G7koen goi bilera Miarritzen. Kontragailurra

G7koen kontrakoek zazpi puntuko alternatiba bat helarazi diote Macroni

Goi bileraren azken egunean, Miarritzera sartzen saiatu dira G7 Ez eta Alternatives G7 plataformetako kideak, baina ez diete utzi. Poliziaren «errepresioa» salatu dute haiek, eta hainbat kazetarik ere bai

G7 Ez eta Alternatives G7 plataformetako kideak, atzoko eserialdian, Miarritzen. GUIILAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Atzo bururatu zen G7koen goi bilera, eta harekin batera kontragailurra. Joan den asteazkenean hasi zuten, Hendaian (Lapurdi) eta Irunen (Gipuzkoa), alternatibak sortzeko egitaraua. Mintzaldi eta tailerretan, 6.000 pertsonak hartu zuten parte. Larunbatean, manifestazio jendetsua izan zen, eta, antolatzaileen arabera, 15.000 lagun bildu ziren G7koen aurka. Ostiralean, istilu batzuk gertatu ziren Urruñako (Lapurdi) erlaitzan. Larunbat arratsaldean, Baionan (Lapurdi) 500 manifestari bildu ziren. Polizia dispositibo ikaragarriak Baiona Txikitik ateratzeko bide guztiak itxi zituen, eta istiluak egon ziren bertan. Igande goizean, berriz, Bizi-ko kideek potreten martxa egin zuten Baionan, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen argazki lapurtuak ateraz. Arratsaldean, ortzadarraren gunea egitea pentsatu zuen G7 Ez plataformak, baina, «segurtasun» arazoengatik, bertan behera utzi zuten ekintza, eta herri harresia osatzeko deia egin zuten. Azken momentuan ezeztatu zuten hori ere. Bitartean, Bidarten, Baionan eta Hendaian (Lapurdi), atxilotuak askatzeko elkarretaratzeak egin zituzten: dozenaka pertsona identifikatu zituen Poliziak, eta hor ere atxiloketak izan ziren.

Atzo, plataformako kideek agerraldi bat egin zuten Miarritzeko (Lapurdi) Ozeanoko Hirian. G7 Ez eta AlternativesG7 plataformetako kideek zazpi puntuz osaturiko aldarrikapen sorta irakurri zuten. Lehenik, klima larrialdiari egin diote erreferentzia: «Hondamendi ekologikoari aurre egiteko, premiazkoa da neurri zorrotzak hartzea». Bigarrenean, merkataritza izan zuten hizpide, eta «merkataritza askearen kalteei aurre egin behar»zaiela nabarmendu zuten. Hirugarren puntuan, «nazioarteko erregulazio demokratikoaren beharren aurrean» egin beharrekoak proposatu zituzten; laugarren puntuan, «dominazio patriarkala» salatu zuten; bosgarrenean, «multinazionalen hegemonia»; seigarrenean, «dumping-a eta zerga ihesa»; eta, zazpigarrenean, «gerren ugaritzea».

G7koek egindako adierazpenak irmoki salatu dituzte: «Aitortu behar dugu Emmanuel Macronek momentu oparoa izan zuela G7 honetan, esaldi hau esan zuenean: 'Seguru asko, ez dugu dena lortuko'. Izan ere, ez dute batere arrakastarik izan; aberatsen eta multinazionalen sistema honek aurrera jarraituko du,eta G7k ez du ezer aldatu». Gehitu dutenaren arabera, «aste honetan, bi herrialde ari ziren lanean Euskal Herrian: batetik, Miarritzen, elite ekonomiko eta politikoarena: hipokrisiaz betea eta erronka globalen aurrean gizateriaren beharren aurrean batere eraginkorra ez dena. Bestetik, mugimendu sozialak, gehiengo sozialaren eguneroko errealitatea kontuan hartuta eta balio eta alternatiba progresibo eta arduratsuen aldeko apustua egin dutena».

Prentsaurrekoaren amaieran, berrogei bat lagunek manifestazio bat abiatu zuten G7 ez, alternatibak bai lelopean. Helburua Miarritze erdialdera heltzea zen, agintariei gutuna emateko. Hortik ehun bat metrora, Frantziako Poliziak blokeatu zituen manifestariak. Protesta gisa, zazpi minutuko eserialdia egin zuten, zazpi proposamen horiek irudikatzeko asmoz. Aurelie Trouve, Eñaut Aramendi eta Itziar Fernandezek, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakurri zituzten zazpi aldarriak Poliziaren aurrean. Azkenean, polizia operazioaren arduradun batek jaso du idatzia.

Hartzea Lopez G7koen aurkako militanteak Euskal Herriak jasan duen «militarizazioa» salatu du. «Ehunka pertsona atxilotuak izan dira, manifestatzeko eskubidea urratu digute». Baina hala ere, kontragailurrak «eraikuntzen aniztasuna» erakutsi duela uste du. Hartzea Lopezek ez du G7koen aurkako mobilizazioa«helmuga» gisa ikusten, «abiapuntu» gisa baizik: «Orain balorazioak egiteko eta eztabaidak eramateko garaia izanen da, eta eragile guztiek ikusiko dute Euskal Herriko borroken geroa nolakoa izanen den».

Eserialdi sinbolikoaren ostean, hedabideen aurrean adierazpenak egin dituzte Aramendi, Fernandez eta Trouve bozeramaileek. Ondoren, amaitutzat eman dute ekinaldia, gainerako manifestari guztien oihu eta aldarrien artean: «Denek gorroto dute G7a», eta «hor gara, Macronek nahi ez arren gu hor gara» —Jaka Horien artean ezaguna egin den kantua— eta «atxilotuak askatu».

Hain zuzen, atxilotuekiko sustenguz, elkarretaratzeak egin zituzten atzo, besteak beste, Irungo (Gipuzkoa) Mosku plazan eta Larrabetzun (Bizkaia). Cristophe Castaner Frantziako Barne ministroak jakinarazi du 164 izan direla mobilizazioetan atxiki eta identifikatuak. Tartean, besteak beste, Joseba Alvarez G7 Ez plataformako eta Sortuko kidea ere atxilotu zuen Poliziak Urruñako (Lapurdi) errepide kontrol batean. Jakinarazi zioten Ipar Euskal Herrian egoteko debekua ezarria ziotela. Alvarezek ordea, debeku horren berririk ez du izan lehenagotik. Esplikatu du 500 pertsonako zerrenda bat baduela Poliziak: «Halakoetan Frantzian egoteko eskubiderik ez dugun euskaldunena». Atxiloaldiaren amaieran, Irunen utzi zuten aske. Ekinklik-eko argazkilari batek ere egoera bera pairatu zuen.

Bestalde, Amnesty International eta LDH Gizakien Eskubideen Ligako behatzaileak ere atxiloaldian sartu ditu Poliziak. Nabarmentzekoa da, Bidarten (Lapurdi) egindako protestan, interpelatuen artean nazioarteko zein Euskal Herriko hainbat kazetari ere egon zirela. Gailurraren egunetan kazetari batek baino gehiagok salatu du Poliziak lanerako oztopoak jarri dizkiola.

Prentsaren askatasunik eza

Larunbat arratsaldean, istiluetan babestu ahal izateko materiala—kaskoak, maskarak, betaurrekoak...— kendu zizkietela salatu zuten kazetari batzuek. BERRIAko kazetariek ere identifikazio eta miaketa bat baino gehiago jasan behar izan zituzten, eta, Poliziak istiluen kontrako hesiekin Baiona erdiguneko zubiak itxi zituenean, ez zieten Baiona Txikitik ateratzen utzi, kazetari gisa identifikatu arren. Argia-ko kazetariek azaldu dutenez, igandean, Bidarteko (Lapurdi) protestan, Poliziak identifikatu zituen, eta auto miaketa zorrotza ere egin zien. Gure Irratiko kazetariari ere babes materiala kendu zioten igande arratsaldean. Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariak salatu du larunbat gauean BACeko poliziek behin baino gehiagotan jarri zutela miran LBD jaurtigailuarekin, nahiz eta kazetaria zela erran eta prentsa txartela erakutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.