Etxealditik Euskaraldira (VIII). Euskal hedabideak. Libe Mimenza. Hedabideen Behategiko koordinatzailea

«Funtzio sozial bat duten hedabideek iraungo dute»

«Mundu mailako joerekin» bat eginez, euskarazko hedabide digitalen audientzia nabarmen hazi da COVID-19ak eragindako krisian. «Gure estrategia digitala» pentsatzera deitu du ikerlariak.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Euskarazko hedabide digitalen audientzia COVID-19 garaian txostena argitaratu du Libe Mimenza (Elorrio, Bizkaia, 1988) Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaileak. Gaitzak eragindako krisialdia gorabehera, iruditzen zaio ez dela ahaztu behar «inertziak, egiteko modu zaharrak» desagertzen ez badira «komunikazio enpresak eta proiektuak desagertzen joango direla». Ikerlaria da EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta NOR ikerketa taldeko kide da.

COVID-19ak eragindako krisia dela eta, euskarazko hedabideen audientzia digitala %40 handitu da hilabete bakarrean, eta datu historikoak lortu dituzte. Zer ondorio atera daiteke?

Bat dator mundu mailako joerekin. Koronabirusak informazio egarri bat eragin du; jendeak komunikabideetara jo du, eta, beraz, komunikabideen kontsumoa asko hazi da. Hori esanik, egia da euskarazkoek inoizko audientziarik handiena eduki dutela, eta, zenbakiak ikusita, eramaten gaituzte pentsatzera apurtu direla ustez irudikatzen genituen sabai batzuk. Bisitak pilatu dira inguruan dauden beste komunikabideen eskaintza ere oso handia denean. Kuantitatiboki eta kualitatiboki da positiboa hazkunde hori.

Abagune bati erantzuten dio, bai, baina krisiaren aurretik ere etengabeko hazkundean zeuden euskarazko hedabide digitalak. Nola eutsi ahal zaio joera horri behin pandemiak eragindako albiste gosea igarota?

Goia jo da, eta, are, eskuratu dugu publiko bat orain arte, igual, ez zuena hainbesteko ohiturarik informazioa edo euskarazko informazioa kontsumitzeko. Beraz, bada erronka bat lortutako horri eustea, eta, ahal dela, erabiltzaileak fidel bihurtzea. Fidelizazioaren bide horretan, ordea, ez dago errezeta magikorik.

Ziurgabetasun ikaragarri hau pasatzen denean, pasatzen bada, uste dut honek erakutsi duela beharrezkoa dela informazio fidagarria, kalitatezkoa, gertukoa... Komunikabideek, finean, funtzio sozial bat betetzea, eta funtzio sozial bat betetzen duten hedabide horiek izango dira, joerak eta datuak ikusita, iraungo dutenak.

Eta uste dut, gainera, gakoetako bat izango dela elkarlana. Kazetaritzaren etorkizunean, elkarlana garrantzitsua izango da, batez ere gurearen moduko ekosistema txiki edo gutxitu batean. Ez dut pentsatzen elkarlana denik soilik zenbait komunikazio enpresaren arteko informazio truke bat. Baita, nolabait, hainbat erredakziok elkarrekin lan egitea ere, gai baten bueltako planteamendu kolektiboak egitea eta bide horiek lantzea. Uste dut, luze gabeko helburuetan baino gehiago, helburu iraunkorrago batean pentsatu behar dela. Hau da: nola egingo dugu euskal hedabideen sistema sendo bat izateko.

Albiste faltsu gutxiago hedatzen denez euskaraz, euskarazko kazetaritza kalitate zigilu izan daitekeela planteatzen duzu, hipotesi gisa.

Bai, hipotesi bat da. Azkenean, euskarazko kazetaritzarena ekosistema txikiagoa da, eta, nolabait, badauka erronka hori: egiten dugunak izan behar du kalitatezkoa eta sinesgarria erabat. Inguruan badugu ekosistema nahiko oldarkor bat, egiten dugun horrek ez edukitzeko kalitatearen zigilu hori. Guk ezin dugu nahita ere halako luxurik hartu. Eta, alde horretatik, kazetari talde profesional bat badago, geure buruari exijitzen diogun hobeak izan behar horretan dabilena. Agian, autoexijenteagoak gara.

Etxealditik Euskaraldira dinamika egiten ari da. Audientzia gorakada horrek eragin diezaioke etxean egin beharreko ariketa horri?

Bai, onerako eragin ahal diezaioke, batez ere euskarazko hedabideek garrantzi handia dutelako hizkuntza ohiturak aldatzeko edo txertatzeko. Paralelismo bat eginda, distantzia sozialarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da hedabideekin. Hau da, distantzia soziala gainditzeko dauzkagu teknologiak, eta, horiek baliatuta, birtualki konektatzen gara. Uste dut euskararen erabileran murgiltzeko ere hedabideek funtzio bera betetzen dutela: hedabideek konektatzen gaituzte erabilera horrekin. Parean dauzkagun euskarazko hedabide horietan nabigatuta, nolabait, aktibatzu egiten da euskarazko itsaso hori. Aurreko Euskaraldiak erakutsi zigun 220.000 lagun aktibo badaudela prest euskarazko edukiak jasotzeko. Aktibatu den audientzia horrek eta euskarazko hedabideek egiten duten lanak balio dute pentsaera bat sustraitzeko ere. Euskarazko hedabideek soilik argitaratzen dute, egunero, euskaraz pentsatua den errealitate bat; euskaratik eta euskaraz sortua den mapa bat. Eta mapa hori ez da solik geografikoa. Jasotzen ditu beste hainbat ardatz, sortu nahi dugun mundu berriarenak. Mundu berri horren hizkuntzak ere mundu ikuskera propio bat markatzen du. Hori ere giltzarrietako bat izango da.

Zure ustez, etorkizunera begira, ezinbestekoa da eraldaketa digitala; ez da aukera bat. Euskal hedabideak nola daude posizionatuta horri begira?

Lehenik eta behin, diagnostiko zabal bat beharko genuke, eta, gero, posizio horretatik urratsak egitea. Batzuek behar dituzte bitartekoen digitalizaziorako urratsak; beste batzuek, ezagutzaren arloan; eta beste batzuek behar dute apur bat dena. Uste dut, bai, behar dela sektorearen estrategia komun bat. Hor badugu gabezia bat, orain arte, agian, inertzia apur batekin jokatu delako. Euskal Herri honetan ere pentsatu beharko genuke zein den gure estrategia digitala. Esango nuke puntu horretara ere ez garela iritsi.

Krisialdi ekonomiko bat iragarrita dago. Hori euskarazko hedabideen kalterako izan daiteke, diru laguntza publikoak oinarrizkoak baitira horientzat.

Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideekin hitzarmen bat egin zuen iaz, nolabait aitortza historiko bat ekarri duena sektorera. Bestetik, diru poltsa bat zabaldu zen, sektorea oso prekarizatua zegoelako. Orain bolo-bolo dabil krisi ekonomiko bat badatorrela, eta etorriko da. Hori arriskutsua izan daiteke euskarazko komunikabideentzat eta, oro har, euskalgintzarentzat. Euskalgintzak ikaragarrizko kolpea jaso zuen 2008an, eta, oraindik ere, iaz sinatutakoa gorabehera, errekuperatu gabe zeuden datuak. Apur bat arnasa hartzen ari ginen puntu batean dator egoera hau. Beraz, uste dut politikoki gauza batzuk blindatu beharko liratekeela.

Bihar: Josu Waliño Puntueus fundazioko burua, Interneti buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.