Datuak argigarriak dira. 2008ko krisi ekonomikotik industria sektoreak 60.000 lanpostu galdu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta BPG barne produktu gordinaren %22,2 ordezkatzen du, mende hasieran baino bost puntu gutxiago. Urtetik urtera murrizten ari da industriak hiru lurraldeetan aberastasuna sortzeko duen gaitasuna. Eta sektorea berpizteko balio teknologiko handiko jarduerak funtsezkoak diren arren, horiek ere oso motel ari dira hazten. BPG industrialaren %5 baino ez dute ordezkatzen gaur egun, 2008an baino bi puntu gehiago soilik.
Horiek datu hotzak dira. Eta ondorioak? Enpresa txiki eta ertain ugari itxi dira azken hamarkadan, deslokalizazioak gero eta ohikoak bilakatu dira, eta bertako enpresa asko, errelebo faltagatik edo kapital beharrarengatik, kanpoko talde edo funtsen esku geratzen ari dira. Azken finean, deserrotzea gero eta errotuago dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industrian. Adibideak, hainbat, eta ez nolanahikoak: Gamesa, Euskaltel, ITP, Ibermatica. «Ezinbestekoa da enpresen jabetzari buruzko babes politika bat edukitzea, epe luzekoa. Halakorik ez dagoenean, logikoena da atzerriko kapitalaren esku geratzea», azaldu du Joaquin Arriola EHUko irakasleak.
Enpresen deserrotzeari buruzko kezka ez da berria, eta alderdien hauteskunde programetan puntu garrantzitsuenetako bat da. EAJko Imanol Pradalesek 60 proposamen aurkeztu ditu industria politikarekin loturik; EH Bilduko Pello Otxandianok, 27 orriko txosten bat. Pradalesen proposamenak nagusiki Eusko Jaurlaritzak orain arte martxan jarri dituen plan, laguntza programa eta abarren jarraipena dira, diru gehiago txertatzeko konpromisoarekin. Otxandianoren txostenaren orri gehienak, berriz, orain arteko politika industrialaren errepaso bereziki kritikoa egiteko dira.
EAJ eta EH Bildu ados
Proposamen eta orri kopuruak gorabehera, bietan ideia bat nabarmentzen da: enpresen errotzea bermatzea. Horretan bat datoz bi hautagaiak, baita konponbidean ere, proposamen nagusian behintzat: funts «subirano» baten beharra aipatzen dute. Bi helbururekin: sektore «estrategikoetakoetako» enpresetako kapitalean sartzea, besteak beste errotzeko, hazten laguntzeko eta kanpoko funtsen indarrari aurre egiteko. Batentzat eta bestearentzat estrategikoa zer den, hortxe dago aldea, eta programetan azaletik edo oso modu orokorrean lantzen dute hori.
Eta funts hori nola finantzatuko litzateke? Horretan ere bat datoz Pradales eta Otxandiano: diru publikoarekin eta BGAE gizarte aurreikuspeneko finantza erakundeen diruaren parte batekin —horretarako BGAEen araudia aldatu beharko litzateke—. Eta funts horrek zenbateko kapitala izan beharko lukeen ere aipatu dute: Pradalesentzat, 1.000 milioi euro, eta Otxandianorentzat, 1.300 milioi. Alegia, 2021. urtean Jaurlaritzak sortutako Finkatuz funts publikoak egun dituen 300 milioiak baino dezente gehiago.
«Euskadiko industriak betikoa egiten jarraitzen du. Ez da aldaketa sektorialik egin: arrautza guztiak otarre berean jarri dira».
JOAQUIN ARRIOLA EHUko irakaslea
Hori da bi alderdien —eta neurri batean PSE-EEren— proposamen nagusia industria politikaren alorrean. Badituzte beste batzuk, enpresen digitalizaziorako eta deskarbonizaziorako, internazionalizaziorako, sinergiak bultzatu eta enpresak saretzeko... Oro har, EAJk orain arte egindakoa «indartzea» proposatu du, EH Bilduk hainbat neurri «berrikusi» nahi ditu. Hortik aurrera, zehaztasun gutxi.
Akaso, deigarrienak «enpresa ereduari» buruzko proposamenak dira. «Gobernantza ireki eta gardeneko enpresak» sustatu nahi ditu EH Bilduk, besteak beste langileak enpresetako erabakiguneetan txertatzeko. Eta «pertsonekin konprometitutako enpresa eredua» bultzatu nahi du EAJk. Baina horri buruz ere bien aldetik zehaztasun gutxi Jaurlaritzak egin dezakeenari buruz.
Zalantzak eta gabeziak
Funts subiranoarena da, beraz, alderdien proposamen nagusia, baina ez da berria. Finkatuz-ek hiru urte egin ditu Jaurlaritzak martxan jarri zuenetik, eta, denbora horretan, hiru enpresetako kapitalean sartu da: CAF, Kaiku eta ITP. EHUko industria politikako irakasle Joaquin Arriolak ez du erabat argi tresna horren eraginkortasuna. «Funts subiranoak likidezia handia duten herrialdeek dituzte, bereziki esportazio produktu edo lehengai bat duten herrialdeek. Superabit komertziala dutenek ere eduki dezakete: Alemaniak, adibidez. Baina Euskadik, nekez. Lortuta ere, oso txikia izango da, eta ehun ekonomikoan izango duen inpaktua ere oso mugatua izango da».
BGAEak funts horretara sartzea ere ez du oso argi ikusten. «Industria sektorea eta bereziki sektore berriak finantzatzea arrisku handiko jarduera bat da. Inbertsio batzuek funtzionatuko dute, eta beste batzuek ez. Gainera, besteen diruarekin, langileenarekin horrela jokatzeari buruz ere asko hitz daiteke».
Arriolaren iritzian, funts subiranoaren ideia «egiturazko arazo» bati erantzun bat emateko beharretik dator. Bruselak estatu laguntzei jartzen dizkien mugei izkin egiteko modu bat da. Baina, haren iritzian, EAEko industria politikak baditu beste gabezia eta lehentasun batzuk. «Hemen, industria politikaren aldaketa erradikala eta sakona behar da», azpimarratu du.
Haren ustez, alderdien proposamenen artean ez dago alde handirik. Oro har, «betikoa» da. «Hemen, industria politika denontzako kafea da. Programak eta laguntzak, baina sektore guztientzat. Ikuskera hori okerra da. Orain, sektore batzuk lehenetsi beharko lirateke, berriak bultzatu. Euskadiko industriak betikoa egiten jarraitzen du: trenak, automoziorako osagaiak... Ez da aldaketa sektorialik egin: arrautza guztiak otarre berean jarri dira, eta horren ondorioak pairatzen ari gara».
Analisi horretatik gertuago dago EH Bilduren proposamena EAJrena baino. Dena den, Arriolak «tabu» izateari uzten ari dion ideia bat nabarmendu du bietatik: esku hartze publikoarena. «Asiako industria politika berriek erakusten digute gaitasun produktiboa hobetu nahi izanez gero merkatuaren irizpideetatik kanpo egin behar dela. Bestela esanda, laguntza publikoarekin. Europan hasi dira hori ulertzen, baita hemen ere. Baina horrek, lehenik eta behin, lehentasunak zehaztea eskatzen du, eta hori sumatzen dut faltan».