Gabi Mouesca hautagai izanen da Senaturako hauteskundeetan

Euskal Herrian martxan den prozesu demokratikoaren alde «indar guztiak biltzea» ukanen du helburu

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Irailaren 25ean iraganen dira Frantziako Senaturako hauteskundeak, eta egunez egun hautagaitzak argitzen ari dira. Atzo, Gabi Mouesca ezkertiar abertzaleak zuen haren hautagaiaren berri eman, Teresa Halsouet Urruñako hautetsia zuela ondoan, ordezko gisa.

Hamazazpi urtez preso egon ondoan, 2001ean askatu zuten Iparretarrak taldeko militantea, eta legediak behartzen duen gisa bere eskubide zibil eta politikoak berreskuratuko ditu aurten. Berreskuraturik, hauteskundeetan aurkezteko hautua egin du, eta azaldu senatari izateko ardura ez duela helburu bezala ikusten, «baizik eta bitarteko gisa».

«Euskal Herrian abiatua den bake prozesuaren sostenguz indar guztiak biltzea izanen da gure ideia nagusietarikoa», zioen atzo Mouescak. Prozesu hori «guztion afera» dela erranik, herritar guztien «engaiamendua» beharrezkotzat jo du.

Horrez gain, Ipar Euskal Herriari doakionez, autonomiaren estatutua ere aldarrikatuko du. Argi du ezagupen hori dela Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdirentzat «egokiena», ondotik, Nafarroa zein Euskadiko Autonomia Erkidegoarekin loturak josiz, «Euskal Herriaren eraikuntzan obratzeko». Sistema sozial ekonomiko eta politikoaren «aldaketa» ezinbestekoa ikusten duela, aldaketa horren baldintzak sorrarazteko lanean ariko delaazaldu zuen.

Hautagaitza independentea

«Erabakiak hartzerakoan, nire kontzientzia, abertzale eta ezkertiar gisa, izan da beti nagusi». Hori dela eta, Senaturako hauteskundeei begira ere, aurkezteko erabakia hartzerakoan ez du beste eragile edota alderdien «laguntza edo baimena» ukan nahi.

Batera plataformari eta EH Bai koalizioko alderdiei eman zien lehenik berria, baina desadostasunak izanki bat ala bertzeekin, bakarrik independente gisa aurkezteko erabakia hartu zuen. Hori dela eta, ez du alderdiei haien sostengua eskatuko.

Hautetsiek dituztenez senatariak bozkatzen, hauen ikustera joanen da, baina horrez gain, herritarrei ere zuzenduko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.