«Orain dela 46 urte ezagutu nituen lehendabiziko heriotzak. Emakume bat familiartekoei bisita bat egitera etorri zen auzora, eta jaisterakoan, bidea gurutzatu beharra zuen, 7 urteko haurrarekin. Emakumeari ez zion bidea gurutzatzeko denborarik eman. 7 urteko haurra askatu zuen, eta korri egiteko esan. Kamioi batek harrapatuta hil zen ama». Asensio Viaña mintzo da, Lezoko Errekalde auzoko bizilaguna (Gipuzkoa) eta Gaintxurizketako auzo batzarreko kidea.
Azkeneko bederatzi hilabeteetan bi oinezko hil dira Lezo eta Errenteria batzen dituen GI-636 errepidean. Tarte horretan ez dago oinezkoentzako biderik, ezta alde batetik bestera pasatzeko zebra biderik ere. Inguruko bizilagunek ia 50 urte daramatzate errepidearen baldintza okerrak salatzen, baina oraindik ez dute lortu erakundeek ezer egiterik.
Azkeneko hilabeteetan hil diren oinezkoen artean, astelehenean Gaintxurizketan auto batek harrapatuta hil zen 60 urteko emakumea dago. Errekalde hotelaren ondoko Salva enpresak azpikontratatua zuen emakumea, garbiketa lanak egiteko. Emakumea lanera zihoala harrapatu zuen auto batek, eta lan istripua izan zela salatu du Viañak. «Aljeriako emakume bat da, pertsona xume bat. Haren semea Frantzian dago. Horretaz ez da hitz egiten, eta justu bera da istorio honen guztiaren protagonista», adierazi du Iñigo Ugartek. Errekalde auzoko bizilaguna da Ugarte, eta, Viañarekin batera, urte dezente daramatza errepidearen baldintzak hobetzearen aldeko borrokan. Oraindik ez dakite hildako emakumeak nola izena zuen, eta informazio falta salatu dute.
Oinezkoen heriotzez gain, auto istripu ugari izan dira GI-636 errepidean. Istripu ugarien ondorioz, puntu beltza ez baizik puntu oso beltza izateko bidean daudela adierazi du Ugartek: «Kilometro oso gutxian ia urtebetean bi hildako egotea ez da normala». Viañak gogoratzen duenez, gutxienez hamabost lagun hil dira azken 45 urteetan Gaintxurizketako errepidean.
Oinezkoentzako trabak
Egunero, auzoko hainbat eta hainbat bizilagunek erabiltzen dute Gaintxurizketako bidea, eta autorik gabe bertatik ibiltzea zaila dela azaldu du Viañak: «Hemen bizi direnek inguruko herrietara joan beharra dute lanera, ikastera, medikuarengana, erosketak egitera... Bidea gurutzatu beharra dute, nahi eta nahi ez». Autorik gabe, beraz, garraio publikoa hartzen dute bizilagun batzuek, baina horretarako ere trabak daudela dio. Garraio publikoko hainbat geltoki daude tarte horretan: Euskotrenena, autobusena eta Renfeko trenena. Zerbitzu horiek erabiltzeko zailtasunak daude; izan ere, trenetik edo autobusetik jaistean ez dago oinezkoentzako biderik. «Erreka batean bukatzen den bidegorri bat egitea bezala da», halaxe definitu ditu Ugartek zerbitzu publiko horien baldintzak.
Errepideak urteak daramatza horrela, baina lehen zenetik orain denera autoak ugaritu egin direnez arazoa larritu egin dela dio Viañak. Baina hori ez da izan arazoak okerrera egitearen arrazoi bakarra. Orain dela urte batzuk, obra bat egin zuten, Euskotreneko geltokiaren paretik Gaintxurizketako biribilgunera bitarte. Azelerazio bide bat egin zuten, eta errepideak, bi bide izan ordez, hiru ditu orain. Horrek oinezkoak «guztiz izorratu» zituela adierazi du.
Iazko urtarrilean, Joana de Almeida 18 urteko gaztea hil zen GI-636 errepidean, auto batek harrapatuta. Istripua salatu, eta auzitara jo zuen gaztearen familiak. Asteleheneko istripua salatzeko bildu ziren inguruko bizilagunak asteartean, eta bertan izan zen 18 urteko gaztearen ahizpa. Ugarte harekin mintzatu zen, eta istripuaren harira epaiketa bat egon zela kontatu zion ahizpak. Errua hildako gaztearena izan zela esan zien epaileak. «Epailearen ustez, errepidea gurutzatzen baduzu, ekintza ilegal bat egiten ari zara. Ez dago babestuko zaituen zebra biderik. Zu zara jarduera ilegal bat egiten ari dena», azaldu du Ugartek. «De Almeida harrapatu zuen autoaren kalteak haren familiak ordaindu behar dituela ere esan diete epaiketan».
«Errepidea gurutzatzeko eta garraio publikora heltzeko korridore bat izatea eskatzen dugu, auzoa elkartzeko eta babestuta ibili ahal izateko»IÑIGO UGARTEGaintxurizketako auzo batzarreko kidea
Erakundeen erantzunik ez
Joana de Almeida gaztearen heriotzaren ostean, Errenteriako Don Bosco eskolako ikasleek talde lan bat egin zuten, GI-636 errepidea gurutzatzea zer den erakusteko. Proiektu hori Gipuzkoako Diputazioari helarazi ziotela azaldu du Ugartek, baina erakunde hartan ez zuten espero bezain harrera ona izan: «Proiektuarekin, gaztearen gurasoekin eta Don Boscoko zuzendariarekin Gipuzkoako Diputaziora joan ginen. Harrera hotza izan zen. Han traban geundela sentitu genuen». Proiektua ikusiko zutela eta hitz egingo zutela esan zieten, baina iritsi zaien erantzun bakarra aurrekontu bat izan dela azaldu du. «Hori eta ezer ez gauza bera da», uste du.
Proiektu horrez gain, hamaika konponbide proposatu dituzte Gaintxurizketako auzo batzarreko kideek. Proposamen nagusia oinezkoentzako korridore bat egitea dela azaldu du Ugartek: «Errepidea gurutzatzeko eta garraio publikora heltzeko korridore bat izatea eskatzen dugu, auzoa elkartzeko eta babestuta ibili ahal izateko». «Errekalde auzoa lotu egin nahi dugu, bizitza elkarrekin egiteko, baina bizitza arriskuan jarri gabe», gehitu du Viañak.
Erantzun baten esperoan
Semaforo erregulatu bat eta lur azpiko bide bat egitea ere planteatu zuten. Horiez gain, argiteria ere konpondu beharreko zerbait da, Viañaren ustez: «Lanbarrengo biribilgunetik Gaintxurizketako biribilgunera bitarte ez dago argirik, eta errepide horretatik gauez ibiltzea are arriskutsuagoa da». Proposamen guztiak entzuteko prest daude, baina laster erantzun bat jasotzea eskatzen dute.
Urte dezente daramatzate auzo batzarreko kideek ekintzak antolatzen: sinadura bilketak; Don Bosco eskolaren ekinaldiak; bizilagunen babesa; idatziak eta argazkiak bidali dituzte toki guztietara... baina Viañak adierazi du ez dutela erantzunik jaso. Hori ikusita, inguruko herritarrek berriz batzea erabaki zuten: «Orain dela urtebete berreskuratu genuen berriz ekimena, eta, horregatik, oraingoan heriotzaren erantzuna azkarra izan da. Bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela, eta prestatua genuen erantzuna».
«Zerbait egitea lortu beharra dugu; bestela, hemendik gutxira berdin egongo gara: mahai gainean beste heriotza bat dugula»
ASENSIO VIAÑAGaintxurizketako auzo batzarreko kidea
Azkeneko heriotzaren ondoren, ez daude gehiago jasateko prest. «Honetara ezkero, uste dut honek azkena izan behar duela», dio Viañak. Argi du mobilizazioa ez dela amaitu: «Nahiz eta orain arte gauza asko egin ditugun, oraindik ere asko dago egiteko». «Zerbait egitea lortu beharra dugu; bestela, hemendik gutxira berdin egongo gara: mahai gainean beste heriotza bat dugula», gehitu du.
Korridorea egiteak milioi bat euro inguru balio duela esan zien Gipuzkoako Diputazioak Gaintxurizketako auzo batzarreko kideei. Hori horrela, Viañak galdera bat planteatu nahi dio proiektuaren jarraipena egingo duenari: «Guk zati bat jarri dugu jada. Zenbat gehiago jarri behar dugu haiek diru hori jar dezaten?».