Trans legea indarrean sartzearekin batera, orain indarrean dauden zenbait prozedura eten egingo dira, eta berriak ezarriko dira. Hauek dira gakoak:
Despatologizazioa
Sexu aipamena aldatzeko prozesua erraztea du helburu lege proiektuak, eta, horretarako, bide emango dio genero identitatearen autodeterminazioari. Hori hala, erregistro zibileko sexu aipamenean aldaketa eskatzeko ez da exijituko eskabidea egiten duenak inolako prozedura medikotan parte har dezala. Ez da galdegingo psikologoen oniritzirik edo medikuaren txostenik, ez eta erregistroko moldaketa egin nahi duenak bere gorputzean aldaketak egitea ere; ez hormona bidez, ezta ebakuntza bidez ere.
Adina
Lege testuan jaso dutenez, erregistroan sexu aipamena aldatzea 12 urtetik aurrera eskatu ahal izango dute, baina adinaren arabera hainbat muga izango dituzte. 16 urtetik gorako herritarrek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea. 14 eta 16 urte artekoek, berriz, tutoreek edo gurasoek lagunduta egin beharko dute. 14 urtetik beherakoei ez die genero autodeterminaziorako eskubiderik aitortzen legeak: 12 eta 14 urte artekoek sexu aipamena aldatu nahi izanez gero, epai batek eman beharko die horretarako onespena. Gainera, halakoetan, epaileak froga dokumentalak edo lekukotasunak galdegiteko aukera izango du, beharrezkotzat jotzen badu. 12 urtetik beherako haurrek izena aldatu ahal izango dute nortasun agirian.
Eskubideak
LGTBI kolektiboko kideen eskubideak bermatzeko neurriak jaso ditu legeak. Diskriminazioaren aurkako neurriak proposatzen ditu enpleguaren, osasunaren, hezkuntzaren eta administrazioaren esparruetan. Gainera, ernalkuntza lagunduko teknikak erabiltzeko eskubidea eta aukera aitortu die emakume lesbianei, bisexualei, bikotekiderik gabeei eta haurdun gera daitezkeen transei.
GAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu