Urruñatik (Lapurdi) Hernanirako (Gipuzkoa) bidea egin dute hainbat plataformatako kideek joan den ostiraletik igandera bitartean. Azpiegitura ugariren eta, bereziki, AHT abiadura handiko trenaren inguruko gogoeta kritiko bat egiteko elkartu ziren. Julia Casanellasek (Bartzelona, 1985) interpretazio baikorra egin du asteburuaz, eta hemendik aurrera egin beharrekoak ere argi ditu: haren ustez, funtsezkoa da elkarlanean aritzea beste protesta batzuetan diharduten taldeekin.
Zer moduz joan da mendi martxa?
Oso ondo. Oso giro ona izan dugu, eta eguraldia ere egokia izan da. Jende ugari bildu gara, leku askotakoa, eta beste borroka batzuetan dagoena.
Zein ondorio atera dituzue AHTaren gainean?
Beste azpiegitura batzuen aurkako mugimenduekin indarrak batzea funtsezkoa dela ikusi dugu aurten, nahiz eta lehen ere bagenuen harreman hori. Zelako egoeran gauden kontatu genuen, besteak beste. Izan ere, orain isun asko jasotzen ari gara duela urtebete edo bi urte egindako ekintza mordoagatik. Gipuzkoan azkar ari dira lanak aurreratzen, eta horiek ikusteko aukera izan genuen. Urruñatik irten ginen, eta aukera izan genuen bertan abiadura handiko trenak kalte egindako jendearekin hitz egiteko. Gainera, Lapurditik Gipuzkoarako muga igaro genuenean, ongi etorria egin genien tartalariei: bertan egin zuten bat martxarekin, ezin baitute muga zeharkatu. Egin nahi dituzten hainbat azpiegituraren eremuak ikusi genituen bidean, eta azaldu genuen eredu ekonomiko beraren ondorio direla guztiak.
Beste proiektu batzuk atzeratu dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek, eta murrizketak egiten ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere. AHTa egiteko lanek, ordea, ez dute etenik. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Krisian gaude, baina, gure ustez, aspalditik gaude krisian. Ekonomikoaz gain, krisi ekologikoeta soziala ere badugu. Eusko Jaurlaritzak nahitaez aurrera egin nahi du proiektuarekin, uste baitu atzera egitea porrot bat litzatekela. Murrizketak egin behar badira, egin ditzagun behar ez diren gauzetan; esaten dute ez dagoela dirurik, baina badirudi gauza batzuetarako badagoela.
Zuk esan bezala, trena egiteko lanak azkar egiten ari dira. Etsipenik eragin al dizue horrek?
Orain itota sentitzen gara AHTa egiteko lanengatik. Jada ez dugu horrenbeste pertsona mobilizatzen, eta gainera lanak gero eta aurreratuagoak daude. Hala ere, aurrera jarraitu beharra ikusten dugu, gainera ikusten dugulako kalean gero eta jende gehiago dagoela haserre diru publikoarekin egiten den erabilerarekin. Egoera ekonomikoa eta politikarien jokabidea kontuan hartuta, gure alde dugu dena. Kontua da guztia aprobetxatzea.
Hortaz, nola uste duzu egin behar zaiola aurre orain AHTari?
Indarrak batuta. Horregatik uste dugu dela hain garrantzitsua beste borroka batzuetako taldeekin harremanetan egotea eta AHTaren aurka herrietan dauden plataformak batuta egotea.
Julia Casanellas. AHTaren Aurkako Asanbladako kidea
«Funtsezkoa da indarrak batzea beste azpiegitura batzuen aurkako taldeekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu