Gaitzak hesitzeko lezioa ikasten

Orain dela hiru urte, aurrez irudikatzen ere zaila zen neurri bat hartu zen munduko bazter askotan COVID-19aren aurka: konfinamendua. Osasun publikoaren eremuko baliabideetara begira, osasun sistemek indartu eta hobetu dituzte neurriak ordutik, baina, hala ere, oraindik bada zeregina franko.

Jendea leihoetan, 2020ko martxoan, etxetik irteteko arau oso zorrotzak zeuden garaian. IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Arauz betetako bizitza bat hasi zen, lau paretaren artera mugatua usu, harreman talde txikietara: konfinamendua. Garai urrun batean gertatzen ziren izurriekin hartu beharreko neurria zirudien, oso aspaldikoa, baina 2020ko martxoan, orain hiru urte, COVID-19aren datuak gora ari ziren etengabe, erietxeetan presioa gero eta agerikoagoa zen, eta tankerako neurriak orokortzen hasi ziren. Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean jarri zuen indarrean alerta egoera; Frantziako Gobernuak martxoaren 16an konfinamendua. Munduaren martxa gerarazi behar izan zuten. Hasiera besterik ez zen izan: izurriaren lehen olatuari eman zitzaion erantzuna. Atzetik, olatu gehiago heldu ziren, eta jendearen joan-etorriak eta topaketak mugatzeko neurri gehiago.

Baretu da gaitza, baina osasun sistemek egun izurriei aurre egiteko mekanismoak trinkotu dituzten jakitea garrantzitsua da. Osasun arloko aholkulari Rafael Bengoak, Valentziako Unibertsitateko Osasun Publikoko katedradun Ana Maria Garciak eta Adrian Aginagalde epidemiologoak ikusi dituzte aurrerako urratsak. Baina bada zeregina.

RAFAEL BENGOA
Osasun arloko aholkularia
«Oraindik ere lan handia dago segurtasuna handitzen»

Rafael Bengoak uste du COVID-19aren pandemiaren ostean indartu direla tankerako egoerei aurre egiteko baliabideak, baina uste du bide luzea dagoela egiteko: «Oraindik ere lan handia dago segurtasuna handitzen». COVID-19arena baino are larriagoak izan daitezkeen izurriak hel daitezkeela gogorarazi du: «Hilgarriagoa den birus bat izan daiteke». Klima larrialdiaren ondorioz, gainera, halakoen arriskua handitu egin da. «Gu geu gara arazoa, ez birusak».

Igaro hiru urteotan ikasitako lezioen harira, hainbat administrazio berriz tankerako ataka zailetarako bideak lantzen ikusi ditu: «Hainbat tokitan prestatzen ari dira mehatxu global bat agertu eta, adibidez, ehun egunen buruan txerto bat izateko, medikamentu berriak garatzeko, babeserako ekipamenduak edukitzeko, zainketa intentsiboetako unitateak izateko, albiste faltsuei aurre egiteko baliabideak eskura edukitzeko... Zerrenda luzea da, eta horri begira argi ikusten da lan handia dagoela egiteko». Arlo askotan batera jardun behar da, gainera. «Eta agintariak arlo horietan guztietan ari direla jakiteak konfiantza eman behar digu pentsatzeko hurrengo batean pandemiaren kontrola hobea izango dela».

Beste biderik ez dagoela ohartarazi du: «Ez dakigu zein birusek egingo digun eraso hurrena, baina zera aurreratu daiteke: osasun sistema publikoaren erantzun abiadura eta gaitasuna hobetu beharko dira, eta baita osasun sistemaren azpiegitura ere».

ANA MARIA GARCIA
Osasun Publikoan katedraduna
«Osasun sistema publikoko egitura sendo bat behar da»

Aurrerabideak ikusi ditu hiru urteotan Ana Maria Garciak ere. Lehen mailako osasun arretak zamatuta eta ahulduta jarraitzen duen heinean, ordea, osasun sistema indartzeko neurriak herrenak izango direla ohartarazi du: «Eta ez da erabaki politiko argi bat ikusten lehen mailako artan baliabideak handitzeko, lan baldintzak hobetzeko». Adinekoen artara begira ere izurriak gabezia handiak agerian utzi dituela oroitu du, hor ere eragin behar dela: «Eta hor ere ez da aparteko mugimendurik ikusi».

Behaketa epidemiologikora begira-eta, ordea, sumatu ditu aldaketak. «Izurriaren prozesuak berak ekarri zituen zenbait hobekuntza». Espainian osasun publikoaren arloko lege berri bat ontzen ari direla gogoratu du, horren barruan osasun publikoko agentzia bat eratzeko bidea ireki dela, eta hor etor daitekeela aintzat hartzeko urrats argi bat.«Egin beharrekoa zen lege hori, baina badirudi pandemiak arindu egin duela prozesua. Orain arte ikusi ditugun zirriborroak arrazoizkoak dira». Erkidegoek ere martxan dituzte osasun publikoko legeak; Eusko Legebiltzarrean ere, esaterako, abian da. Nafarroan osasun plana ondu dute, 2025era arteko asmoekin.

Bide horietan, gaitz infekziosoak garaiz atzemateko sistema sendoago bat «eraikitzeko bidean» ikusten du Garciak. Baina gaitz infekziosoetarako edo pandemia egoeretarako bakarrik ondutako egitura bat meharregia izango dela ohartarazi du. Askoz ere zabalagoa da osasun publikoa, eta begirada irekia eskatzen du: «Adi begiratu behar zaie osasunean eragiten duten aldagai guztiei; asko dira, askotarikoak». Pandemia aurretik ere arloan urratsak egiten hasiak zirela azaldu du, indartu egin direla urteotan, eta irmo jarraitu behar dela: «Izan ere, zera izan behar dugu argi: osasun publikoko arazoak ez dira izurri moduan bakarrik etorriko. Klima aldaketarako eta beste egoera askotarako ere prestatu behar dugu. Osasun sistema publikoaren egitura sendo bat behar da, arazo askori begira egongo dena, arazo horietako askok, inolako dudarik gabe, okerrera egingo baitute». Alor jakin batzuetara begira, bereziki, inbertsioa handitu egin behar da, hamarraldi askotan gailentzen utzitako joerak alboratuta: «Lehen mailako arta oraindik osasun arloko adar behartsuena da; osasun publikoa, behartsuetan behartsuena».

Nazioartera begira ere ikusi ditu aldaketa onak. EB Europako Batasunean «egitura berriak» eratu dira. «Eta herrialde gehienek berrikusi dituzte gaitzen behaketarako erakundeak».

ADRIAN AGINAGALDE
Epidemiologoa
«Aurrerapauso handiak ez dira eman, baina bidean gaude»

Adrian Aginagaldek norabide egokian hartutako erabakiak ikusi ditu urteotan. «Aurrerapauso handiak ez dira eman, baina bidean gaude». Espainiako legerian izan diren berrikuntzetarabegira, esaterako, behaketa epidemiologikorako dekretua, behaketarako estrategia eta osasun publikoko estrategia landu eta garatu direla adierazi ditu, eta horiei lotuta garatuko direla aldaketak. Egiteko daudenen artean, osasun publikoko erabakiak eskubide zibilei dagokienez «segurtasun juridikoarekin» hartzeko «arauen» falta ikusten du, besteak beste. Eusko Legebiltzarrean ontzen ari diren osasun publikoko legea ere nahiko «zabala» dela adierazi du, eta aldaketak ekarriko dituela. Besteak beste, «alerta goiztiarreko sistema» bat; 24 orduz, urteko 365 egunetan martxan egon beharko du. Esan du EB Europako Batasunean ere «aldaketa garrantzitsuak» onetsi direla herrialdeen arteko «koordinazioa» hobetzeko.

Osasun publikoko baliabideak eta egiturak sarri gaitz infekziosoekin lotzen dira, haien behaketarekin eta jarraipenarekin, baina Aginagaldek ere nabarmendu du gaur egun ikuskera oso estua dela hori. «Zaintza epidemiologikoa, azkenean, metodo bat da gaixotasunak zaindu eta horien inguruan prebentzio eta kontrol neurriak hartzeko». Eritasun infekziosoetarako ez ezik, beste eremu batzuetan ekarpena egiteko ere metodo aski ahaltsua da: eraginkorra. Bide horietan aurrera egite aldera, arloan «baliabide gehiagoren» premia izango dela aitortu du; minbizira, gaitz kardiobaskularretara eta buruko osasunera begira, zeregin handia dago.

Osasun publikoaren ikuskerahori herrialde gehienetan hedatuta dago: «Ohikoena da kutsagarriak eta ez-kutsagarriak jasotzea, eta gainera, determinante sozialak gehitzea gaitz guztietan eragina duten zeharkako ardatz eran». Krisiak usu bidean hazteko bultzada direla oroitu du, eta izurriak ere utzi duela arrastoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.