Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) onartu egin du Espainiako Gobernuak proposaturiko Memoria Demokratikoaren Legeari buruzko txostena, eta, aurreproiektuari oro har babesa eman badio ere, legearen puntu nagusietako batzuk zalantzan jarri ditu. Hala, besteak beste, frankismoaren apologia egiten duten ekitaldiak eta fundazioak debekatzearen aurka agertu da, uste duelako adierazpen askatasunaren barnean sartzen direla, «konstituzioak aldarrikatzen dituen balioen kontrakoak izan arren».
Gobernuak proposaturiko legeak «interes orokorreko helbururik ez duten edo haren kontrako jarduerak egiten dituzten» fundazioak debekatzea ekarriko luke, eta gobernua irizpide horretan oinarrituko litzateke Francisco Franco fundazioa eta frankismoaren apologia egiten duten gainerako egitasmoak ilegalizatzeko. CGPJk, ordea, adierazi du irizpide horrek «zehaztasun falta» duela, salatzaileei eta epaileei «baloratze tarte oso zabala» utziko liekeela azpimarratuta.
Joan den astean, Botere Judizialeko bi kidek Memoriaren Legeari buruzko txosten juridikoaren zirriborroa aurkeztu zuten, eta hura izan zuten eztabaidagai atzoko batzordean. Txostenak aholku izaera dauka, eta ez da loteslea izango gobernuarentzat, baina haren edukiek zeresana eman dute testuaren zirriborroa azaleratu zenetik. Bi ordu eta erdi ko batzarraren ostean, CGPJren batzordeak txostena onartzea erabaki zuen, aldeko hamabost bozekin eta aurkako seirekin.
Frankismoaren aldeko egitasmoak debekatzearen aurka agertzeaz gain, Botere Judizialaren txostenak zalantzan jarri du, era berean, Memoriaren Legeak «gerra zibilaren eta diktaduraren biktimei» eman nahi dien babesa, eta frankismoaren garaiko hainbat biktimaren duintasuna «modu asimetrikoan» zaintzeko arriskua dakarrela argudiatu du.
Memoriaren lege berria
Memoria Demokratikoaren Lege berriarekin, Pedro Sanchezen gobernuak Zapateroren 2007ko Memoriaren Legea eguneratuko luke. 66 artikuluz osaturiko lege aurreproiektuak 1936ko estatu kolpetik hasi eta 1978ra bitarteko epea hartzen du, eta, Botere Judizialak eztabaidatu dituen puntuez gain, gerran eta diktaduran arrazoi politiko eta ideologikoengatik ezarritako kondenak baliogabetuko lituzke, besteak beste.
Fundazio frankistak debekatzearen aurka agertu da Botere Judiziala
Frankismoaren apologia adierazpen askatasunaren barnean sartzen da, Memoriaren Legeari buruz CGPJk onartutako testuaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu