Gaur 37 urte bete dira ETAk Clement Perret hil zuenetik. Biktimen Oroimenezko Gaisteizko Zentroak urteurrenaren berri eman zuen atzo sare sozialetan, eta «Frantziako industrialari» izendatu zuen, gerra zikinean izan zuen garrantzia aipatu gabe. Mezu horrek zeresana eman zuen sare sozialetan, eta jende askok kritikatu zuen zentroa. Foro Sozial Iraunkorrak gerra zikinaren biktimak birbiktimizatzea egotzi dio ohar baten bidez zentroari: «Clement Perreten kasuan ere, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Gasteizko Zentroak beste aukera bat galdu du Estatuaren biktimak ez birbiktimizatzeko. Izan ere, atzo, ETAk Perret hil zueneko 37. urteurrenaren bezperan, sare sozialetan argitaratutako mezuan, Memorialak ez du aipatu giza eskubideen urraketan izan zuen erantzukizuna, zehazki gerra zikinean».
Foro Sozialak gutun bat bidali zion uztailaren amaieran Florencio Dominguez Biktimen Oroimenezko Gasteizko Zentroaren zuzendariari, eta eskatu zion Meliton Manzanas, Clement Perret, Carrero Blanco eta antzekoei egiten dieten tratamendua berraztertzeko. Bestalde, zentroaren patronatuan dauden erakundeei —Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Gasteizko Udala— eskua hartzeko eskatu zieten. Foro Sozialaren arabera, ez dute inoren erantzunik jaso.
Ez da Biktimen Oroimenezko Zentroak antzeko adierazpenak egiten dituen lehen aldia. Abuztuaren 3an, inspektore soil gisa gogoratu zuen Meliton Manzanas, eta ez zuten ezer aipatu Manzanasek frankismo garaiko indarkerian izan zuen erantzukizunari eta dozenaka atxiloturi egin zizkien torturei buruz. Iaz ere adierazpen bertsuak egin zituen bi pertsonon inguruan.