Gaixo dauden presoen aurrekari izan nahian

Baldintzapean askatu dute Lorentxa Gimon larri eri den preso angeluarra.Hamahiru urte igaro ditu espetxean.Gaixo dauden bertze presoei askatzeko bidea zabaltzea espero dute eragileek

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Asteetako mobilizazioaren ondotik eta espetxean hamahiru urte egin eta gero atera dute Lorentxa Gimon (1969, Angelu, Lapurdi) Roazhongo kartzelatik (Bretainia). Harrabots handirik atera gabe itzuli da etxera, ordea. Izan ere, Gimonen beraren eta senideen eskariz, ez diote harrera berezirik egin, ez espetxe atarian, ez herrian. «Haren osasunak du lehentasuna», adierazi du Emilie Martin Bagoaz-eko bozeramaileak. Etxera itzulita, hain justu, azken hilabeteotan hiru aldiz ospitalera eraman duen gaitzari arreta osoa eskaintzeko aukera izanen du. Aitzina begira ekitaldiren bat egitea ez dute baztertzen, baina ez du deus zehaztu Martinek: «Ikusiko dugu denborarekin. Ez da hori garrantzitsuena».

Parisko Dei Auzitegiaren erabakiz atera zen Roazhongo espetxetik Gimon, atzo goizean. Baldintzapean utzi dute aske, baina bere eritasunari aurre egiteko behar adinakoa izango da. Eskumuturreko elektronikorik ez du eraman beharko, erraterako. 2003an atxilotu zuten Angeluko presoa, eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zion Frantziak, ETAko kidea izatea egotzita. Chronen eritasuna pairatzen du 1991tik, eta hilabeteotan anitz egin dio gaitzak okerrera, ospitalera eraman behar izateraino. Baldintzapean aske uzteko eskatu zuen 2014ko udaberrian, eta 2015eko azaroan eman zuen epaitegiak lehen erabakia: baiezkoa. Prokuradoreak dei eginik, ordea, otsailaren 25era arte itxaron behar izan du kartzelatik ateratzeko baimena izateko.

Gimonen askatzea bertze preso erientzako aurrekari izan daitekeela uste dute zenbait eragilek. Bagoaz-eko Martinek, erraterako: «Eramana izan den dinamikari esker atera dute Lorentxa Gimon, gure ustez, eta espero dugu aurrekari bat izatea eri diren beste presoentzat». Lannemezanen (Okzitania) daukaten Ibon Fernandez Iradi presoa du gogoan, bereziki. Izan ere, horixe da larriki eri diren bertze presoetatik Frantziako espetxeetan gelditzen den bakarra. Martinek ez du uste eragina berehalakoa izanen denik, egoera ere ez baita bera—baldintzapekoa izan beharrean, zigorra etetea eskatua du Fernandez Iradik—. Horretan indarra eginen dute, halere: «Lorentxa askatu badute, zergatik ez Ibon? Haren eritasuna ere larria da».

Espainiako kartzeletan gaixo dauden presoentzako ere izan daiteke adibide Gimonen kasua, Bagoaz-ekoaren hitzetan: «Lortzen bada Frantziak pauso batzuk ematea, nahi eta nahiez eragina izango du Espainian ere, edo behintzat zerbait mugiaraziko du. Horretan konbentzituak gara». Itxaropen hori erakutsi zuen atzo Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak ere: «Frantziako Gobernuaren eta Frantziako Justiziaren borondatea iritsi da, eta espero dugu Espainiako Gobernuak gertaturikoa aintzat hartzea».

Maritxu Paulus Basurko abokatua eszeptikoagoa da Gimonen kasuak izan dezakeen eraginarekin: «Erabaki hori kasu bat da, kasu bat bakarrik». Haren hitzetan, epaileek ez dute euskal presoekiko jarrera aldatu, ezta Gimoni dagokionez ere: «Deliberoan segitzen dute esaten presoek behar dutela kritika egin iraganaz, ETAk ez dituela oraindik armak itzuli... eta hori guztia txartzat hartzen dute. Kasu honetan osasun egoera denaren gainetik pasatu da, larritasunagatik». Bertze baldintzapeko eskaeretarako, beraz, ez luke ondoriorik: argudio horiexegatik ukatu dituzte Frantzian orain arte eskaturiko baldintzapeko guziak.

Bagoaz-ek bezala, halere, Paulus Basurkok ere uste du herritarren mobilizazioak baduela eraginik: «Kanpoko mugimendua beti lagungarria da, nola ez. Kasu horretan, eta beste guztietan. Beti errazagoa da aurrera eramatea gizarte osoak bat egiten duen kasu bat». Ez dauka argi, halere, protestarik izan ez balitz zer gertatuko litzatekeen: «Mobilizazioek laguntzen dute, beti baitago parte subjektibo bat erabakian. Baina parte objektiboak hor garrantzi izugarria hartu du». Martinek arreta handiagoa ezartzen dio «parte subjektibo» horri: «Ez bazen ezer izan, ez dut uste askatuko zutenik». Borrokan segitzeko indarra eman die horrek: «Ikusi dugu mobilizazioak eta herri dinamikak balio duela presoen askatzeko». Bretainian eta Angelun bertan sentsibilitate askotariko jendea batu dela nabarmendu du: «Lorpen txiki batzuk inportanteak dira».

Urko Labaka ere, aske

Etxerat elkarteak atzo jakinarazi zuenez, bestalde, Urko Labaka Altzako (Gipuzkoa) presoa astelehenean atera zen Foncalenteko espetxetik (Alacant, Herrialde Katalanak). 2011ko martxoan atxilotu zuten, Willencourten (Frantzia), eta sei urteko espetxe zigorra beteta atera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.