Gaixo handi diren presoak askatzeko eskatu dute espetxe aurrean

Kalera Kalera dinamikak antolatutako mobilizazioetatik lehena izan da Zaballako kartzelarako martxa. Iparragirre erietxe batean atxikitzeko erabakia salatu du AEMk

Zaballako espetxearen aurrean amaitu zen atzo presoen alde eginiko martxa. BERRIA.
gotzon hermosilla
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Berrehun pertsona inguruk parte hartu dute Zaballako espetxeraino (Araba) Kalera Kalera dinamikak antolatu duen ibilaldian. Batez ere, gaixo handi diren presoen afera ekarri dute gogora, eta preso horiek libre uzteko eskatu dute. Izan ere, Zaballako espetxean dago Txus Martin, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten 22 euskal presoetako bat, Etxerat-en zenbaketaren arabera.

Subillatik abiatu da martxa, eta Zaballako espetxerainoko tartea egin dute trikitiaren doinu, suziri eta euskal preso eta iheslarien aldeko oihu artean. Espetxe aurrera iritsitakoan, Euskal presoak kalera leloa idatzia zuen pankarta handi bat zabaldu dute.

Hauxe izan da Kalera Kalera dinamikak euskal preso eta iheslarien alde Gabonetan antolaturiko ekitaldi sortako lehenengoa. Hurrengoa datorren larunbatean, abenduaren 30ean, Iruñean egingo den manifestazioa izango da, Ez dugu izaterik aske haiek gabe; Iruñerria kalera, presoak etxera goiburupean. Abenduaren 31rako, berriz, Martuteneko espetxerako martxa (Gipuzkoa) eta Basauriko kartzelaren aurreko elkarretaratzea (Bizkaia) antolatuko dituzte.

Kalera Kalera dinamikak azaldu duenez, ekitaldi horien guztien helburua da gogoraraztea Eguberrietan «hutsune nabarmenak» egongo direla «mahai askotan»: «305 preso politiko haien senideengandik urrun egongo dira, eta ehun bat iheslari eta deportatuk ere ez dute haien etxeetan eta maite dituzten horiekin egoteko aukerarik izango». Kalera Kalera dinamikaren iritziz, «ehunka preso eta erbesteratu dauden bitartean ezin izango dugu esan benetako bakea dugunik».

«Egiturazko indarkeria»

Ibon Iparragirre presoa Arrasateko (Gipuzkoa) erietxe bateko gune itxian atxikitzea erabaki zuen herenegun Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza epaileak, eta horri buruzko balorazioa egin zuen atzo AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Esan duneurri hori eta euskal presoei ezartzen dizkieten gainerakoak ere «helburu politikoak bilatzen dituen egiturazko indarkeriaren emaitza» direla. AEMk gogora ekarri du hori agindu duen epailea, Jose Luis Castro, izan zela Enrique Rodriguez Galindo GALen auziagatik zigortutako Guardia Zibilaren jeneral ohiari hirugarren graduaren aplikazioa eta baldintzapeko askatasuna onartu ziona «osasun arrazoiengatik».

Bestalde, Gasteizen omenaldia egin zioten atzo iluntzean Javier Perez de Nanclares errefuxiatu zendu berriari. Joan den azaroan hil zen, Mexikon, bihotzekoak jota. 1978ko abenduaren 6an ihes egin zuen sorterritik, Gasteiztik, eta 1987tik bizi zen Mexikon. Omenaldian, Perez de Nanclaresen eta haren belaunaldiko kideen «konpromiso militantea» eta «egindako ekarpena» goretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.