Euskaraldiaren oinarrian hizkuntza ohiturak aldatzeari buruzko teoriak daude; besteak beste, Soziolinguistika Klusterrak azken urteetan Aldahitz proiektuaren bidez finkatu dituen oinarriak. Hain justu ere, «kultura soziolinguistiko berria» zabaldu nahi dute Euskaraldiarekin. Hona hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean jorratu nahi dituzten giltzarri eta mezu nagusiak:
1. Posible da. «Desaktibatu beharko litzateke hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila delako ustea. Horren ordez, mezu eraikitzailea behar genuke zabaldu, azpimarratuz zein baldintza sozial prestatu behar ditugun hizkuntza ohitura aldatzeko prozesua errealista izan dadin. Horretan kokatu beharko genuke ahobizi eta belarriprest dinamika kolektiboa».
2. Ulertzen dutenak. «Praktika arrunta bihurtu beharko litzateke euskaldunek euskaraz egitea euskaldun hartzaileei [ulertzen dutenei], haiek euskaraz hitz egiteko zailtasunak eduki arren».
3. Ele biko elkarrizketak. «Euskaraz egin nahi duenak prest egon beharko luke ele biko elkarrizketei eusteko, solaskideek, euskaraz ulertu arren, erdaraz dihardutenean».
4. Ulermena. «Euskararentzat hizkuntza eremu trinkoak zabaltze aldera, ulermen unibertsalaren beharra ezarri beharko litzateke lehentasuntzat».
5. Lehenbiziko hitza. «Ohikoa izan beharko luke ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egiteak».
6. Oinarria: erabilera eta erabilera. «Ez dago ihesbiderik: erabilerak erabilera elikatzen du. Euskararen erabilera, helburua baino gehiago, prozesu osoaren motorra eta eragilea da».
7. Helduak. «Helduek dute haur eta gazteentzat hizkuntza eredu izatearen ardura. Ez du zentzurik besteei eskatzeak norberak egiten ez duena».
GAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu