Gabonetarako ospakizunetan gehienez ere hamar lagun elkartzea gomendatu du Osasun Sailak

Ostalaritza establezimenduetan sei lagun baino gehiago ez biltzea eskatu du; baita jendea ez pilatzeko eta ohiko prebentzio neurriak hartzeko ere. 55 eta 59 urte bitartekoek txertoaren hirugarren dosia hartzeko ordua eskatu ahalko dute bihartik aurrera.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, azaroan egindako agerraldi bate. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko abenduaren 20a
13:06
Entzun

Eguberrietan COVID-19ak «aurrera egitea eragiten duten egoerak» ohikoak izaten direla argudiatuta, «gomendio bereziak» eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta «are zuhurrago jardutea» gomendatu die herritarrei. Besteak beste, eskatu die «ospakizunetarako talde egonkorra eta txikia» sortzea, gehienez ere hamar pertsonakoa edo bi familia unitatekoa. Ostalaritzako establezimenduetako mahaietan gehienez ere sei lagun biltzea ere eskatu dute, eta, ahal dela, kanpoan. Topaketa handiak sor daitezkeen egoerak galarazteko ere gomendatu dute, eta hauek aipatu dituzte, besteak beste: enpresetako afari edo bazkariak, kotilioiak eta jaiak. Pilaketa handiko beste zenbait gune ere aipatu ditu Osasun Sailak: esaterako, ikastetxeak, gurtza lekuak eta merkataritza guneak. Horietan «zuhurtziaz jokatzeko» eskatu die herritarrei.

Gabonetan izan ohi diren topaketetan parte ez hartzea eskatu die Jaurlaritzak, halaber, «arriskuko eta kalteberatasun handiko baldintzak» dituztenei, katarro edo gripe sintomak dituztenei, bakartuta daudenei eta COVID-19aren probaren emaitzaren zain daudenei.

Ohiko prebentzio neurriak ere gogorarazi ditu Osasun Sailak: hala nola barruko espazioetan eta gutxieneko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantentzea eta espazio itxiak aireztatzea. Baita txertoa hartzea ere.

Horrez gain, COVID-19aren sintomaren bat izanez gero, lehenbailehen bakartzeko, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eta sintomekin hasi aurretik kontaktuan izandako pertsonen zerrenda egiteko ere eskatu die Osasun Sailak herritarrei.

Gainera, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du goizean Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta aurreratu du 55 eta 59 urte bitarteko herritarrek txertoaren hirugarren dosia hartzeko Internet bidezko ordua hartu ahalko dutela bihar arratsaldetik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.