Gaindegiak bertan behera utzi du bere jarduna, arazo ekonomikoak direla eta

Euskal Herri osoko datu sozioekonomikoak landu izan ditu behategiak 2004. urtetik. Hainbat eragilek «galera handitzat» hartu dute

Gaindegiaren webgunea, artxiboko irudi batean. GAINDEGIA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herriko osoko datu sozioekonomikoen berri izateko aukera galduko dute euskal herritarrek. Izan ere, Gaindegiak iragarri du behategiaren jarduna eten egin duela ekaina amaitzearekin batera, zailtasun ekonomikoen ondorioz. Beraz, aurrerantzean ez dute eduki berririk sortuko eta zabalduko. Mezu soil baten bidez jakinarazi du albistea, eta oraingoz arduradunek ez dute beste adierazpenik egingo.

Euskal Herriko langabezia, biztanleriaren bilakaera, migrazioei buruzko azterketak, lurralde desorekak.... Askotariko gaiak landu ditu Gaindegiak 2004an sortu zutenetik, betiere Euskal Herri osoko datuak emanez. Besteak beste, gai hauek jorratu ditu: datu demografikoak, ekonomikoak, gizarte arlokoak eta ingurumenarekin zerikusia dutenak. Gainera, lortutako datuak eta emaitza horiek hainbat tresnen bidez zabaldu izan ditu: esaterako, argitalpen monografikoen, grafikoen infografien eta mapa interaktiboen bitartez. Haien arabera, «arreta handia» jarri izan diote informazioa erabiltzaile mota guztiek baliatzeko moduan eskaintzeari.

Arlo sozioekonomikoaren ikuspegitik, Euskal Herriaren nazio garapenari lagungarri zaizkion edukiak lantzea eta eskaintzea. Horixe izan da, bere webgunean ageri den azalpenaren arabera, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren xede nagusia. Hamazazpi urteko bidean, hiru egiteko nagusi izan ditu: sektore eta lurraldeetako errealitate sozioekonomikoaz informazioa biltzea eta hedatzea, eremu sozioekonomikoan herri xedea duten ikuspuntuak lantzea eta iritzia eragitea, eta elkarren arteko ezagutza, lurralde arteko lankidetza eta sareen garapena sustatzea.

Hamargarren urteurrenaren harira BERRIAk egindako erreportajean, Imanol Esnaola koordinatzaileak Gaindegiaren lana goraipatu zuen: «Modu irekian jarri ditugu datuak; Euskal Herriaren argazkia guztien eskura, doan». Eta azpimarratu zuen gogoetarako leku bat zela: «Ez gara estatistika institutu bat; ez dugu xede hori».

Zailtasun ekonomikoak

Hamazazpi urteko jarduna egoera ekonomikoak eten du. Irabazi asmorik gabeko elkartea izanagatik ere, laguntza ekonomikoa ezinbestekoa izan du aurrera egiteko. Ekarpenen bitartez funtzionatu izan du Gaindegiak; proiektuetarako dirua jaso izan du erakundeetatik eta alor pribatutik, batez ere enpresetatik. Duela hiru urte, esaterako, herritarrei eskatu zien proiektua babesteko. Orduan esan zuenez, diru laguntzarik gabe «nekez» egin ahal izango zuen bere lana; orain jakinarazi du ezin duela aurrera jarraitu.

Euskalgintzako eta herrigintzako hainbat eragilek penaz hartu dute albistea, «galera handia» delakoan. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak sare sozialetan esan du berri «ikaragarri txarra» dela, eta «harriduraz eta kezkaturik» hartu du albistea Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.