Futbol entrenatzaile bat kanporatu dute Hendaian, haur bati sexu abusuak egiteagatik

Les Eglantins futbol taldeak mezu bat bidali die bazkideei, Antxeta irratiaren arabera.

Les Eglantins
Les Eglantins taldearen egoitza, artxiboko irudi batean. BERRIA
2024ko urtarrilaren 8a
18:30
Entzun

Hendaiako (Lapurdi) Les Eglantins futbol taldeak entrenatzaile bat kanporatu zuen asteburuan, epaitegi batek zigorra ezarri baitio Vendee departamenduan (Frantzia) haur bati sexu abusuak egiteagatik. Hala jakinarazi du Antxeta irratiak. Entrenatzaileak zehaztu du harremana zuela adin txikiko haurrekin, eta klubak mezu bat bidali diela bazkideei, kanporatzearen berri emateko. Klubaren esanetan, berriki jakin dute soldatapeko hezitzaile bat zigortu egin dutela, eta «haren ekintzak ez dira bateragarriak klubean dituen funtzioekin jarraitzearekin».

Agintariekin eta elkarte batekin harremanetan jarri direla diote, «klubeko erabiltzaile guztiak babesteko». Asteazkeneko eta ostiraleko entrenamenduen aurretik bilerak egingo dituzte bi taldeetako adingabeekin, «egoera azaltzeko eta entrenatzaile berria aurkezteko». Klubak bazkideei jakinarazi die elkarte bat dutela eskura, «nahi duzuenarekin hitz egiteko egoerari buruz».

Entrenatzailea Vendee departamenduan ari zen lanean 2022ko urtarrilean, futbol talde bat entrenatzen. Hilean behin, taldeko 11 urteko haur batek bere etxean lo egiten zuen. Bere ohean. Gau batean, eskuak barruko arropan sartu zizkion, eta zakila ukitu zion hainbat minutuz, Le Journal du Pais Yonnais egunkariak jaso zuenez. Haurrak handik hiru hilabetera kontatu zion erasoa amari, eta amak salaketa jarri zuen. 

Zigorraren zain, lanean

La Roche Sur Yoneko auzitegiak zortzi hilabeteko kartzela zigorra, adin txikikoekin lan egiteko debekua eta 3.800 euroko isuna ezarri zizkion abenduan. Hala ere, haurraren amak salaketa jarri eta auzitegiaren zigorra iritsi bitartean, Hendaiara joan zen bizitzera, eta Hendaiako Herriko Etxeak kontratatu zuen, Antxeta irratiak zehaztu duenez. 2022ko urritik aritu da lanean Hendaian, bai futbol klubarentzat, baita herriko etxearentzat ere, Aisialdi Gunean.

Epaiketan, ikusita erasoaren ondoren haurrekin lanean jarraitu zuela, fiskalak galdetu zion ea ez ote zen ideia ona haurrekin lan egiteari uztea. «Banekien epaiketa honen ondoren debekatu egingo zidatela nire lanbidean aritzea», erantzun zuen zigortutako entrenatzaileak. «Beraz, maite nuena egiten jarraitu nuen zigor honen zain nengoen bitartean».

Kotte Ezenarro auzapezak Aisialdi Guneko gurasoei gutun bat bidali die, esanez entrenatzaile zigortuak ez duela haurrekin lanik egin urtarrilaren 4tik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.