak, esperientziek, plazerak, ezagutzek, emozioek, erlazionatzeko moduek eta elkarbizitzak osatzen dute, besteak beste, sexu hezkuntza.

Kontrola eta debekua

Gazteen heziketan gurasoek eta irakasleek eragina dutela diote sexologoek. Horregatik, batzuen ustez, gurasoek nerabeen pornografia kontsumoa kontrolatu beharko lukete; baina, adituen ustez, «zaila» da hori lortzea.

Etxabek gaineratu du 18 urtetik beherakoen Interneteko «edozein» motatako kontsumoa «zaindu» beharko litzatekeela: «Gaur egungo belaunaldiek informazio asko daukate, eduki gehiegi, eta ez dute irizpiderik jakiteko ea bertan agertzen dena egokia den, ez den, erreala den edo faltsua den».

Argoteren hitzetan, filtroak, gailuetan eta kontsumoan jarri beharrean, gazteen buruan jarri beharko lirateke, dimentsio kritikoa eta hausnarketa sustatzeko. Gaineratu dute «garrantzitsua» dela gazteek fikzioa errealitatetik bereiztea.

«Pornografia debekatzeak ez du kontsumoa desagerrarazten, ondo dakigu hori sexologoek. Debekatzearen eraginkortasuna zalantzan jarriko nuke»JON IMANOL ETXABESexologoa eta psikologoa

Kontrolatzeaz haratago, debekua ere irtenbidea izan daiteke batzuen iritziz, baina sexologoak ez dira pornografia debekatzearen aldekoak. Argoteren ustez, pornografia debekatuz gero, merkatu beltz bat sor daiteke. Bestalde, debekuak «izugarrizko» jakin-mina sortzen duela dio Etxabek, eta horrek ez duela «asko» laguntzen: «Pornografia debekatzeak ez du kontsumoa desagerrarazten, ondo dakigu hori sexologoek. Debekatzearen eraginkortasuna zalantzan jarriko nuke».

Nerabeen sexu eskola

Gazte askok pornografia ikasteko bide gisa ikusten dutela diote sexologoek. «Ni ikaratu egiten naiz gazteek hori esaten didatenean», esan du Argotek. Etxabek gaineratu du umeak 8 eta 9 urte bitartean hasten direla pornografiarekin lehen kontaktua izaten, eta Interneten ikusten dituzten erreferentzia batzuk kopiatzen dituztela LH3 eta LH4ko umeek, zer esan nahi duten jakin gabe.

«Sexu hezkuntza integrala jasotzeko baldintzak jarriko bagenitu, horrelako neurriak ez lirateke beharrezkoak izango, arazoa errotik etengo bailitzateke»FLOR ARRIOLASexologoa

Nerabe askoren sexu eskola pornografia denez, eta neurriaren helburua, hein batean, hori eragoztea denez, sexu hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du Arriolak: «Sexu hezkuntza integrala jasotzeko baldintzak jarriko bagenitu, horrelako neurriak ez lirateke beharrezkoak izango, arazoa errotik etengo bailitzateke». Hori horrela izanik, sexu heziketa gazteei beste bide batetik iritsi behar zaiela uste du Argotek.

Bide ohikoena heziketa hori eskoletan jasotzea izaten da, baina horiek eskaintzen duten sexu hezkuntza «oso mugatuta» dagoela eta «oso urria» dela azaldu du: «Sexu hezitzaile bat kontratatzen dute eskolek. Lau aldiz joaten gara gela horretara —zorte pixka batekin, bost aldiz—, eta gure lana bukatzean, bagoaz». Arriolak dinamika berean lan egiten du, eta sexu heziketa «oker» erakusten dela irizten dio: «Ez du ezertarako balio sexologoengana jotzeak zerbait gertatzen denean bakarrik; horrek ez du ezer konpontzen». Sexologoek ez dute uste hori modu «egokiena» denik sexu heziketa lantzen dutela esateko.

Interneten eragina

Pornografia aspalditik kontsumitu izan da, baina Internet eta teknologia berriak hori sustatzeko tresnak izan direla diote sexologoek. Horrek alde onak eta txarrak dituela bat datoz hirurak, eta Internet iritsi zenetik «izugarrizko» aldaketa egon dela gehitu du Argotek. Horregatik, Internetek «adiskide» izan behar duela dio. Horrez gain, Internetek eta teknologia berriek pertsonen arteko harremanei eragiten dietela azaldu du Arriolak: «Interakzioak aldatzen dira, eta horrekin batera harremanak izateko moduak ere bai». Horretan lan gehiago egin beharko litzatekeela gehitu du.

Etxaberen ustez, berriz, Internetek bitan banatu du jendearen nortasuna: «Gu erreala eta gu birtuala». Eta azaldu du gazteak birtualki erlazionatzen direnean horrek ez duela zerikusirik euren izaera errealarekin. Gainera, esan duenez, erlazionatzeko mekanismoak eta kodeak «guztiz ezberdinak» dira, eta gaur egungo gazteen artean fisikoki erlazionatzeko trebetasun falta «handia» dago.

«Gazteei gertutasuna erakutsi nahi badiegu, zer-nolako influencer-ak eta edukiak ikusten dituzten jakin behar dugu»AITZIBER ARGOTESexologoa eta psikologoa

Interneten presentziaren harira, egungo sexu hezkuntza eguneratzeko beharra ikusten du Argotek. Emaizekoek urtero materiala berritzen dutela adierazi du, eta eguneratuta egotea ere badela haien erantzukizuna: «Gazteei gertutasuna erakutsi nahi badiegu, zer-nolako influencer-ak eta edukiak ikusten dituzten jakin behar dugu. Oso garrantzitsua da jakitea zer gertatzen den Interneten». Etxabe bat dator Argoterekin, eta egunean egotea beste aukerarik ez dagoela esan du.

Sexu hezkuntza pornografiaren esku gelditu ez dadin, sexologoek argi dute neurririk egokiena sexu heziketa lantzea dela, gazteei hezkuntza emozionala, gaitasunak eta tresnak eskainiz, horren inguruan hausnartu dezaten.

nola egiaztatu adina?

  1. Cartera Digital Beta aplikazioa deskargatu sakelako telefonoan.

  2. Adinez nagusia zarela egiaztatuko duen ziurtagiria hautatu.

  3. 18 urtetik gora dituzula egiaztatu: NAN elektronikoaren bidez, sistemaren itunpeko gakoen bidez (BPN kodea (PIN), mugikorreko kodea edo kode iraunkorra) edo ziurtagiri elektronikoaren bidez.

  4. Egiaztagiria sortuko zaizu.

  5. Sartu Espainiako Estatuko webgune pornografiko batera.

  6. Agertzen den QR-a eskaneatu, eta Cartera Digital Beta aplikaziora bideratuko zaitu.

  7. Sarbidea baimenduta izango duzu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.