1936ko gerran, estatu kolpean eta diktadura frankistaren garaian errepresioa jasandako hemezortzi laguni erreparazioa eta aitortza eman zizkien atzo Espainiako Gobernuak. Haien artean zen Gabriel Aresti idazle bilbotarra (1933-1975): euskaraz aritzeagatik jasandako errepresioa aitortu zuten. Memoria historikoaren Espainiako legeari jarraituz egin zuten ekitaldia; legean jaso dutenez, gaur izango da omenaldi eta oroitzapen eguna.
Aresti euskal literaturaren erreferentziazko poeta eta euskara batuaren sustatzailea izan zen. Haren lanak garrantzi handia hartu zuen, frankismoaren aurka eta frankismoak eraikitako gizarte moldeen aurka. Halaber, Aresti ezaguna da 1960ko eta 1970eko hamarkadetan idatzi zuen kutsu sozialeko poesiagatik. Lan batzuk zentsuratu egin zizkioten.
Espainiako Estatuaren izenean, Pedro Sanchez gobernuko jarduneko presidenteak eta Felix Bolaños Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko jarduneko ministroak egin zituzten aitortzak: erreparazio adierazpenak entregatu zituzten. Orain urtebete indarrean sartu zen memoria legeak ezarritakoari jarraikiz, «beren hildakoak lurperatu ezin» izan zituztenak, «ondasunak konfiskatu» zizkietenak eta «lanpostuetan araztu» zituztenak omendu zituzten. Sanchezek onartu zuen «oso berandu» dabiltzala memoria politikekin.
Omendu gehiago
Omenduen artean zeuden idazle eta pentsalariak, LGTBI kolektiboko ordezkariak eta garaian ardura politikoak izandakoak edo erresistentzian aritutakoak. Hemezortzi erreparazio adierazpenetatik bat taldekakoa zen: frankismoan espetxeratutako CCOO sindikatuko zuzendaritzarentzat, hain zuzen. Arestirekin batera, baziren katalana eta galiziera indartzeko lan egin zuten intelektualak ere: Salvador Espriu katalana eta Alfonso Rodriguez Castelao galiziarra, esaterako.
Gabriel Aresti frankismoaren biktima gisa aitortu du Espainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu