Otsailean amaituko du agintaldia Iñaki Alegriak (Donostia, 1957). UEU Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari izan da 2014tik. Informatikaria da, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Hain justu, teknologia berriekin lotutako proiektu anbiziotsu bat izan du ardatz: euskarazko on line unibertsitate bat sortzea. Helburua bete gabe utziko du kargua. Samina nabari zaio hitzetan.
Etxeko lanak eginda zoaz?
Egunerokoari eta gure esku zeuden helburuei dagokienez, urte oparoak izan dira. Baina lerro estrategiko bat genuen, on line unibertsitate bat sortzea beste unibertsitateekin lankidetzan; proiektu horretarako izendatu ninduten zuzendari. Frustrazioz noa. Konbentzitua nengoen aurrera aterako zela, heldutasuna bazeukala, lau urteotan lortuko zela. Nire harridurarako, gaia blokeatuta dago.
Zer gertatu da?
Batzuek uste dute ez dagoela heldutasun hori; gobernuan eta inguruan daudenek ez dute argi. Lankidetzan nahi ditugun unibertsitateek joera defentsiboa dute, lehia gisa ulertzen dute. Ezetz uste dugu guk: beste publiko batentzat da on line unibertsitatea; lehia UNEDentzat [Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatea] izan daiteke, ez besteentzat.
EHUri buruz ari zara?
Bai, baina ez bakarrik. Uste dute beste jokalari bat izango dela, eta, murrizketa garai honetan, beste bat egongo dela banatzeko. Jaurlaritzarena da hezkuntza eskumena: lidergo falta nabarmena da.
Bildu zarete Jaurlaritzarekin?
Adolfo Morais Unibertsitate sailburuordearekin egon gara. Cristina Uriarte sailburuarekin eskatu genuen bilera, baina ez dugu lortu. Ez da guk bakarrik egiteko proiektua. Ohiko unibertsitateetan erresistentziak ikusi ditugu, eta Jaurlaritzak ez du lidergorik.
Erresistentzia horiek unibertsitateetako agintaritzan daude, edo irakasleetan? Nekane Balluerka EHUko errektoreak hauteskunde kanpainan begi onez jo zuen on line bidezko ildo hori.
On line master bat aipatu zuen, eta lankidetzan ari gara: Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra. Barne erresistentziak egon dira, eta proiektua atzeratu du horrek, baina aurrera aterako da. Hori proiektu bat da. Baina graduak on line euskaraz eskaintzeko, behar dugu babes instituzionala. Sei-zortzi titulaziotarako masa kritikoa egongo litzateke, laguntza garrantzitsua balego.
Master hori irailean hasiko da?
Zail ikusten dut. Errealista izanda, hurrengorako utzi beharko da.
Aurrera egin ez izanaren oinarrian egon liteke on line hezkuntza bigarren mailakotzat jotzea?
Batxilergoa bukatu berri dutenentzat ekarpen handia da aurrez aurreko unibertsitatea; bizitzako esperientzia bat da, eta bultzatu beharko litzateke gurasoen etxetik kanpo bizitzeko aukera. Baina hori gauza bat da, eta beste bat, bizialdi osoko irakaskuntza: lanean ari den jendea, ikasketak utzi zutenak... Horretarako da on line bidezkoa. Oso inportantea da hiru arrazoigatik: euskaldunei euskaraz ikasteko aukera emateko; lankidetza bultzatzeko Nafarroaren, EAEren eta Iparraldearen artean; eta, berrikuntza aldetik, ikasketez gain beste trebezia batzuk lortzen direlako on line bidez.
UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiarekin erlazioa izan duzue.
Jarraitzen dugu harremanetan, baina Jaurlaritzatik esan ziguten saiatzeko EHUrekin zerbait diseinatzen. Hortik sortu zen Bigarren Hezkuntzako masterrarena, baina graduen gaian ez dugu lortu.
Badago aukerarik UOCen bidez euskarazko eskaintza egiteko?
Jaurlaritzaren gutxieneko babesik ez badago, UOC ez da sartuko. Planteatu genuen lehen urrats gisa UOCen zentro atxiki bat egitea, euskaraz titulazioak emateko, eta, dimentsio bat hartuz gero, hemen arautzea. Orain beste aukera bat jarri dugu mahai gainean: hemengo unibertsitateen arteko elkarte bat egitea; kudeaketa UEUk egitea, eta tituluak unibertsitateek ematea. Graduondo batzuetan egiten dira horrelakoak Espainian. Mahai gainean jarri dugu hori, baina ez dago helduta.
Orain urte batzuk Euskal Unibertsitatearen proiektua izan zen. Haren birformulazioa da on line unibertsitatea, edo esku artean jarraitzen du proiektu hark ere?
Ez du jarraitzen. Euskal unibertsitatea kontzeptuaren barruan interesgarria izan daiteke halako proiektu bat. UEUn uste dugu ez dela une egokia. Halako proiektu bat ez daukagu karpetan. UEUk 50 urte beteko ditu 2023an, eta hausnarketa estrategiko bat egin beharko da. On line arloan hutsune bat daukagu, eta aukera bat.
Bestela, zer moduz dago UEU?
Oso ondo. Proiektu horrekin batera, planean jaso genuen on line tituluak ematea, eta metodologia bat landu dugu. Gazteena da beste alor bat, eta Ikergazte antolatu dugu. Ikerlari gazteetan gero eta euskaldun gehiago daude, eta pentsatu genuen foro bat egitea. Oso harrera ona izan du. 2019an Baionan egitea da asmoa. Hirugarrenetik, alde nazionala: beherakada handia izan genuen laguntzetan, eta Iruñeko eta Baionako lanpostuak hutsik geratu ziren. Nafarroan aldatu dira gauzak, eta lankidetza oso interesgarria daukagu. Baionan, Ikergazterekin-eta, bulegoa indartu nahi dugu.
Gazteak aipatu dituzu. UEUren egituretara ari dira sartzen?
Pozik nago horrekin. Talde eragilean jende gaztea sartzen ari da, eta sailetako buruetan ere nagusiki gazteak daude. Espektatiba oso onak ditugu. Zoritxarrez, gazteek aukera gutxi dute lan duin bat lortzeko, baina gogo handia. Kontua da oso mundu lehiakorra dela, ebaluazio etengabekoa, militantziarako toki gutxi uzten duena.
Diruz ez zarete egoki egon aurreko urte batzuetan. Eta orain?
Oso ahul. Duela bi urte Jaurlaritzak diru laguntza izenduna jaitsi zigun; esan zigun egoera ekonomikoa hobetzean bueltatuko ginela lehengora, baina ez da hala gertatu azken aurrekontu proiektuan. Jarduna handitzen ari gara, dirua lortzen dugu lehiaketa publikoetatik eta matrikuletatik, baina egiturarako oso oinarri txikia daukagu; jarduna handituta, gerta daiteke kolapsora iristea.
Zuzendari berria iritsiko da aurki. Zer etxeko lan utziko diozu?
On line unibertsitatearen gaia hor egongo da. Gauza bat ikusi dugu EHUrekin, Jaurlaritzarekin eta halakoekin izaniko harremanetan: esan digute UEU pribatua dela —espero ez genuen sektore batzuetan ere bai—, eta lankidetzarako errezeloak daude. Lan egin behar dugu UEU gehiago ezagutarazteko, eta ezagutzen duten batzuengan kontzientzia lana egin behar da. Guk ez daukagu pribatutzat geure burua, ez lan egiteko moduan, ez helburuetan: ez goaz ez dirua irabaztera, ez elitismora, ez isolatzera. Lankidetza aipatzen dugu behin eta berriro. Publikoen eta pribatuen artean gu hirugarren sektorea izanik, herrigintza, hor aukera handia dago proiektu partekatuak bideratzeko.
Iñaki Alegria. UEUko zuzendaria
«Frustrazioz noa»
Otsailean amaituko du agintaldia Alegriak, eta helburu nagusia bete gabe doa: euskarazko 'on line' unibertsitatea abiaraztea. Egitasmoa prestatu zuten, baina «blokeatuta» dago. Zer gertatu den azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu