Iaz hamar urte bete ziren Harrera elkartea sortu zenetik, eta, atzo, Sebas Barinagarrementaria lehendakariari erreleboa hartu zion Eba Ferreira Athleticeko jokalari ohiak. Santurtziko (Bizkaia) Mamariga auzokoa dela azpimarratu zuen Ferreirak, kirol mundutik zetorrela eta, «erronkei aurre egiten ohituta» egon arren, «bertigoa» sentitu zuela jakin zuenean Harrerako lehendakari izango zela; «itzela» baita horrek ekarri dion ardura. Adierazi zuenez, «izugarria» izan da Barinagarrementariak urteotan egindako ekarpena, berak duen «ilusioaren parekoa».
Ikusi gehiago:Harrerak bere jarduera indartuko du gradu aldaketei erantzuteko
«Langile klaseko familia batekoa naiz, langile auzo batean hezia; auzo erreibindikatzailea da hori, preso eta iheslariei dagokionez aparteko tasa duena; elkartasuna beti egon da presente Mamarigan», esan zien Bergarako Seminarixo aretoan elkartutako Harrerako bazkideei. Santurtzin gazterik izandako bizipen horrek eragin zion Ferreirari «espetxean eta erbestean urte askoan egon direnekiko kezka eta sentsibilizazioa».
Harrerak presoei etxera itzultzean ematen dien laguntza «elkartasun ariketa bat» dela azaldu zuen lehendakari berriak, kargua hartzeko ekitaldian. Gaineratu zuen Harreraren nortasunean «maitasuna eta enpatia» daudela «ezer gabe itzultzen direnekin». Ferreirak zehaztu zuenez, laguntza elkartea aurrerantzean ere saiatuko da presoek «beren lekua» aurkitu dezaten, «arta integral baten bidez» lagundu ere.
Gainera, Harrerako bazkide kopurua handitu behar dela jakinarazi zien batzarrera joandakoei. Dagoeneko osaturik duten «elkartasun kateari katebegi gehiago» gehitzeko eskatu zuen: «Ez dugu inor atzean utziko, hitzematen dizuet».
Futbolari ohi bat lemazain, «erronkei aurre egiten ohituta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu