«Erronka berri bat dugu euskaldunok: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu». Hitzokin aurkeztu zuten atzo Donostian Gaitu kanpaina. Abenduaren 3a bitartean egitea da asmoa, eta Euskararen Egunarekin batera biribiltzea. Batu ditzagun gure ahotsak leloa hautatu dute kanpainarako. Egitasmoa babesten duten instituzioen izenean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde Ana Ollo izan ziren. EEP Euskararen Erakunde Publikoa ere badago kanpainaren atzean, eta agerraldian parte hartu zuten agintari biek nabarmendu zuten euskararen sustapenean administrazioen arteko elkarlanak duen berebiziko garrantzia. Udalen gain egongo da kanpaina sustatzeko lana, hein handi batean, eta Donostiako Udalaren izenean Euskara zinegotzi Edurne Otamendi izan zen agerraldian.
Gaitu.eus webgunea martxan da jendearen ahotsak jasotzeko. Webgunea bera ezagutarazi nahi da kanpainarekin, teknologia berrietan euskararen presentzia sustatzearen garrantziaren berri ere eman nahi da, eta, hainbat egitasmo jakin martxan jarri nahi dira; Donostian, esaterako, abenduaren 3aren bueltan, jendearen ahotsak grabatzeko maratoi handi bat egiteko plana dute. Eta antzeko egitasmo gehiago ere abiatuko dira datozen asteotan.Euskalgintzarekin elkarlanean egingo dira horietako asko, eta agerraldian izan zen, adibidez, Donostiako Bagera elkarteko ordezkari Mikel Irazusta. Adimen artifizialak aldaketa sakon asko dakartzan garaiotan teknologia berrietan euskarari leku egitea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen: «Euskara ezin da izan museoko hizkuntza bat».
Software librea
Librezaleak elkartea eragile da proiektuan, eta elkarteko kideMarko Txopiteak hitza hartu zuen agerraldian. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko plataforma irekia erabiltzen ari dira. Irabazi asmorik gabekoa da, kolaboratiboa eta orain «masiboa» bihurtu nahi dute. Software librearen bidez garatutako sistema baten bidez jardutearen garrantzia nabarmendu zuten atzoko agerraldian. Izan ere, hizkuntza gutxituek aukera gehiago dituzte bide hori aukeratuta. Eta hizkuntza asko egiten ari dira hautua.
Kanpainaren aurkezpenean eman dituzten datuen arabera, 105 hizkuntzatan hasiak dira sistema horren bidez ahots ekarpenak egiten, eta beste hainbatetan ere prestatzen ari dira. Kanpainari buruzko informazioa zabaltzeko onduriko testuetan ere gogoratu dute hizkuntza gutxituak ez daudela enpresa teknologiko handien «asmoetan», eta hiztunen komunitateek aparteko ahalegina egin behar dutela hortoki bat egiteko, bide propioa eginez.
Webguneak bi eginkizun proposatzen dizkie bertan sartzen direnei. Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko era dute, ozenki grabatzen den bitartean. Nahi adina esaldi graba daitezke. Proposatzen den beste eginkizuna da beste hiztunek grabatutako esaldiak balioztatzea, ontzat ematea. Hori ere nahi adinaaldiz egin daitekeen eginkizuna da.
Gaitu kanpaina: euskarazko milaka ahots biltzeko «erronka» abian da
'Gaitu.eus' webgunean sartuta egin daitezke grabazioak. Software librearen emaitza da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu