G7koen goi bilerari begira, beren jarrera finkatzen ari dira gizarte eragileak

Garapen Kontseiluak erabaki du G7koen Balioztatze Batzordean parte hartzea. Garretak espero du enpresentzat «eraginik txikia» izango duela

G7koen kontrako plataformako kideak, atzo, Garapen Kontseiluko kideei gutuna banatzen. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Bilkura ez da prentsari irekia, eta ez dugu informaziorik emateko». Hori izan zen Caroline Philipps Garapen Kontseiluko presidentearen erantzuna, G7koen goi bileraren Balioztatze Batzordean parte hartu ala ez erabakitzeko bilkuraz xehetasunak eskatuta. Halere, Garapen Kontseiluak Balioztatze Batzordean parte hartzea erabaki duela jakin ahal izan du BERRIAk; gaur emango du horren berri.

Miarritzen iraganen den gailurrerako zazpi hilabete falta direla, Ipar Euskal Herriko gizarte eragile gehienak beren jarrera finkatzen ari dira. Goi bileraren «eta haren munduaren» kontra mobilizatzea erabaki dute G7koen kontrako plataforman elkartu diren eragile politiko, sozial eta sindikalek, eta jarrera bera hartzeko eskatu diote Garapen Kontseiluari. «Bere zilegitasun faltagatik egiten zaizkion kritikei aurre egiteko helburuarekin, aktualitateko gaiak mahaigaineratu eta gizarte zibila eztabaidatzera bultzatzen dute G7koek urtero. Errealitatea da G7koek ez dituztela sekula errespetatu hartutako engaiamenduak», adierazi du plataformak Garapen Kontseiluko zuzendaritzako kideei helarazitako gutun batean. Atzo arratsaldean, interpelazioa egin zieten Euskal Elkargoko egoitza aitzinean.

Nazioarteko estatuburu indartsuenak Lapurdiko kostaldean elkartuko direla jakin denetik, lurraldearentzat «onuragarria» izanen dela errepikatu dute behin eta berriz arduradun politiko nagusiek. Bestelako diskurtso bat atxiki zuen Andre Garreta Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak astelehenean, enpresaburuen aitzinean urteroko agiantzak aurkeztu ondotik: «Nahiko nukeena da gure komertzio eta enpresetan ez dezala izan eragin handiegirik, eta batere eraginik ez izatea posible balitz, hobeki litzateke. Begiratzen ari gara zer ekarri duen G7koen bilerak beste lekuetan, puntu baikor eta ezkorrak parekatzeko. Galderak baditugu, eta ikusi nahi dut zer antolamendu izanen den gure komertzio guzietara sarbidea ahalbidetzeko. Sasoi betean izanen gara; ez ote da arazorik sortuko ostalaritzan? Ikusi beharko da zer aurkezten diguten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.