G20koen bilkura

G20koen bilkuraren harira atxilotutako bilbotarra askatzeko eskatuko dute

Herriok Erabaki plataformak salatu du David Rincon bilbotarra “babes juridikorik gabeko egoera kafkiar batean” dagoela, Alemanian “salbuespen legedia” ezarri eta gero. Sei egun daramatza espetxean. Mobilizazioak iragarri dituzte Bilbon, uztailaren 13an eta 14an.

Prentsaurrekoa antolatu dute gaur Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 12a
09:14
Entzun

Hanburgon atxilotu zuten David Rincon bilbotarra, G20koen aurkako protesten testuinguruan, eta haren egoerarengatik kezka agertu du gaur G20koen aurkako herri plataformak, Bilboko Zirika gunean egindako prentsaurrekoan.

Plataformako kideek eskatu dute Rincon berehala askatzeko: “David ez zuten Hanburgon gertatutako istilu edo ekintzetan atxilotu; lagun batzuekin afaltzen ari zela atxilotu zuten”. G20koen bilkuraren harira 200 lagun baino gehiago atxilotu zituen Alemaniako Poliziak egun haietan; eta 43 lagun espetxeratu dituzte, tartean, Rincon.

Herri plataformako bozeramaile Maddi Bilbaok eta Amaia Nikolasek gogoratu dute Rinconek sei egun daramatzala espetxean, eta “salbuespen legeak” ezarri dizkiotela, “horrek dakarren guztiarekin”. Hala ondorioztatu dute: “Babes juridikorik gabeko egoera kafkiar batean dago”.

“Abokatuak hainbat prozedura baliatuagatik ere astelehen eta asteartean, epaileak hamabost eguneko tartea dauka erabakia hartzeko, eta instrukzio epea nahi beste luza dezake”. Hiru egoera aurreikusten dituzte: “David egun hauetan askatzea; abokatuak instantzia egin, eta hamabost egun horien bueltan epaiketa egitea; edo atxiloaldia luzatu, epaiketa azkarra egin, eta espetxe zigorra ezartzea”. Plataformako kideen arabera, abokatuak oraindik ez daki zer leporatzen dioten Bilboko bizilagunari.

Rinconi eta Hanburgon atxilotutako gainontzeko pertsonei “babes politikoa eta elkartasun internazionalista” adierazteko, mobilizazioak antolatu dituzte Bilbon aste honetarako: uztailaren 13ko 19:30ean, Sarrikoko metro geltokiaren kanpoaldean; eta uztailaren 14ko 19:00etan, Unamuno plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.