1936ko gerran, estatu kolpean eta frankismoaren diktaduran errepresioa jasandako hamazortzi laguni erreparazioa eta aitortza eman die gaur Espainiako Gobernuak. Haien artean da Gabriel Aresti idazle bilbotarra (1933-1975): euskaraz aritzeagatik jasandako errepresioa aitortu dute. Memoria historikoaren legearen barruan egin dute ekitaldia; legeak jaso duenez, bihar izango da omenaldi eta oroitzapen eguna.
Espainiako Estatuaren izenean, Pedro Sanchez gobernuko jarduneko presidenteak eta Felix Bolaños Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko jarduneko ministroak egin dituzte aitortzak: erreparazio adierazpen bana entregatu diete. Orain urte bete indarrean sartu zen memoriaren legeari jarraikiz, «beren hildakoak lurperatu ezin» izan zituztenak, «ondasunak konfiskatu» zizkietenak eta «lanpostuetan araztu» zituztenak omendu dituzte. Sanchez jarduneko presidenteak onartu du «oso berandu» doazela memoria politikekin.
Omenduen artean daude idazle eta pentsalariak, LGTBI kolektiboko ordezkariak eta garai hartan ardura politikoak izandako edo erresistentzian aritutako pertsonak. Hamazortzi erreparazio adierazpenetatik bat taldekakoa da: frankismoan espetxeratutako CCOO sindikatuko zuzendaritzarentzat, hain zuzen. Gabriel Arestirekin batera, badira katalana eta galiziera indartzeko lan egin zuten aktibistak ere.
Arestiri aitortza
Aitortza jaso dutenen artean dago Gabriel Aresti Segurola, euskal literaturaren berritzailea, euskara batuaren sustatzailea eta erreferentziazko poeta. Haren lanak garrantzi handia hartu zuen frankismoaren aurka eta frankismoak eraikitako gizarte moldeen aurka.
Aresti ezaguna da 1960ko eta 1970eko hamarkadan idatzi zuen kutsu sozialeko poesiagatik. Haren lanik esanguratsuenak dira Maldan behera (1960), Zuzenbide debekatua (1961), Harri eta Herri (1964) eta Euskal Harria (1967). Lan horietako batzuek zentsura jasan zuten.