Udal eta foru hauteskundeak Elkarrizketa. Miren Etxebeste. EP-IUren Gipuzkoako ahaldungaia

«Gai estrategikoetan aukera galdu da azken lau-zortzi urteetan»

Ahal Dugu, Ezker Anitza, Equo eta Aliantza Berdea alderdien hautagaia da Etxebeste, eta prest dago azken urteetako joerari «buelta emateko». Izan ere, kritikoa da EAJk eta PSE-EEk azken legealdian egindakoekin.

GORKA RUBIO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Irungo Udaletik Gipuzkoako Batzar Nagusietarako jauzia egingo du Miren Etxebestek (Irun, Gipuzkoa, 1982). Elkarrekin Podemos-IUren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak azaldu du lurraldea «demokratizatzea» duela helburu, zerbitzu publikoak indartuz eta ezkerreko politikak aplikatuz.

Udal politikatik batzar nagusietara. Zerk bultzatu zaitu?

Udal mailan, eta gobernuan egonda, ikusten duzu noraino iritsi zaitezkeen, eta zer neurritan aldundiak markatzen dituen lurraldearen kohesioa eta inbertsioak. Salto egin behar zen lurraldea demokratizatzeko; batez ere, ikusita Irunen eta Hondarribian zer-nolako atzerapenak dauden hainbat inbertsiotan. Eta ez Bidaso inguruan bakarrik: Pasaia ere eraberritzearen zain dago, Debagoiena inbertsioak noiz iritsiko zain...Eta badaude beste eremu batzuk, kostaldean batez ere, azpiegiturarik onenak jasotzen dituztenak. Bi abiadurako lurralde bat ari da garatzen, eta horrek ez dio mesederik egingo Gipuzkoari.

Gipuzkoa eraldatu da zuen leloa. Norantz eraldatu behar da?

Demokratizatu behar dugu nola banatu inbertsioak, non jarri fokua, nola zaindu ingurumena... Gipuzkoa eraldatu inbertsio publikoaren bidez: zerbitzu publikoek kalitatezkoak izan behar dute; ezin dira enpresa pribatuen esku egon. Badakigu EAJk eta PSEk politika kontserbadore eta ekonomikoki liberalak dituztela, eta, gainera, klientelismoa gustuko dutela.

Kritikoak zarete EAJren eta PSE-EEren gobernuarekin. Orokorrean, zer balantze egiten duzue azken lau urteez?

Gai estrategikoetan aukera galdu da azken lau-zortzi urteetan. Ingurumenean, berrehun espezie baino gehiago ditugu egoera zaurgarrian edo galtzeko zorian, baina ez daukate kudeaketa plan bat. Zaintza lanetan, arrakala ikaragarriak ikusi ditugu. Komunikabideei dagokienez, autobusak ez daude ondo antolatuta. Baina, ondorio nagusia da desarautze bat gertatu dela, eta badakigu desarautzearekin arrain handiak txikia jaten duela. Arrain handia ez da hemengoa ere. Horri buelta bat eman behar zaio.

Zaintzaren inguruko eztabaida batean, alderdiek bat egin zenuten eredu berri bat garatzeko beharrarekin. Baina zer norabidetan egin behar da hori?

Mahai sektorial hartara EAJk, EH Bilduk eta PSEk ez zituzten euren zerrendaburuak bidali. Ez da sintoma ona, hain gai konplexua izanik. Azterketa sakona egin behar dugu sektoreko eragile guztiekin, baita erabiltzaileekin ere, ikusteko nora joan behar dugun benetan zaintza demokratizatzeko.

Eztabaida hartan adierazi zenuen doakotasuna bermatzeko bidea dela erreforma fiskal bat.

Progresiboagoa izan behar du. Europako batezbestekora hurbildu behar dugu. Une honetan, karga fiskalari dagokionez, sei puntu behera gaude. Karga fiskal hori hain baxua izanik, dirua falta da zerbitzu estrategikoetan doakotasuna bermatzeko eta inbertsio publikoak egiteko.

Madrilen onartutako Etxebizitza Legeak eztabaida piztu du. Zer urrats egin behar lirateke hurrena Gipuzkoan?

Tokian-tokian aplikatu beharko da. Tentsio eremuak ezartzea lehen pausoa da, gero bestelako neurriak hartu ahal izateko. Udaletan nork gobernatzen duen, horrek markatuko du bidea. Donostian eta inguruetan, badakigu EAJk ez diola inolako mugarik jarriko etxebizitzaren espekulazioari. Gainera, bazirudien PSEk estatu mailako ildotik jarraituko zuela, baina badirudi Sabin Etxeak baduela eskumena PSEren erabakietan. Argi dugu Euskadin proiektua EAJrena dela, eta PSEk aurpegi batzuk jartzen dituela.

Irungo Berdintasun Planean alardea txertatu zenuten, baina alkateak (PSE-EE) beste bide bat hartu zuen. Hori ikusita, aldaketa udalak sustatu behar du, edo aldundiak?

Biek. Udala da administrazio hurbilena, eta lidergoa izan beharko luke. Baina argi dago alkateak ez duela asmorik. Aitortu behar dut zaila izan dela berdintasunaren lidergoa hartzea Irunen, baina ondo egin dugu. Aldunditik, babes gehiago bermatuko dugu. Azterketa sakona egin behar da Gipuzkoa mailan ere, ea nolako jaiak ditugun.

Batzar Nagusietan izandako azken eztabaidan, bi ikuspegi zeuden: berdintasuna edo bizikidetza. Non jorratu behar da gaia?

Berdintasunean, dudarik gabe. Bestea da PSEk eta EAJk herri mailan bultzatu dutena. Baina, orduan, arrazakeria non jorratu behar da? Giza eskubideetan edo bizikidetzan? Gizartean ditugun arazo guztiek eragiten dute bizikidetzan, baina oinarriari heldu behar zaio. Alardearena berdintasun arazo bat da.

Azken legealdian Iruni eragin dion beste gai bat da lanpostu publikoetako euskara eskakizunen kontrako epaiena. Nola erantzun behar zaio afera horri?

1997ko dekretua erreformatu behar da, eman behar zuena eman baitu. Gipuzkoan, ematen zigunetik aurrera egin dugu. Bidean, aterki juridikorik gabe joan gara, eta hori berrikusi egin behar da egiten ari garena berme juridikoekin egiteko. Hizkuntza politikan, baina, bi gai ezberdindu behar dira. Gauza bat da euskara jakitea, eta bestea hizkuntza eskakizuna edukitzea. Hizkuntza eskakizuna gaitasun akademiko baten aitortza da, etaeuskalduna izatea, beste gauza bat. Ikusi behar dugu nola orekatu. Badago jendea kalean geratzen ari dena titulurik ez duelako. Hori ez da demokratikoa.

Maiatzaren 28ra begira, inkesta batzuek diote behera egingo duzuela. Zein dira espektatibak?

Igotzea. Gobernatzeko aspirazioa dut. Ikusiko dugu norekin eta nola. Inkestek gaizki eman ohi digute, batez ere hilabete batzuk lehenago, baina, kanpaina gerturatzean, gure mezua iritsi egiten da. Ikusten dugu badela gurekin konektatzen duen jendea.

Eta gero, bideragarri ikusten duzu ezkerreko akordio bat?

Bideragarri ikusten dugu ezkerreko politikak egitea. Mahai gainean hori jarriko dugu. Hori da jendeak behar duena: politika eraginkorra izatea.

Hemen lortu duzue Espainiako zenbait lurraldetan lortu ez dutena: espektro politiko bereko indarrak batzea. Nola?

Kultura politikoa izan daiteke. Argi genuen espazioa banatzeak ez zigula mesederik egiten. Elkar ezagutzen dugu denok, eta ondo moldatzen gara. Akordioetara iritsi ez direnei galdetu beharko litzaieke zergatik ez diren iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.