Felipe Gonzalez Espainiako presidente izandakoak GALen itzala gainetik kendu ezinik segitzen du. 1995ean, Ricardo Garcia Danborenea PSEko kideak salatu zuen epailearen aurrean. Gerora, Julio Anguita Izquierda Unidako buruak ere esan zuen hura zela GALen atzean zegoen X jauna. 2010ean, Gonzalezek berak aitortu zuen, El País-en, «ETAren buruzagitza leherrarazteko» proposamen bat egin ziotela, eta ezezkoa eman zuela; eta ez zekiela ongi egin ote zuen. 2016an, Ser irratian, PSOEren barneko krisiaz ari zela, lapsus bat eduki zuen, eta aipatu zuen «egin zituztenak eginda ere... pa-pa-pa» inoiz ez zutela hain emaitza txarrik izan hauteskundeetan. Orain, «pa-pa-pa» harekin esan gabe utzi zuenari hauspoa eman diote CIAren paper batzuek: Gonzalezek ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea onartu zuela idatzi zuen AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak, 1984an, GAL sortu eta handik gutxira.
CIAren agiriek ez dute argitzen mertzenario talde hori eta GAL gauza bera diren. Hau da esaldi zehatza: «Irudi du [Espainiako] gobernuak erabakita daukala ETAren aurkako borrokan estrategia ez-ortodoxo bat erabiltzea. [Ezkutatutako esaldi motz bat, eta segidan: Felipe] Gonzalez ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin, terroristak legez kanpo borrokatzeko. [Ezkutatutako beste esaldi motz bat, eta segidan:] mertzenarioek ez lukete derrigorrez espainiarrak izan behar, eta haien misioa litzateke ETAren liderrak hiltzea Espainian eta Frantzian».
Dokumentuak jarraian aipatzen du badela horrelako talde bat «Frantziako hegoaldean» hilketak egiten ari dena: GAL. Ezin da ziurtatu, beraz, CIAko txostena zertaz ari den Gonzalezek onartutako mertzenario talde hori aipatzen duenean: armadaren menpe legokeen talde berri bati buruz, edo GALi buruz, edo bi informazioak nahasita dauden.
CIA bere zenbait agiri desklasifikatzen eta argitaratzen ari da azkeneko urteotan, eta horietatik batzuetan agertzen dira Euskal Herriko egoera politikoari buruzko aipamenak, batez ere ETAren jardunari buruzkoak. Terrorismoaren azterketa izena zuten, eta ia astero osatzen zituen agirietan agertzen dira Euskal Herriari buruzko aipuak sarritan. Gatazkan zeuden mundu osoko lekuetako analisiak egiten zituen CIAk. 1984ko urtarrileko horrelako agiri batean agertzen da Gonzalezi, mertzenarioei eta GALi buruzko aipu hori.
Segurtasun zerbitzuei lotua
Badira GALi buruzko aipu gehiago CIAren paperetan. 1984ko azaroko beste dokumentu bat esplizituagoa da, Felipe Gonzalez bera aipatzen ez duen arren: «GAL izenaz ezagutzen den anti-ETA talde parapolizialak —AEBen Madrilgo eta Parisko enbaxaden arabera, loturak ditu Espainiako segurtasun zerbitzuekin— beldurra eta nahasmena erein ditu terroristen artean, eta haien eraginkortasun operazionala murrizten lagundu du». PSOErena gobernu berria zen 1984an, eta hark «ETAren terrorismoaren aurka» zer bide hartu zuen aztertu nahi zuen CIAk; horretarako prestatu zuen 24 orrialdeko txosten berezi bat, Espainia: euskal terrorismoa eta gobernuaren erantzuna izena duena, 1984ko azaroan.
CIAk uste zuen Gonzalezen gobernua bigunagoa izango zela ETArekin, baina 1982an gobernura iritsi zenetik aurrerapen handiak egin izana aitortzen zion agiriak. Eta zehazten zuen estrategia bikoitza izan zuela Madrilek: euskaldunei «kontzesio» politikoak egitea —Gernikako Estatutua—, eta legeak gogortu eta polizia indarrak sendotzea. Horiekin batera, ordea, CIAk beste faktore bat aipatzen zuen, Gonzalezek gobernua irabazi zuenetik ETAren aurkako jardunean izandako «gertakaririk garrantzitsuena»: GAL. Zergatik? GALek lortu zuelako, Ipar Euskal Herrian atentatuak eginez, Frantziako Gobernuak abandonatzea errefuxiatuei babes emateko politika. Orduan hasi zen Paris iheslariak estraditatzen. CIAk zalantzarik gabe lotzen ditu GALen jarduna eta Frantziako Gobernuaren aldaketa, eta inteligentzia agentziari gertakari hori iruditzen zaio urte haietako esanguratsuena.
GALen jatorria ezezaguna dela idatzi zuen CIAk agirian —OAS eta Frantziako Legioa aipatu zituen mertzenarioen jatorri gisa—, baina, iturria argitu gabe, erantsi zuen «susmo oso sendoak» zeudela Espainiako Gobernuaren eta GALen arteko loturen gainean. Ohartarazpen argi hau eman zuen: «Madrilen ustezko inplikazioa baieztatuko balitz, Espainiako Gobernuaren eta Alderdi Sozialistaren kredentzial demokratikoak oso serioski zikinduko lirateke».
2016tik publiko dira agiriak, baina CIAk agiri desklasifikatuentzat prestatua daukan webgunean galduta egon dira, egunotan La Razón egunkariak atera dituen arte. Normalean, hor jarritako dokumentuek ez dute informazio konfidentzial edo larririk ematen. Prentsan irakurritako eta enbaxadetara iritsitako informazioekin egoeraren azterketak egiten zituzten; hori dira orain zabaldu diren agiriak. Baina haien oihartzunak berriro piztu du Espainiako Gobernuaren eta gerra zikinaren arteko erlazioen auzia.
Kongresuan agertzeko
EH Bilduk Felipe Gonzalezen eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldiak eskatu ditu Kongresuan, azalpenak eman ditzaten. Eta Kongresuari eta Senatuari galdegin die ikerketa batzordeak sor ditzaten. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Espainiako trantsizio eredua kritikatu du, eta erantzukizuna eskatu du: «Zintzotasuna eta erantzukizuna eskatzen dut. Eta jende guztiak esan dezala zer egin duen eta zer ez». Egiari Zor taldeak ere erantzukizuna eskatu du, eta Sekretu Ofizialen Legearen pean ezkutatuta dagoen dokumentazio guztia agertzeko ere bai.
GAL, Felipe Gonzalez eta CIA
Espainiako presidente izan zenak Kongresuan azalpenak eman ditzala eskatu du EH Bilduk, jakin baita CIAren 1984ko agiri batzuen arabera prest zegoela ETAren aurka mertzenario taldeak sortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu