SAUDI ARABIA
Aurrerapausoak: Energia berriztagarrien bidez 2023rako 9,5 gigawatt argindar sortzea zuen helburu. 2030erako helburua 58,7 gigawatt izatea adostu du aurten.
Atzerapausoak: Klima aldaketari buruz aurten NBEk Bonnen egindako goi bileran, ukatu egin du industrializazioaren aurretikoarekin alderatuta XXI. mendean planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradu baino gehiago ez izateko IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ezarritako helburua.
HEGOAFRIKA
Aurrerapausoak: Ikatzari zerga bat ezarri zion joan den ekainean. Zerga hori ez da oso handia, baina bigarren fase batean gainbegiratzeko konpromisoa hartu du.
Atzerapausoak: 2015az geroztik ez du planik egin energia berriztagarrien gaitasuna handitzeko, nahiz eta energia gabezia larria duen. Bestalde, elektrizitate sektorearen aurtengo Bateratutako Baliabideen Planean 1.500 megawatt bildu ditu ikatz planta berrietarako. 2023tik aurrera jarriko dituzte martxan.
ARGENTINA
Aurrerapausoak: Energia berriztagarrien enkante bat —bosgarrena— egingo dela iragarri du aurten.
Atzerapausoak: Herrialdean bertan petrolioa eta gasa lurpetik ateratzeko baimena eman du gobernuak. Espero da, gainera, Neuquen-go erregai fosil ez-arrunten hobiko petrolio eta gas ekoizpena hirukoiztu egingo dela 2019 eta 2021 artean.
BRASIL
Aurrerapausoak: 2018an egindako azken energia enkantean, kontratatutako 2,1 gigawatten %83 inguru energia berriztagarrietara bideratu zuten. Ikatza ez zuten kontratatu, enkantean parte hartu zezakeen arren. Bestalde, Klima Aldaketaren Brasilgo Foroko buru ohiak eta herrialdeko hamabi estatuk batzorde independente bat osatu nahi dute Parisko Ituneko helburuekin bat egiteko.
Atzerapausoak: Ingurumen Ministerioaren aurrekontua murriztu du gobernuak, baita basogabetzeak kontrolatzeko erakundeena ere.
KANADA
Aurrerapausoak: Aurtengo apirilean, karbonoari prezio bat ezarri zion gobernuak herrialdean. tCO2 bakoitzeko prezioa 15,35 dolar da orain (13,90 euro), eta urtero handituz joango da. Bestalde, Arautze Energetikorako Kanadako Legea onartu zuten abuztuan, eta gobernuak azpiegitura horren bidez gainbegiratuko du energiaren sektorea.
Atzerapausoak: Nazio mailako klima-larrialdi adierazpen bat kaleratu ondoren, gobernuak onartu egin zuen Trans Mountain-go oliobidea handitzea.
MEXIKO
Aurrerapausoak: Energia berriztagarrietarako proiektuen epe luzerako kontratuen enkante bat hasi zuen enpresa pribatu batek, joan den ekainean.
Atzerapausoak: Dos Bocas-ko petrolio findegia eraikitzen, beste sei findegi berregituratzen, eta hidrokarburoak era ez-arruntean ateratzen hasi da gobernua. Gainera, laugarren elektrizitate enkantea bertan behera utzi zuen; hain zuzen, hori da energia berriztagarriak hauspotzeko herrialdeak duen tresna nagusia.
AEB-AK
Aurrerapausoak: AEBetako Klimaren Ituna —Pariskoaren helburuekin bat egiten du— handitzen ari da. Montana estatuko gobernadoreak ere bat egin zuen uztailean, eta jada 25 estatuk babesten dute.
Atzerapausoak: Elektrizitatearen sektoreko emisioak gutxitzeko ezarrita zeuden helburu zehatzak bertan behera utzi ditu Energia Garbiaren Plan Federalak. Bestalde, erregai fosilekin esperimentatzeko, lur publikoko milioika hektarea alokatzeko eskaini ditu administrazioak.
AUSTRALIA
Atzerapausoak: Ikatz meategirik handiena zabaltzea baimendu zuen gobernuak joan den ekainean. Carmichael meategiak 60 milioi tona ikatz ekoitziko ditu urtero 90 urtez, eta gehiena esportaziorako litzateke. Bestalde, gobernuak klima larrialdiari aurre egiteko aurten plazaratutako neurriek ez dute argitzen nola bete herrialdeak Parisko Itunean hartu zituen konpromisoak. Gainera, aurtengo aurrekontuari erreparatuta, ez diote dirurik emango Klimaren Funts Berdeari.
TXINA
Aurrerapausoak: Munduko gainontzeko herrialdeek batera baino auto elektriko gehiago saldu zituen iaz.
Atzerapausoak: Eguzkiaren bidez energia lortzeko proiektuetarako diru laguntzak murriztu zituen iaz. Bestalde, ikatz gorria ekoizteko meategiak eraikitzen hasi zen, horretarako zegoen debekua bertan behera utzita.
INDIA
Aurrerapausoak: Narendra Modi lehen ministroak irailean iragarri zuenez, energia berriztagarrien gaitasuna 450 gigawattera handituko dute. Gainera, auto hibridoen eta elektrikoen salmenta handitzeko, 1.300 milioi euro ingururen laguntzak onartu zituen gobernuak joan den maiatzean.
Atzerapausoak: Iazko datuei erreparatuta, oso zaila dirudi 2022rako bere buruari jarritako helburua betetzea: energia berriztagarrien bidez 175 gigawatt lortzea, alegia.
INDONESIA
Aurrerapausoak: Ibilgailu elektrikoei buruzko dekretu bat onartu du. Bateriak eta ibilgailuak kargatzeko azpiegiturak ekoitzi ahal izango ditu, eta pizgarri fiskalak eskainiko ditu. Bestalde, gobernuak agentzia bat sortu du, eta horren egiteko nagusia da klima aldaketa arintzearekin lotutako funtsak kudeatzea.
Atzerapausoak: 2018-2029rako argindar planaren arabera, 2025erako energiaren konbinazioan 0.2 puntu handituko da ikatzaren presentzia aurreko planarekin alderatuta.
JAPONIA
Aurrerapausoak: Epe luzerako estrategia bat kaleratu du gobernuak aurten, eta, hori aintzat hartuta, 2050erako %80 murriztu nahi ditu berotegi gasen isuriak.
Atzerapausoak: 2030erako Energia Estrategiak aurreikusten du ikatz meategiak eta zentral nuklearrak eraikitzea.
HEGO KOREA
Aurrerapausoak: Bost urtez behin osatzen duen Hazkunde Berderako Plana aurkeztu du (2019-2023), eta «nazio berde inklusibo» bihurtzeko konpromisoa hartu du. Gainera, Energia Planak (2040) jasotzen duenez, modu nabarmenean murriztu nahi du ikatzaren bidezko energia, eta 2040rako %35era handitu nahi du energia berriztagarrien parte hartzea.
Atzerapausoak: Administrazioak 1.000 milioi euro inguruko finantzaketa publikoa eman zuen atzerrian ikatz meategi berriak egiteko.
EUROPAKO BATASUNA
Aurrerapausoak: Europako Parlamentuak onartutakoa aintzat hartuz, Europako Batzordeko presidenteak eskatu du berotegi gasak %55 murriztea 2030erako. Europako Batzordeak, gainera, finantza jasangarritasunari buruzko ekintza plan bat onartu zuen iaz.
Atzerapausoak: Europako Batasuna 2021-2027eperako eztabaidatzen ari den aurrekontuak ez du bat egiten XXI. mendean —industrializazioaren aurretiko garaiarekin lotuta— planetaren tenperaturarenigoera 1,5 gradura mugatzeko Parisko Itunak ezarritako helburuarekin.
FRANTZIA
Aurrerapausoak: 2050erako jarduera ekonomikoan erabateko karbonogabetzea lortzeko helburua ezarri du Frantziako Asanblea Nazionalak, eta organo aholkulari independente bat ezarri du ekintza klimatikorako. Gobernuak, gainera, bidaiarien hegaldietan zerga bat ezartzeko asmoa dauka hurrengo urterako: 1,5 eta 18 euro artekoa, txartel bakoitzeko.
Atzerapausoak: Jaka Horien protestak direla eta, karbonoaren zerga izoztea erabaki zuen gobernuak iaz.
ALEMANIA
Aurrerapausoak: Gobernuari finantza jasangarriei buruzko estrategia bat garatzen laguntzeko, gobernuak berak finantza jasangarrien batzorde aholkulari bat eratu du. Gainera, beranduenez 2035-2038rako ikatza desagerraraztea gomendatu du Ikatzaren Alemaniako Batzordeak, eta gobernuak jakinarazi du helburu hori lortzeko prest dagoela.
Atzerapausoak: 2020rako ezarritako helburu klimatikoa lortzeari uko egin dio gobernuak, ofizialki.
ITALIA
Aurrerapausoak: Argindar berriztagarria sostengatzea helburu izango duen enkanteen plan bat hasteko asmoa du gobernuak. Gainera, erregai fosilentzako diru laguntzak berrikusteko plana kaleratu zuen joan den apirilean, baina ez du diru laguntza horiek bertan behera uzteko bide orririk.
Atzerapausoak: Energia eta Klimaren Planaren zirriborroak ez du 2025erako ikatz ekoizpena bertan behera uzteko bide orririk, eta berotegi gasak murrizteko helburua 2017ko Energiaren Estrategia Nazionalekoa baino apalagoa da.
ERRUSIA
Aurrerapausoak: Parisko Ituna berretsi zuen joan den irailean, eta bere epe luzerako estrategia garatzen hasi da, gainera.
Atzerapausoak: Ikatzaren ekoizpenak eta horren esportazioak goia jo zuen iaz. Azpiegitura gehiago garatzen ari da Asiara egindako esportazioak handitzeko. Bestalde, Errusiako petrolio enpresak Artikoko lurretan ere hasi dira petrolioa eta gasa ateratzen, gobernuaren babesarekin.
ERRESUMA BATUA
Aurrerapausoak: 2050erako berotegi gasik ez isurtzeko helburua legezezarri du gobernuak. Gainera, finantza berdeen estrategia abiatu du.
Atzerapausoak: KlimaAldaketarako Batzordearen aurtengo txostena aintzathartuta, gobernuak ez ditu beteko isuriei dagokienez 2025erakoeta 2030erako ezarritako helburuak.
TURKIA
Aurrerapausoak: Energiaren konbinazioan berriztagarrien portzentajea 2023an %30 izan beharrean ia %39 izatea onartu du.
Atzerapausoak: Energia eta Baliabide Naturalen Ministerioak joan den maiatzean iragarri zuenez, lizitazio publikoetan balizko inbertsiogileei 500 ikatz meategi eskainiko dizkie. Bestalde, Turkiako Gobernuakez du berretsi Parisko Ituna, eta ez du aurkeztu, gainera, klima larrialdiari aurre egiteko bere plana.
G20KO HERRIALDEAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu