Gailurretik, bat eginda

Ehunka gazte igo dira Larhun kaskora Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuz, Frantziako Errepublikaren jai eguna zela eta. Aitzinak eta Ernaik antolatu dute ekitaldia.

Ernaik eta Aitzinak antolaturiko Larhungo martxa, atzo eguerdian. BERRIA.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Batzuk Urruñatik abiaturik (Lapurdi) eta besteak Beratik (Nafarroa), 250 pertsona igan dira Larhun kaskoraino. Bi bide, baina norabide bakarra: «Independentziarantz goaz».

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek antolatu dute eguna, eta han izan da Aimar Lopez Erasun, ekitaldiaren bozeramailea: «Ipar Euskal Herritik ehun bat gazte igo gara, Bera aldetik beste 150, eta aldi berean iritsi gara gailurrera». Gora heldutakoan, mintzaldi hitzartze bat izan da, eta oroigarri bat finkatu dute lurrean, Gazteok independentzia leloarekin.

«Bai Hego eta bai Ipar Euskal Herriko kideok elkar topatu dugu, momentu goxo bat pasa dugu batera. Elkar ezagutzeko parada izan da giro biziki goxoan», azaldu du Lopez Erasunek.

«Gezurren gainetik»

«Gezurren, mozalen eta bandera arrotzen gainetik independentziaren aldarriak batu gaitu gaur Euskal Herriko hamaika txokotako gazte borrokalariak», irakurri dute eguerdian, Larhun gailurrean.

Egun berezia izan da independentzia aldarrikatzeko hautatu dutena: uztailaren 14a, 1789ko frantses iraultza «jakobinoaren» garaipenaren urteurrena. Hain zuzen ere, azpimarratu dute «giza eskubideen herrialdea»izan beharrean usu «errepresioaren eta botere zentralistaren estatua» dela erakusten diela Frantziak. Horrez gain, koronabirusak sorturiko osasun krisialdia aipatu dute, eta, haien hitzetan, «datorren krisi ekonomiko eta soziala nolakoa izanen den» erakutsi die Eliseoak.

«Kolore guztietako poliziek hartu zituzten gure kaleak martxoan, beraiek inposatutako mugak itxi eta are eta ikusgarriagoak eginez. Guk, beste behin erakutsi dugu herri bat garela, eta herri honen alde gogotik lanean gabiltzala», erran dute.

Hala, Larhunen elkarturik, mugari «muzin» egin eta hura bera zapalduz bizitza eredu berri bat aldarrikatu dute: «Politika sozialez beterikoa, ama lurrarekiko errespetuzkoa, eta parekidetasunean oinarriturikoa».

Euskal Herri «aske, feminista, sozialista, euskalduna eta ekologista» eraikitzera doazela errepikatu dute Aitzinako eta Ernaiko kideek. Eta, gailurretik kasik Euskal Herri osoa ikusgai zutela,ozen erran dute handik jautsi eta zazpi lurraldeak ehuntzeari ekingo diotela. Azaldu dutenez, argi dute independentzia «ezinbestekoa» dutela « berdinen arteko herria» eraikitzeko, «Bokaletik Tuterara eta Eskiulatik Trebin?ura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.