Gaizka Astorkizaga Fito euskal preso ohia espetxeratu dute. Iazko ekainean bi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta urtarrilean agindu zuten hura kartzelatzeko, «desordena publikoko» delitu batengatik.
Astorkizaga eta Valentina Morisoli 2020ko azaroan atxilotu zituzten, Auzitegi Nazionaleko epaile Jose de la Mataren aginduz. Orduan, bederatzi hilabete egin zituzten behin-behinean preso, 2021eko ekainera arte. Iñaki Bilbao eta Patxi Ruiz euskal presoek eginiko gose grebaren harira Muxikako eta Foruko (Bizkaia) bi tren geltokitan «sabotaje ekintzak eta margoketak» egin izana eta «terrorismoa goratzea» egotzi zieten.
Astorkizagaren aurkako beste auzi bat ere bada Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak hemezortzi urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, Ean (Bizkaia) egindako «sabotaje ekintza» batengatik. Gainera, auzi honengatik espetxeratu aurretik, Astorkizagak ia lau urte egin zituen espetxean. Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe zigorra ezarri zion, baina Auzitegi Gorenak lau urtera murriztu zuen hura. Ertzaintzak 2012ko uztailean atxilotu zuen. Orduan, Eleak mugimenduak «herri harresi» bat antolatu zuen. Astorkizaga atxilotzean, liskarrak izan ziren, eta Poliziak sei lagun atxilotu zituen.