Krisia Osasunbidean. Kudeaketa ezbaian

Gaixoak okerrera egin du

Hiru urtean hiru zuzendari kudeatzaile izan ditu Osasunbideak; Cristina Ibarrolak hartu berri du kargua, Juan Jose Rubiok dimisioa eman eta gero. Marta Beraren kudeaketa ezbaian jarri du Rubioren irteerak; sindikatuek osasun arloa pribatizatzeko kontseilariaren asmoak salatu dituzte.

edurne elizondo
Iruñea
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Okerrera egin du. Eta osatzeko aukera handirik gabe, gainera, zenbaiten ustez. «Osasunbidea deseginda dago», erran du LABeko kide David Mendazak. Nazioartean eredu eta ikur izan da Nafarroako osasun zerbitzua, herrialde horretako agintarientzat. Maldan behera egin du, ordea, azken urteotan, profesionalek, sindikatuek eta herritarrek behin baino gehiagotan salatu izan dutenez. Marta Berak zuzentzen du Osasun Departamentua 2011. urtetik. Denen kontra aritu da hasieratik lanean. Kontseilari izendatu zutenetik, hiru zuzendari izan ditu Osasunbideak, egoera ezegonkor horren adierazle. Juan Jose Rubio izan da kargua uzten azkena. Osasunbideko «gardentasunik eza» salatuz alde egin du, kontseilariak kargutik kendu baino egun bat lehenago. Egituraren zurruntasuna eta funtzionatzeko arazoak mahai gainean jarrita. Berak bere tokian jarraitzen du, Nafarroako Gobernuko buru Yolanda Barcinaren babesarekin. Rubio «egoerara egokitzeko» gai ez dela izan erran du Berak. Eta Cristina Ibarrola jarri du hark hutsik utzitako tokian. Rubiok eta Berak, biek hartuko dute hitza, gaur, parlamentuan.

Osasun Departamentuak izan du gorabehera gehien, Nafarroako Gobernuko guztien artean, legegintzaldia hasi zenetik. Dimisioak izan dira, eta kargugabetzeak; baina, batez ere, departamentua nora ezean aritu den sentsazioa nagusitu da langile, herritar eta gizarte talde gehienen artean. Nora ezean, eta denen kontra: herritarrek eta alderdiek karrikan eta parlamentuan egin diete aurre Marta Beraren politikei. Presio horrek izan du eraginik, eta lortu du bertan behera uztea, edo, neurri batean, behintzat, indargabetzea, kontseilariak legegintzaldirako izar gisa aurkeztutako hainbat proiektu.

Horien artean nagusietako bat izan da oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko dekretua. 2012ko abenduan aurkeztu zuen Berak, Yolanda Barcinarekin batera. Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen, 2013ko otsailean. Nafarroako Ospitale Guneko sukalde zerbitzua pribatizatu eta Mediterranea de Catering etxearen esku uzteko urratsa ere Berak egin zuen. 2013ko urtarrilean jarri zen martxan. Kontseilariaren porroten artean, nabarmenenetakoa izan da sukaldeena. Milaka eta milaka kexa jarri dituzte ospitaleetako gaixoek; profesionalek eta sindikatuek zerbitzuaren kontra egin dute; eta Kontu Ganberak ere agerian utzi du zerbitzua merkeagoa izanen litzatekeela publikoa balitz. 670.000 euro aurreztuko lirateke, urtean.

Badira eztabaida piztu duten bertze hainbat auzi: ospitaleen nahiz laborategien bateratzeko prozesua, itxaron zerrendak handitzea, hainbat zerbitzu erietxe pribatuetara bideratzea, botikak berriz ordaintzeko beharra... Pribatizazioaren itzala egon da Marta Beraren kudeaketaren atzean, hasieratik, hainbat taldek eta sindikatuk salatu dutenez.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Osasun kontseilaria; 1993tik 1997ra Ernst & Young enpresan aritu zen, eta 1997an, berriz, Nafarroako Merkataritza Ganberarekin egin zuen bat. Osasun Departamentuko buru 2011. urteko uztailean izendatu zuten.

«Osasun arloaren esparrua anitz ezagutzen ez dudanez, nire lehendabiziko zeregina izanen da denekin hitz egitea, eta profesionalak eta herritarrak entzutea. Finean, haientzako ari gara lanean. Gauzak ahalik eta hobekien egin behar ditugu». Hitz horiekin hartu zuen kargua Berak. Egun, asmo horietatik ezin urrunago dago kontseilaria. Hori uste du Iñaki Morenok, Nafarroako Osasun Plataformako kideak.

Hamaika sindikatuk, gizarte taldek, profesionalek eta herritarrek egin dute bat plataforma horretan; eta denek dute helburu bera: osasun sistema publikoaren defentsa egitea. Nafarroako Osasun Departamentuaren politikak eta pribatizazio asmoak salatu dituzte, behin eta berriz.

Pribatizazioa, helburu

Rubioren dimisioari buruz, garbi mintzatu da Moreno: «Argi gelditu da ekinbide pribatua ari dela Osasun Departamentua zuzentzen. Horrek kudeaketa arazoak sortzen ditu departamentu barruan, eta ardura duten pertsonen artean. Berak gobernuaren pribatizazio asmoei jarraipena eman die. Ez da hutsetik hasi. Asmo horiek egia bilakatzeko bertze bideak aztertzen ari da, ordea. Sukaldeena da adibide bat. Ikerketa ere Opus Deiren esku utzi dute, eta Ehun Bankua martxan jartzeko urratsa ez dute egin, transplanteen gaiak Klinika Unibertsitarioaren esku jarraitzea interesatzen zaielako».

Murrizketak ere osasun arloa pribatizatzeko asmoekin lotu ditu Nafarroako Osasun Plataformako kideak. LABeko kide David Mendazak datu bat jarri du mahai gainean, mozketa horiek eragindako errealitateari buruz: «Lau urtean, 2009tik 2013ra, 800 lanpostu galdu dira Osasunbidean».

Murrizketek asmo argia dute, Morenoren hitzetan: «Sistema publikoa desegin nahi dute, herritarren aurrean pribatizazioa aukera bakartzat aurkeztu ahal izateko. Sistema jota dago, eta orain behin betiko hondoratzeko arriskua bada».

Pribatizazioaren arriskua lehen mailakoa da David Mendazaren ustez ere. «Rubiok berak erran zuen Osasunbidea deseginda dagoela. Eta hala da. Egoera horren lehendabiziko erantzulea Marta Bera da. Azken hamar urteotan egin du behera zerbitzuak, baina 2011tik are nabarmenagoa izan da gainbehera. Arazoek okerrera baino ez dute egin».

«Krisi larria» du osasun sistema publikoak, LABeko kidearen ustez. Beraren esperientzia falta aipatu du Mendazak, batetik, egoera hori ulertzeko; bertzetik, berriz, Mendazak uste du Barcinak postu hori eman ziola Osasunbidea desegiteko: «Zatitan banatu, eta salgai jartzeko».

Zerbitzuak antolatzeko moduak badu horrekin lotura,LABeko ordezkariak azaldu duenez. «Ospitaleetan sailak sortu dituzte, adibidez. Pribatizazioa errazteko trantsiziozko urratsa da, sail horiek pribatizatzeko aukerari atea zabaltzeko».

ELAko Ivan Gimenezek ere gogor kritikatu du Osasun Departamentuan gertatzen ari dena, bai eta Marta Beraren kudeaketa ere. «Osasunbidea galbidera daramate, eta nahita, gainera». UPNko gobernuaren asmoa da ekinbide pribatuari mesede egitea, Gimenezen hitzetan. Iritzi horrekin egin dute bat Mendazak eta Morenok ere. «Negozioa egiteko esparru bilakatu dute osasun sistema», erran du Morenok.

Gobernuaren asmoek parlamentuko oposizioko taldeen kontra egin dute, anitzetan; herritarren presioa zer den ere badaki Marta Berak. Hamaika izan dira haren kontra antolatu elkarretaratzeak eta manifestazioak. Epaitegietan ere egin dute kontseilariaren erabakien kontra. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, adibidez, paperik gabeko etorkinak artatzeko dekretua baliogabetu zuen, nahiz eta gero berriz baimendu. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ere bertan behera utzi du Oinarrizko Osasun Eremuen egitura hainbat herritan, gizarte langilea lantaldetik at uzteagatik.

Udalak, hain zuzen ere, aurrean izan ditu Marta Berak legegintzaldi osoan. Batez ere, landa eremukoak. 170 udalek baino gehiagok bat egin dute, haien herrietan jasotzen duten zerbitzua salatzeko. Parlamentuak Beraren erreforma bertan behera utzi eta gero, bertze plan bat osatu zuen Osasun Departamentuak. «Egoerak okerrera egin du. Lantaldeak txikitu egin dituzte; ez dituzte gure eskubideak bermatu; abandonatu gaituzte», salatu du Erronkariko zinegotzi Amparo Viñualesek.

Gimenezek salatu du, gainera, oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko plan berriak ez duela legea betetzen. «Langileok eta herritarrok sistema publikoa defendatu behar dugu; ez dugu beste aukerarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.