Gaindegiak jarduna eten du, zailtasun ekonomikoak direla eta

Mezu soil baten bidez jakinarazi dute behategiko jarduerak eten zituztela herenegun, «zailtasun ekonomikoen eraginez». Aurrerantzean ez dute eduki berririk sortuko eta zabalduko.

Gaindegiaren webgunea, artxiboko irudi batean. GAINDEGIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 2a
10:51
Entzun

Euskal Herriko osoko datu sozioekonomikoen berri izateko aukera galduko dute euskal herritarrek. Izan ere, Gaindegiak iragarri du, bizi dituzten zailtasun ekonomikoen ondorioz, behategiko jarduera eten egin zuela herenegun. Beraz, aurrerantzean ez dute sortuko eta zabalduko eduki berririk. Mezu soil baten bidez jakinarazi dute berria, eta momentuz ez dute beste adierazpenik egingo.

Euskal Herriko langabezia, biztanleriaren bilakaera, migrazioei buruzko azterketak, lurralde desorekak.... Askotariko gaiak landu ditu Gaindegiak 2004an sortu zutenetik, betiere, Euskal Herri osoko datuak emanez. Gainera, lortutako datuak eta emaitzak tresna desberdinen bidez zabaldu izan ditu, esaterako, argitalpen monografikoen, infografien nahiz mapa interaktiboen bidez.

Arlo sozioekonomikotik Euskal Herriaren nazio garapenari lagungarri zaizkion edukiak lantzea eta eskaintzea. Horixe izan da, bere webgunean ageri denaren arabera, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren helburua. Hamazazpi urteko bidean, hiru egiteko nagusi izan ditu: sektore zein lurraldeetako errealitate sozioekonomikoaz informazioa biltzea eta hedatzea; eremu sozioekonomikoan herri xedea duten ikuspuntuak lantzea eta iritzia eragitea; eta elkarrenganako ezagutza, lurralde arteko lankidetza eta sareen garapena sustatzea.

Hamazazpi urteko jarduna egoera ekonomikoak eten du. Irabazi asmorik gabeko elkartea izanagatik ere, aurrera egiteko laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan dute. Ekarpenen bitartez funtzionatzen izan du Gaindegiak; proiektuetarako dirua jaso izan dute erakundeetatik eta, alor pribatutik, batez ere enpresetatik. Duela hiru urte, esaterako, herritarrei eskatu zieten proiektua babesteko. Orduan esan zutenez, diru laguntzarik gabe, «nekez» egin ahal izango zuten egiten zutena; aurrerantzean, ezin izango dute egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.