Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez Kongresuan mintzatu da gaur, eta adierazi du COVID-19 kasuen «ugaritzeak» jarraitzen badu zorroztu egingo dituztela Eguberritarako aurreratutako planaren irizpideak, eta horren berri emango diela autonomia erkidegoei. Autonomia erkidego gehienek onduak dituzte irizpide horien araberako planak, eta horiek gogortzeko prest daudela adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren izenean Bingen Zupiria bozeramaileak ere; ohartarazi zuen datuen bilakaerak okerrera egingo balu eta «arriskua» ekarriko balu ez dutela baztertzen urtarrilaren 11 baino lehen neurriak gogortzea. Horixe bera berretsi du gaur goizean Iñigo Urkulluk; are, Eguberriak hasi aurretik ere akaso neurriak zorrozteko urratsen bat egingo dutela adierazi du: «Aukera bat da».
Urkulluk, hala ere, nabarmendu du datuek bilakaera ona izan dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: "Eboluzioa ona da. 100.000 biztanleko 850 kasuko tasa ere izan genuen, eta orain 300 ingurukoa dugu. Denon artean lortu dugu hori".
Gabonen atarian neurriak zorroztera egin dute hainbat herrialdek; adibidez, Erresuma Batuak eta Alemaniak. Antzeko erabakiak hemen ere ikus daitezkeela adierazten ari dira orain bertako osasun agintariak, neurrien arintze bat agindu bezain pronto. Horrek argi uzten du egoera epidemiologikoa ez dela batere ona oraindik. Orain neurriak sobera arintzera egiten bada izurriaren «hirugarren olatu bat» oldartu daitekeela ohartarazi du Sanchezek, eta, orain arteko «borroka» guztia aintzat hartuta, adi jarraitzea ezinbestekoa dela gogoratu du. Asteok igarota, txertoa jartzen hasita, izurriaren kontraurrats irmoagoak egiten hasteko esperantza dute osasun agintariek.