Aurrera doa Futuro Vegetal talde ekologistaren aurkako prozesua Hego Euskal Herrian eta Espainian. Gaur taldeko 22 kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak, horietako bat Donostian. Ez dira lehenengo atxiloketak, abenduan beste bi operazio egin baitzituzten, 30 kide atxilotuta. Beraz, 50 kide baino gehiago atxilotu dituzte jada.
Klima aldaketaren aurkako hainbat ekintza polemiko egin dituzte azken hilabeteetan, eta Futuro Vegetal jarri dute jopuntuan Poliziak eta justiziak. Guztira, delitu izan daitezkeen 65 gertakari egozten dizkiete, tartean Espainiako Diputatuen Kongresuaren eraikinari pintura botatzea. Errepideak oztopatu ere egin izan dituzte, baita artelanei pintura bota ere.
Poliziaren ikerketaren arabera, hirurehun kide inguruko sarea osatzen du Futuro Vegetalek, eta talde kriminala izatea egozten diete ikertzaileek. Horrez gain, «ondarearen aurkako erasoetan» 500.000 euroren kalteak eragin dituztela ere adierazi dute ikerketaren iturriek.
Epaileen esku daude jada gaur atxilotuak, eta zehazki hauek dira egozten dizkieten delituak: talde kriminal baten parte izatea, kalteak egitea, ondare historikoa hondatzea, aire trafikoaren eta errepideen segurtasunaren aurkako kalteak egitea, desordena publikoak eragitea, eta aginpidearen aurkako atentatua egitea.
Ikerketaren nondik norakoak
Ikerketaren iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenaren arabera, taldearen buru diren bi pertsona atxilotu zituzten abenduaren 1ean, Frantzian —31 urteko gizon batek eta 26 urteko emakume batek osatutako bikote bat, ustez—, eta atxiloketa horretan eskuratutako informazioarekin lortu dute informazio gehiago; sakelako telefonoetatik lortu dute informazio gehien.
Ikertzaileen arabera, Extinction Rebellion nazioarteko taldearen parte da Futuro Vegetal. Hala ere, azken hilabete pasatxoan egin dituzten esku hartzeekin, desegintzat jotzen dute taldea.
«Polizia jazarpena»
Futuro Vegetalekoek ere hitz egin dute Eferekin, eta adierazi dute gaur bezalako operazioek agerian uzten dutela jasaten duten polizia jazarpena, baita haien protestak erreprimitzeko interesa ere. Bestalde, ez daude ados beren taldea kriminaltzat jo izanarekin, uste baitute taldeko aktibistek ez dutela inongo onura ekonomikorik lortzen, «guztiz kontrakoa» baizik.
Azkenik, kalkulatu dituzten kalte ekonomikoak ere gehiegizkoak direla uste dute, beren ekintzetan neurriak hartu baitituzte kalteak txikiak izateko, erremolatxa zukua erabiltzea, esaterako.