G7koen goi bilera Miarritzen. Elkarrizketa. Aurelie Trouve. Attac Frantziaren bozeramailea

«G7a zazpi agintarien neurrien erakusleihoa dela baieztatu da»

Trouveren iritziz, Frantziako presidentearen jarrera «zinikoa» da, Miarritzeko goi bileran helburutzat jarri baitu desberdintasunen aurka borrokatzea: «Frantzian, Macron da desberdintasunen artisaua».

ander perez zala
Irun
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aurelie Trouve (Chauny, Frantzia, 1979) G7aren kontragailurraren antolatzaileetako bat da, eta egunotan alde batetik bestera dabil Irungo Ficoba aretoan, hainbat parte hartzailerekin eta eragilerekin hizketan. Horren erakusle da BERRIAri eman dion elkarrizketa atzeratu behar izan duela bitan, eta elkarrizketaren amaiera aldera Hendaiako Herriko Etxeko ordezkari bat agurtzera hurbildu zaiola.

Finantza Transakzioak Zergapetzearen eta Herritarrei Laguntzearen Aldeko Elkartea (Attac) talde altermundialistaren Frantziako adarraren eleduna izan zen Trouve, 2006tik 2012ra. 2011n, Attacek haren hautagaitza proposatu zuen Nazioarteko Diru Funtsaren presidente izateko. Taldearen bozeramaile da berriz, 2016tik.

Egunotako kontragailurraren antolatzaileetako bat da Attac. Bigarren eguna da gaurkoa [atzokoa]. Oraingoz, zer moduz doa?

Oraingoz, kontragailurra ondo doa, lortu dugu nahi genuena; halere, amaierara arte itxarongo dugu behin betiko balorazioa egiteko. Programa aberatsa osatu dugu, eta pozik gaude horrekin. Milaka pertsona etorri dira Ficobara, eta horrek pozarren gaitu. Dibertsitate handiko ekitaldia da, 200 bat talde eta elkarte elkartu baikara.

Horrez gain, manifestazio handia dugu larunbatean, jai girokoa, lagunartekoa. 10.000 pertsona espero ditugu. Etzi, plaza publikoen okupazio baketsuak egingo ditugu [Bidarteko, Miarritzeko, Angeluko eta Baionako zazpigunetan], protestatzeko manifestatzeko eskubidea murriztu digutelako. Horren adibide dira Miarritze erdiguneko bi debeku eremuak. Kontragailurra antolatu dugunok ados gaude: desobedientzia zibileko ekintzak izango dira, kontsentsua dutenak eta mobilizazio baketsuen inguruan gauzatuko direnak.

Arazorik espero duzue igandeko mobilizazioetan? Poliziarekin, adibidez.

Ez dugu espero. Gerta liteke. Guk operazio bat dugu, egunero moldatzen dena eta adosturiko kontsentsuaren inguruan lan egiteko eta hori errespetatzeko balio diguna.

Hainbat erakundek eta taldek elkarlanean antolatu duzue egunotakoa, Euskal Herrikoek eta Frantziakoek.

Ez genuen elkar ezagutzen, eta oso aberasgarria izan da jakitea hemen nola egiten den lan.

Desberdintasun handiak izan dituzue zuen artean? 100-200 mugimendu, elkarte eta talde artean zarete.

G7koen kontrako ekitaldi baten moduko batean egon daitezkeen desadostasunak egon dira. Denon artean izan da: euskal herritarren eta hemengoak ez direnen artean, hemengoen artean, euskal herritarrak ez direnen artean ere bai. Dibertsitatea hain da handia, mobilizatzeko eta ekintzak egiteko moduak hain baitira desberdinak. Eta lehentasunak ere bai.

Begira Oxfam erakundea, egunotako kontragailurrean dago, baita Miarritzeko G7an ere. Hori ez da Attacen jarrera, uste baitugu G7 hau ilegitimoa dela.

Aurten Frantziari egokitu zaio G7a antolatzea. Emmanuel Macron herrialdeko presidenteak bilerarako jarri duen helburua da desberdintasunen aurkako borroka.

Zinikoa da jarrera hori. Macronek neurri ultraliberalak sustatzen ditu. Neoliberalismo ekonomikoa inoizko tokirik urrunenera eraman du, eta martxan jarri du birbanaketa fiskal bat, diru gehiena dutenen mesederako. Elkartasun tresnak eraitsi ditu, eta horregatik uste dugu ikaragarria dela gai hori mahai gainean jarri izana, are gehiago kontuan hartuta Frantzian Macron dela desberdintasunen artisaua.

Azken 40 urteotan, desberdintasunak handitzen ari dira munduko herrialde gehienetan, eta zazpi estatuburu eta gobernuburu horien neurriek ez diete aurre egiten desberdintasunei, joera hori sakontzen dute. Baieztatuta geratu da G7a zazpi politikari horien neurrien erakusleihoa dela, eta hori salatzeko gaude hemen.

Mugimendu altermundialistatik zatoz.

Attacen izenean hitz egingo dut, bereziagoa delako. Uste dugu, batetik, desarmatu egin behar direla multinazionalak eta finantza merkatuak. Alegia, horien hegemonia hautsi behar dela.

Gauza asko egin behar dira: multinazionalei zerga bat ezarri eta merkataritza askeko akordio guztiak bertan behera utzi, esaterako. Horien ordez, herrien arteko elkartasun akordioak adostu beharko lirateke.

Bestetik, maila lokal eta nazionalean zerbitzu publikoak zaharberritu behar dira, tokian-tokikoagoak izateko. Hori guztia finantzatu dezakegu, dirua dagoen tokira joanda: dirudunen poltsikoetan eta multinazionaletan, zergen bidez eta zerga saihesteen kontrako borrokaren bidez. Horrek finantzatuko lituzke zerbitzu publiko hobeak, eta trantsizio ekologikorako plan bat. Eta beste hainbat gauza ere bai.

Baditugu baliabideak premia sozialari erantzuteko. Dena egin daiteke dirua dagoen tokian bilatzen badugu.

Kapitalismoa gainditu behar da?

Bai. Aberastasuna sozializatu behar da, eta horrek dakar ekonomia solidarioaren garapena, eta babes sozial zabalagoa, adibide batzuk aipatzearren. Kapitalismoa gainditzea da merkatu ekonomia gainditzea. Baina sozializazio horrek ez du zertan apropiazio publiko bat izan.

Aldarrikapen batzuek lehentasuna dute?

Attacen kasuan, egia da oso garrantzitsua dela nola artikulatzen ditugun arlo soziala eta ekologikoa. Osagarriak dira, eta guretzat horiek dute premia.

Nola lor daiteke sistema ekonomikoarekiko emantzipazioa gaur egun?

Merkatuaren eta kapitalismo finantzarioaren emantzipazioa gauzatuta lor daiteke. Horrek esan nahi du aurre egin behar zaiela egungo hegemoniei, eta aberastasuna berriz sozializatu behar dela

Posible al da hori lortzea egungo sistema politikoan?

Ez. Erakundeen erreforma handi bat beharko genuke, sistema demokratizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.