Frontex agentziak Iruñean egin duen bilera gaitzetsi dute hainbat kolektibok

Taldeek diote agentziaren sorrerak «mugen militarizazioa» ekarri duela

Hainbat eragile antiarrazistek egindako performancea, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 20a
18:55
Entzun

Goitik behera beltzez jantzitako pertsona bat, esku batean sega eta bertzean diruz betetako maletatxoa dituena. Horrela irudikatu dute heriotzaren figura hainbat kolektibo antirrazistak gaur Iruñean antolatutako performance batean. Frontex agentziak gaur Baluarten egindako bilkura gaitzesteko egin dute antzezlana: «Nekropolitika migratorioa heriotzaz jantzia, jauregi batean sartzen diruz betetako maletatxo batekin, bizitza migratzaileekin salerosian aritzen jarraitzeko».

Karabana Mugak Zabalduz, PIM, Salhaketa Nafarroa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Etorkinekin Diakite federazioa eta Nafarroako SOS Arrazakeria taldeek ohar bateratu bat zabaldu dute. Bertan adierazi dutenez, Frontex 2004an sortu zen, EB Europako Batasuneko «kanpo mugen blindajea kudeatzeko». Haien iritziz, agentzia horren sorrerak ekarri du «mugen militarizazioa eta migrazio kontrolaren negozioa munduko errentagarrienetakotzat ezartzea».

Agentziaren jarduera kritikatu dute: «Europak eta estatu kideetako Barne Ministerioek hamaika heriotza eragin dituen migrazio politika marrazten dute, nor, nola eta non existitu daitekeen edo ez erabakiz, eta Frontex da, praktikan, heriotza horiek gauzatzen dituen beso armatua. Orain baditu bere eurosoldatuak eta milioi askoko aurrekontua, 100 milioi eurotik 845,4 milioi eurora pasa zena».

Jarduera horiek kontuan hartuta irudikatu dute agentzia heriotza izanen balitz bezala: «Haren alfonbra gorria dira isilpean hil diren hamaika pertsonaren izenak. Haien heriotza Europako instituzioen bilkura geletan planifikatu zuten». Hala, agerraldiaren bidez «botereek ezarritako mugetatik harago beren bizitza proiektuak» gauzatzen dituzten pertsona haiek guztiak gogora ekarri nahi izan dituztela erran dute.

Mugimendu feminista

Baluarten egindako kritika mugimendu feministak egindako agerraldiarekin «lotu» nahi dutela adierazi dute. Izan ere, azaroaren 30eko greba orokorrerako deia Espainiako Gobernuaren atzerritarrentzako bulegoetan egin dute. Haien iritziz, «Frontexeko ordezkariek gaur hizpide izan dituzten migrazio politiken ispilua» da gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.