Gaur hasi eta datorren urteko otsailaren 8an bukatu. Hori da EH Bilduren Mahai Politikoak militantziari egin dion egutegi proposamena koalizioaren hirugarren kongresu prozesua aurrera eramateko. Koalizioan bare daude gauzak, eta ez dute aldaketa handirik espero, ez behintzat lidergoan eta hark azken urteetan jorratutako estrategia politikoan. Horiek hala, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak prozesuari «lasaitasunez» heltzeko asmoa azaldu zuen gaurko Konferentzia Politikoaren nondik norakoak aurkeztean: «EH Bilduren historia politikoa arrakasta baten historia da. Horrek lasaitasuna eta sosegua ematen dizkigu etorkizunera begiratzeko».
Lasaitasun mezu horrek oinarrian ditu EH Bilduk azken hauteskunde zikloan eskuratutako emaitzak. Silvan&Miracle aholkularitzako fundatzaile Eva Silvanen esanetan, gorakada «esponentziala» izan da, eta hori hautesleek koalizioaren estrategia eta proiektu politikoa balioztatzearen ondorio da: «Egia da ez dela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garaipenarekin gauzatu, baina [EAEn] europarlamenturako hauteskundeetan irabazi zuen, Gasteizko Udalerako hauteskundeetan... Datuak hor daude». Beraz, gehitu du ezin dela ukatu garai onean iritsiko dela koalizioa bere kongresura.
Ion Ansa analista politikoa ere iritzi berekoa da, eta berretsi du Otegik badituela halako mezuak zabaltzeko arrazoiak: «Otegiren lidergoak denboraren kudeaketa egoki bat erakutsi du, eta hori izaten da politikako elementu zailenetako bat». Ansaren esanetan, EH Bilduk asmatu du «denbora bere alde» jartzen, eta horrek erraztu egiten du «lasaitasuna» adierazi ahal izatea.
«Otegiren lidergoak denboraren kudeaketa egoki bat erakutsi du, eta hori izaten da politikako elementu zailenetako bat»
ION ANSAAnalista politikoa
Kudeaketa on horren erakusle, analistak bi elementu aipatu ditu. Batetik, koalizio subiranistak asmatu egin duela «euskal nazioaren kontakizun inklusibo eta ireki bat» egiten: «Kontakizun positibo bat eraikitzea hobetsi du, eta lortu du euskal herritar askorekin konektatzea». Horrekin batera, nabarmendu du «alternantziaren bataila» jokatzeko tresna gisa aurkeztu dela. Hau da, gobernatzeko prest azaldu dela. Ansaren esanetan, mezu hori helarazi dute azken urteetako zenbait erabaki esanguratsuk; hala nola 2015ean Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkate izatearen alde bozkatu izanak, Nafarroako aldaketa politikoan parte hartzeak eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidurako blokeko kide izateak. «Formula horrek funtzionatu egin du, eta erabiltzen jarraitu dute», zehaztu du Ansak.
Prozesu horretan, Silvanek aldaketak nabaritu ditu koalizioaren lehentasunetan eta tonuan ere, eta, hain zuzen, azaldu du horiek erraztu egin dutela «gobernatu dezakeen indar gisa» aurkeztea. Hala, Eusko Jaurlaritza gobernatzera iristeko bidea geratzen zaiola uste duen arren, nabarmendu du horretarako pausoak ematen ari dela: «Orain, hegemonia lortzeko EAJrekin lehiatzeko moduan daude, eta hori pentsaezina zen duela lau edo bost urte».
«Orain, hegemonia lortzeko EAJrekin lehiatzeko moduan daude, eta hori pentsaezina zen duela lau edo bost urte»
EVA SILVANSilvan&Miracle-ren fundatzailea
Izan ere, azken hamarkadan nabarmen aldatu da Euskal Herriko panorama politikoa, eta EAEn alderdi abertzaleak nagusitu dira jokaleku horretan. Hala, EAJren eta EH Bilduren arteko «lehia erreal eta legitimo bat» gertatzen ari dela zehaztu du Ansak: «Hori ez dugu ezagutu orain arte». Haren esanetan, atzera eginda, abertzaletasunaren barruan baziren sistema politikoa «ilegitimotzat» jotzen zuen ezker abertzalea eta «zentroa hartzen zuen» EAJ. «Alternatibarik gabe». Orain, baina, egoera aldatu egin dela azaldu du analistak, eta bi polo nagusi daudela: «2012tik gaur arte, jarraitutasunaren eta aldaketaren artekoa izan da gakoa, eta EH Bilduk aldaketa hori ordezkatzen du». Hain zuzen, uste du hori dela EH Bilduren indargunea, «aldaketa planteatzeko moduan» asmatu izana.
Trantsizioa
Otegik azaldu zuen koalizioak «berrikuntzei» bide emateko xedea duela konferentziaren bidez, EH Bildu «fase berri batetara» egokitzeko. Eta horrekin batera, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko eledunak eta haren belaunaldiak koalizioaren gidaritzan izango duten tokiari egin zion erreferentzia. Halere, oraingoz, Mahai Politikoko buru jarraitzeko asmoa azaldu du Otegik berak. Ez da aurre egingo dion hautagaitzarik espero, eta, ezusterik ezean, hirugarren agintaldia egingo du koalizioko buru gisa: Bilboko Euskalduna Jauregien hartu zuen kargua, 2017an, Barakaldoko BECen berretsi zuten 2021ean; otsailean Iruñean gauza bera egitea espero da.
«Otegik oraindik badauka zer emana», esan du Ansak, argudiatuz oraindik ere «funtzio inportante bat» betetzen duela koalizioan: «Politikan teknokraziatik haratago doan zerbait ordezkatzen du. Badakigu zein den haren kontakizun pertsonala, eta horrek badauka autentikotasun puntu bat». Eta Silvanek ere ezker abertzalean eta, oro har, independentismoan duen «erreferentzialtasun handi» horri erreparatu dio.
Hala, bai Ansak bai Silvanek uste dute «belaunaldi arteko trantsizio bat» gertatzen ari dela, eta ez berehalako errelebo bat. Hala, Silvanek azaldu du «Euskadiren historia hurbilaren garai politiko ezberdinen» ordezkariak daudela jada ardura postuetan. Eta bide horretan Otxandianoren rola nabarmendu dute hark eta Ansak. Izan ere, azken horren esanetan, Otxandiano ondo identifikatzen da EH Bilduren egungo ildo politikoarekin: «Aurrera begirako apustu bat da».
Silvanek Otegi eta Otxandiano ikusten ditu EH Bilduren lider nagusi gisa, baina gehitu du ahots aniztasunaren aldeko apustua ere egin duela koalizioak, joera nagusia aurkakoa den garai batean: «Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Nerea Kortajarena, Oihana Etxebarrieta, Rocio Vitero... Lortu dute talde politiko baten irudia azaleratzea, eta ez lidergo pertsonalista batena». Gainera, profil aniztasun hori bakoitzari dagokion testuinguru politiko eta sozialera egokitzen asmatu dutela gehitu du: «Rocio Viteroren profila ziurrenik ez litzateke erabilgarria Donostian, baina bai Gasteizen. Edo Oskar Matute: hura oso ongi egokitzen da Diputatuen Kongresuko dinamikara». Halere, uste du lanean jarraitu behar duela EH Bilduk, belaunaldi erreleboa «gizarte plural baten isla» izan dadin: «Alderdiek zailtasunak dituzte emakumeen lidergo politikoen alde egiteko».
Estatus berria
Hortik haratago, ez dute ezustekorik espero gaurko Konferentzia Politikoan. Ansak uste du bide orria jada ezarrita dagoela, eta ez dela aldaketa esanguratsurik planteatuko: «Ez du zentzurik oinarri estrategikoetan ezer aldatzeak. Horietan sakontzea da espero dezakeguna». Eta EH Bilduko iturriek ere azaldu dute egoera politikoaren azterketak eta urte politikorako lan ildoek orain arte zabaldutako mezuen bideari jarraituko diotela. Besteak beste, Otegiren azken adierazpenetan presente izan dira «fronte zabalen estrategian» indar egitea, «Euskal Herriaren aitortza, burujabetza eta lurralde batasunean» sakontzea, eta eskuin muturrari aurre egitea.
Bide horretan, EH Bilduk aurrez aurre dituen erronketako bat zera izango da, EAErako estatus politiko berri baterako elkarrizketak. Iazko Konferentzia Politikoan jada adierazi zuen gai horretan «adostasun zabala» erdiesteko asmoa, eta ideia hori errepikatuz joan da azken hilabeteetan ere; besteak beste, Otegik aurreko astean EH Baiko Mathilde Haryrekin batera egindako agerraldian. Izan ere, iritsi da aferari heltzeko unea.
«Mertxe Aizpurua, Oskar Matute, Nerea Kortajarena... Lortu du talde politiko baten irudia azaleratzea, eta ez lidergo pertsonalista batena»
EVA SILVANSilvan&Miracle-ko fundatzailea
Silvanek uste du «legealdiko gaia» izango dela, eta «zentzu osoz» izan ere, besteak beste alderdi abertzaleek inoizko ordezkaritzarik handiena dutelako Eusko Legebiltzarrean. Halere, bi gako nabarmendu ditu. Batetik, «gizartean sentimendu independentista txikiagoa» dela; bestetik, Alderdi Sozialista eztabaidaren norabidean «erabakigarria» izango dela. Hala, adierazi du ikusi beharko dela nola heltzen dion EH Bilduk auziari.
Azken elementu horri erreparatuz, Ansak adierazi du eztabaidak «zalantzak» sortu ditzakeela EH Bildun. Madrilgo egoera kontuan izanik, alderdiek «erlojupean» aritu beharrak PSOE indartzen duela uste du, eta horrek EH Bildu erabakiak hartzera behartzen duela, besteak beste: «Saiatuko da EAJrekin batera eskakizun handiagoak egiten, batez ere aitortza nazionalari dagokionez, baina momenturen batean erabaki batzuk hartu beharko ditu, eta inork ez du nahi blokeoaren aktore gisa agertu». Hala, azaldu du EH Bilduk akordioaren barruan egoteko asmoa duela, baina ikusi beharko dela zer jarrera izan dezakeen EAJk eta PSE-EEk adostutako «erreforma mugatu» baten inguruan.
Konexioa
Bestelako elementu batzuei ere erreparatu beharko die EH Bilduk aurrera begira. Batetik, Silvanek azaldu du kontuan hartu beharrekoa dela koalizioa oposizioko indarra dela Eusko Legebiltzarrean, eta agenda ezartzeko aukera gobernatzen duenak izan ohi duela. Eta gehitu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ulertu duela hori. Hala, hark agendaren lehentasunetan zein gobernatzeko moduan sustatu dituen aldaketetan, Silvanek ikusi du EH Bilduri tokia kentzeko asmo bat ere: «Iniziatiba hartuz, herri itunak proposatuz, itun etikoa... Horren aurrean EH Bilduk nola erantzuten duen ikusi beharko da. Orain arte oposizio eraikitzaileago bat egin du, akordioen bila, eta funtzionatu izan dio».
«Gero eta sektore zabalagoek ikusten dute ondo EH Bildu, baina, aldi berean, boto emailearekin izan dezakeen harreman emozionala txikiagoa da»ION ANSAAnalista politikoa
Horrekin batera, Silvanek gehitu du ildo politiko eta ideologikoa ezartzean garaia interpretatzen ere asmatu beharko duela koalizioak: «Euskal gizartea asko aldatu da: pluralagoa da, zaharragoa, kosmopolitagoa, euskaldunagoa, baina ez hain abertzalea... Dinamika horiek ulertu behar dira». Eta hori guztia azken hauteskunde zikloko «sorpresa efektua» albo batera utzita: «Hazkunde betean den alderdi batek duen erakargarritasuna errepikatzea zaila da».
Ansak, berriz, hautesleekiko «harreman emozionala» galtzeko arriskua ikusten du mehatxu nagusietako baten moduan, uste baitu «prozesu paradoxiko» bat bizi duela EH Bilduk: «Gero eta sektore zabalagoek ikusten dute ondo EH Bildu, baina, aldi berean, boto emailearekin izan dezakeen harreman emozionala txikiagoa da». Analistaren arabera, konexio horien beherakada orokorra da politikan, «demokrazia liberalen krisiaren» ondorioz, baina EH Bilduk propio jorratu beharreko erronketako bat ere bada.