Gabeziaz beteriko txostena

Eusko Jaurlaritzaren 'Motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimak' txostena baloratzeko gaian aditu eta aritu diren lau pertsona ezagunekin mintzatu da BERRIA

Koldo Aldabe.
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimen gaiari heldu eta Eusko Legebiltzarrera eraman izana bide onean eginiko urrats gisa ikusi arren, asteon Herrizaingo Sailetik argitara eman duten txostenari gabezia ugari eta garrantzitsuak ikusi dizkiote BERRIAk kontsultatu dituen adituek: Juan Jose Martinez Leunda eta Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohiek eta Julen Arzuaga Giza Eskubideen Behatokiko kideak eta Joxean AgirreEuskal Memoriaren Fundaziokoak.

Abiapuntu gisa, nork bere ñabardurekin, oniritzia eman diote txostenari, bide bat irekitzen duela iritzita, eta bide horretan txostenari ikusi dizkioten hutsak konpontzeko aukera egon daitekeela uste dute, beti ere horretarako borondatea baldin badago.

Zerrendarik ez

Txostenean biktimen zerrendarik agertu ez izanak harrituta utzi ditu lau adituak. «Ez dago biktimei buruz politika publikorik egiterik, ez bada haiekin hitz egiten» dio Landak, eta biktima horiengana hurbiltzeko «ahalegin falta» deitoratu du. Gutxi landutako txostena dela uste du, eta ez diola eusten gisa horretako txosten batek behar zuen mailari. 2008an Landa izan zen Eusko Jaurlaritzak biktimen gainean egindako txostenaren arduraduna, eta orduan zerrenda bat proposatu zuen, behin-behinekoa.

Martinez Leundaren ardurapean ere argitaratu zen beste txosten bat 2000an, eta han ere agertzen zen Estatuaren ardurapeko biktimen zerrenda: «Ikusita frankismoaren garaiko biktimen zerrendak lortzen zenbat ahalegin egiten ari den oraindik, premiazkoa da garaiotako biktimen zerrenda orain egitea. Ezagutzen dena ager dadila zerrendan, eta ezagutzen ez dena iker dadila».

Arzuagak ere zerrendak egiteko ahalegin falta hori nabarmendu du: «Behar-beharrezkoa da esatea zeintzuk diren biktimak, izen-abizenekin, argazki erreala erakusten delako horrela».

Joxean Agirrek oraintxe aurkeztu du errepresioaren biktimen bilketa lanarekin egin duten Gernikako seme-alabak liburua, eta beretzat funtsezkoa da zerrendak agertzea: «Gisa horretako txosten batek eduki dezakeen hutsunerik handiena da; bihozgabe, arimarik gabekoa da».

Bereizketaren aurka

«Lehenbizi pertsona hartu behar da aintzat. Heriotza edo urraketa eragin duena zein nahi dela ere, erreparazioa, egia eta justiziarako biktimaren eskubideak bermatu behar dira, bereizketarik egin gabe. Egilea gorabehera urraketak berak berdintzen ditu biktimak, sufrimenduan, minean, maite duen haren galeran»; horrela laburbiltzen du Martinez Leundak, txostenean ikusi duten beste gabezia nagusi bat: biktimak bereizteko egiten duen saioa. «Astakeria bat da biktimen artean batzuk eta besteak bereizi nahi izatea. Begirune osoz tratatu behar dira gatazkaren testuinguruan alde guztietan sortu diren biktima guztiak», dio, berriz, Agirrek. Arzuagarentzat sozialistek eta Jaurlaritzak«muga bat jarri dute»: «Diote ezin direla biktimak parekatu. Nik hor ulertzen dudana da sufrimendua, samina ezin direla parekatu; hori da eurek ere pentsatzen dutena?».

Biktimen bereizketarena bezala, epeen bereizketa ere deitoratu dute laurek. «Zer dela eta proposatu dute testuinguru politikoaezartzea 1968tik 1977ra, 1977tik 1985era eta handik aurrera? Ez da onargarria, ezin du denbora muga hori jarri», dio Martinez Leundak. Agirreren arabera, «egitasmoa absurdoaren terminoetan kokatu dute». Arzuagarentzat, berriz, biktima horiez ari badira zio politikoen ondoriozko biktimak direlako dira: «Denak hor badaude arrazoi soil batengatik da. Txosten honetan ez gara ari genero indarkeriaz, edo lan munduko eskubideen urraketaz».

Hari horri tiraka, Landak txostenean aipatzen den beste kategoria bat nabarmendu nahi izan du, «sufrimendu bidegabeen biktimak» hain zuzen: «Bi irakurketa ditu. Positiboa litzateke, biktima bakar bat ere kanpoan ez uzteko ahaleginaren ondorio balitz. Ez litzateke onargarria izango, aldiz, termino horren barruan 80ko hamarkadaren erditik hona biktima izan direnak biltzeko asmoa badago, epe horretan motibazio politiko argiak eragindako biktima ugari baitaude».

Arzuagaren azken gogoetak, berriz, txostena berriz planteatzea lekarke: «NBEn, biktimez ari direla, aitortza, erreparazioa, birgaitzea eta ez errepikatzea nabarmentzen da. Zalantzarik gabe, txostenak urraketak errepikatuko ez diren bermea emanez hasi beharko zukeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.